Javi West Larrañaga
Enkarterriko EH Bilduk elkarretaratze bi egin zituen joan den zapatuan, eskualderako mugikortasun plan integral bat eskatzeko. Hainbat udaletan aurkeztutako mozioen eta egindako galderen harira egin zituzten elkarretaratzeak, Balmasedako tren geltokian eta Gueñesko autobus geralekuan. Mugikortasuna eraldatzea ezinbestekotzat dauka Aitor Llano Balmasedako EH Bilduko zinegotziak, eskualdea biziberritzeko: “Eskualdeko herriak haien artean eta Bilborekin lotuko dituen mugikortasun jasangarri barik, ezingo dugu zonaren garapen sozioekonomikoa hobetu”.
Urrunetik dator eskaera. Ez da planteamendu berria Llanorentzat: “Urteak daramatzagu garraiobide hobeak aldarrikatzen eskualdean, baita hamarkadak ere”. COVID-19aren pandemiarekin, txikitu egin zuten trenaren maiztasuna. Egunean hirutik batera murriztu zituzten noranzko bakoitzean. Kexa ugari eragin zituen erabakiak, eta hainbat auzotar plataforma sortu ziren egoera salatzeko. Iragan irailean lortu zuten pandemia aurreko maiztasuna berreskuratzea, baina hori ez dela nahikoa deritzo eskualdeko EH Bilduk. “Burdinbideen aldeko ohiturazko apustuaz gain, uste dugu eskualdeak barne kohesioaren beharra ere badaukala”, adierazi du Llanok. Hori Bizkaibusen bidez egin behar dela uste du talde abertzaleak, eta, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokiola. Lehendabizi, hala ere, eskualdearen mugikortasunaren diagnostikoa egin behar da, Llanoren arabera: autobus lineak eta haien ibilbideak birpentsatu, eta maiztasunak eta unitateak aztertu. “Ez dauka zentzurik Lanestosara 60 lagunentzako lekua duen autobus bat joateak, hogeiko batekin nahikoa izanik”. Pentsatzen du eskualdeko udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkarterriko Mankomunitateak elkarlanean aritu behar dutela diagnostiko hori egiteko.
Trenak eskualdearen hezurdura izaten jarraitzea nahi du EH Bilduk, baina azpiegiturak hobetu eta trenbide pasagune gehiago eraiki behar direla azaldu du Llanok. Eskualdearen mendebaldeko herriak —Galdames, Turtzioz, Karrantza eta Lanestosa— “betiko ahaztuak” dira, haren hitzetan. Eskualdeko barne kohesioa hobetzeko eta alde biak lotzeko bidea trenaren eta autobusaren arteko loturan dagoela uste du zinegotziak. Trenbide sarea eskualdea Bilborekin lotzeko, eta autobusak herriak elkarren artean konektatzeko. Funtsezkoa da Llanorentzat bi garraiobideek ordutegiak koordinatzea. Haren ustez, “ez dauka batere zentzurik” udalerri bakoitza Bilborekin konektatzeak, eta autobusak tren geltokiraino eramanda konpon daiteke arazoa.
Horretarako, baina, EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak hartu behar du trenbide sare horien eskuduntza. Eskuduntza eskualdatzeaz gain, lan egin behar dela uste du Llanok: “Kontua ez da bakarrik linea eskualdatzea, baizik eta hobekuntza nagusiak egitea”. Maiztasunak hobetzea eta unitateak berriztea dira horietako hobekuntza batzuk. Aspaldiko aldarrikapenak badira ere, hobekuntza gutxi ikusi ditu Llanok urteotan. “Esaten badute hiru urte emango dituztela obra batzuetan, hamabi edo hogei ematen dituzte benetan”, adierazi du. Beste eskualde batzuetan lanak arinago egiten direla uste du, zonaren indar ekonomikoagatik edo biztanleria dentsitateagatik. Ez da Enkarterriren kasua, Llanorentzat. “Bizkaiko eskualderik handiena daukagu, eta 30.000 lagun bakarrik gara, orografia zail batean bizi garenak”.
Eskualdea “EAJren feudo historiko” izanagatik ere, Llanok uste du inguruko herrietako alkate jeltzaleek ez dutela borondaterik izan aldarrikapen horiek foru aldundiraino eramateko, eta ez dutela agendan eduki gaia. Ez du uste Enkarterriko herri txikietako alkateek aldarrikapen ahalmen handirik daukatenik alderdian. Gainera, udalerri batzuetan plataforma independenteak boterean egoteak ere zigorra dakarrela deritzo zinegotziak.
Gauean ere, hutsuneak
Eskaera gehienak aste barruko ordutegietan pentsatuta egiten badira ere, asteburuko egoera ere nabarmentzekoa da, Llano EH Bilduko zinegotziaren arabera. Izan ere, asteburuan egoera “zaildu” egiten da, maiztasunak murriztu egiten direlako eta ez daukatelako gaueko zerbitzurik. “Kohesio handiko” lurralde bat lortzeko gutxieneko gaueko zerbitzu bat behar dutela adierazi du Llanok, pandemiatik ateratzean eta giza garraioa lehengo horretara itzultzean istripuak gehitu egingo direla aurreikusten baitu. “Ezbehar ugariko zona bat da”, azaldu du.