Ibai Maruri Bilbao
Joan den astelehenean inauguratu zuten agintariek BBK Kuna, Bilbo Zaharrean: “Garapen jasangarrirako helburuen etxea”. Edo ideien laborategia. Iragarri dute bost solairuko eraikin horretatik “proiektu berritzaileak” sustatuko dituztela, mundu osoko arazo diren zenbait gaitan konponbideak eskaintzeko: klima aldaketa, iraultza teknologikoa, hirien eraldaketa eta migrazioa. “Erronka horiei heldu beharra dago gizarte gisa hazten segitzeko, inor atzean utzi barik”, ohartarazi du BBK-ko presidente Xabier Sagredok. Zehaztu du mundu osoan gisa honetako lehen zentroa dela.
BBK Kunan hainbat proiektu garatuko dituzte, unibertsitateen, administrazio publikoaren, enpresa pribatuen, ikerketa zentroen eta abarren arteko elkarlanaren bidez. NBE Nazio Batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen garapen jasangarriko helburuekin “konprometitutako” 83 erakundek bat egin dute, 2030 Agendaren esparruan. Helburua da “pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta munduko pertsona guztiek bakea eta oparotasuna izatea”.
Sagredoren arabera, “lehiakortasun jasangarria” sustatu gura da; hau da, “bidezko lehiakortasunean” oinarritutako eredu ekonomikoa, “berrikuntzaren, talentuaren eta humanismoaren aldeko apustua egingo duena eta ingurumen irizpideetan oinarrituko dena”. Inaugurazioan izan ziren Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Lehendakariak gura du BBK Kunan “proposamen berritzaileak” sortzea: “Beharrizan globalek erantzun integralak eta proposamen eraldatzaileak behar dituzte”. Eraldaketarako ezinbesteko jo ditu “aliantzak, kogobernantza eta gobernantza kolaboratiboa”.
Zentroaren gune nagusia hausnarketarako eta azterketarako gunea izango da: BBK Kuna Institutua. Daniel Innerarity da zuzendaria. Lantalde horren helburu nagusia da gizarteak izan dezakeen etorkizunari buruzko “pentsamendu estrategiko independente eta integratzailea sortzea, ahalik eta tresnarik onenak erabiliz”. Bizkaiaren garapenerako jarduera eremu eta lehentasun nagusiak identifikatu beharko ditu. Horretarako, BBK Kuna Institutuak Adituen Kontseilu bat du, BBK Fundazioarekin koordinazio estuan. Kontseilu hori iazko urrian sortu zuten.
Aburtok eskatu du BBK Kuna auzoarekin lotuta egotea. Helburu horrekin, 21 bizilagunek osatutako aholku kontseilu bat ere izango du. Hauek dira kontseilu horren funtzio bereziak: batetik, BBK Kunaren jarduna behatu eta aztertzea, zertan hobetu proposatzeko; bestetik, auzotarrek eta auzoko elkarteek egindako proposamenak aztertzea, BBK Kunan aurrera eramango direnak zein izango diren erabakitzeko; eta herritarren partaidetza sustatzea, BBK Kunaren zuzendaritzan lehentasunak proposatzeko.
Meatzarien umeentzat
BBK Kuna zentro berria Bilbo Zaharreko Urazurrutia kalean dago, itsasadarren ertzean. Sehaska Etxea izeneko eraikin zaharberritua du egoitza. 1916an eraiki zuten, Ricardo Bastida udal arkitektoak diseinatuta. Garai hartan, meatzaritzari lotutako langile mugimenduak protesta handiak egiten zituen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin, eta, aldarrikapen haiei erantzunez, Bilboko udal aurrezki kutxaren ekinbide sozialerako funtsen bidez haurtzaindegi bat eraikitzea erabaki zuten. Hau da, meatzarien seme-alabentzako gune izateko sortu zuten Sehaska Etxea. Gerora, bestelako funtzioak ere bete zituen eraikinak, 2018an itxi zuten arte.
Orduan, BBK-k proiektu parte hartzaile bat jarri zuen martxan, proposamenak biltzeko. “Auzoaren beharrizanei lotutako funtzio publiko eta soziala izan behar du”, aldarrikatu zuen Bilbo Zaharreko bizilagun talde batek. BBK Kuna sortzeko obrak hasi zirenean, herritar horiek protestei eta mobilizazioei ekin zieten, uste dutelako ez zuela funtzio hori betetzen.