I. Maruri Bilbao
Bermeon, 2019ko azaroaren 10ean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin batera, udalerrian dauden bederatzi auzo alkateak hautatu zituzten. Agirre, Almika, Arane, Artika, Arronategi, Demiku, Mañu, San Andres eta San Migel auzoetan dituzte. XVIII. mendean ere baziren, nahiz eta gero desagertu egin ziren. Harresien barruko aldean zegoen Bermeo hiribilduaren eta inguruetako baserri auzoen arteko lotura lana egiten zuten.
Auzotarrek euren artean aukeratzen dituzte alkateak, aproposena iruditzen zaienaren alde bozkatuz. 2019ko bozetan, bada, San Migelen, Sabino Aberasturi hautatu zuten. “Oso garrantzitsua da gure lana. Landagunean jende nagusia bizi da. Laguntza behar dute. ‘Hau egingo balute, eta bestea egingo balute’, esaten didate”, azaldu du Aberasturik. Aitortu du bera ez zela boluntario aurkeztu. Hautatzaile izateko auzoko baserrietan erroldatuta egon behar da, eta hautatua izateko ere bai. Hau da, erroldatuek erroldatuen artean hautatu dezakete alkatea. Boluntariorik ez badago, euren artean adosten dute nor hautatuko duten.
“Urduñakoak beste auzo alkate mota bat dira. Euren auzoak herriak dira. Alkate izendapena dugu guk, baina ez dugu erabaki ahalmenik. Baserrietan dauden arazoen igorleak gara”, adierazi du. Hau da, Bermeoko Udalaren eta euren auzotarren arteko zubi lana egiten dute. Hiru hilean behin biltzen dira. “Gauza batzuk egiten dituzte, baina, zoritxarrez, arazoa da ez dagoela dirurik”. Udalari egin dion azken eskaera auzoko bideetan argia jartzeko izan da. Normalean horrelako gaiak izaten dira. “Esan nion ez dugula argirik kalean eta autobusetik etxera gazteak ilunpean joan behar direla. Gaur egun entzuten direnekin, arriskutsua da. Kablea botatzea oso garestia dela erantzun zidan”.
Karrantzako auzoetako batzuek ere mantentzen dituzte auzo alkateak. Karrantza Zabala plataforma ahalegindu zen indarra ematen 2013an alkatetzara iritsi zirenean; udal gobernuaren buru dira ordutik. Baina Roberto Martinez zinegotziak aitortu du gero eta pisu txikiagoa dutela. “Gaur egun, herritarrek ez dute erabilgarri ikusten, eta badira alkaterik ez duten auzoak”. Bermeon baino modu informalagoan egiten da hautaketa. Ez dago hauteskunderik, ezta agintaldirik ere. “Batzuek urteak egiten dituzte karguan; beste batzuek kargua hartu eta urtebetera uzten dute”.
Auzolanean
Garai batean auzo alkateak, batez ere, bideen kudeaketaz arduratzen zirela esan du “Kontzejua zegoen auzo bakoitzean, eta han biltzen ziren auzokide guztiak. “Zer egingo dugu? Errepide hau eta beste konpondu. Orain, hori udalak egiten du. Beraz, haren lana gehiago da herritarren kexak edo eskaerak udalera ekartzea”.
Gogoan du umea zela kontzejuak arduratzen zirela auzoan egin beharreko konponketez: auzo alkateak kontzejua deitzen zuen eta auzolanean egiten zuten. “Derrigorrezkoa zen, neurri batean. Auzolanera joaterik ez zutenek, dirua jartzen zuten”. Kontatu du egun ere alkateren batek berak egiten dituela lan horiek: “Sasi garbitzeko bere makinarekin, eta udalari erregaia eskatuta”.