Arau urraketaren lengoaia

Arau urraketaren lengoaia

Amaia Igartua Aristondo

Emakumeekin eta zinemarekin erlaziorik izan dezaketen gaiak hautatu, eta horietan oinarrituta taxutzen dute, urtero, Zinemakumeak Gara jaialdiaren programazioa. 26. aldian, koronabirusak halabeharrez kutsatu du egitaraua, pandemia garaiko bi gai “maiztu” izan baitituzte jomuga aurten, Ana Gutierrez zuzendariak zehaztu duenez: “Askatasunaren ideia eta araua urratzearen esanahia”. Ardatzotan sakonduko dute andrazkoek zuzendutako zortzi film luzeren eta film laburren saio baten bitartez, eta bestelako ekitaldiekin biribilduko dute programazioa, hala nola solasaldiekin, Bilboko hainbat agertokitan, urriaren 29ra bitartean. Ondoren, proiekzioetako batzuk ikusi ahal izango dira Basaurin, Erandion, Portugaleten, Zallan eta Mungian, azaroaren 2tik 6ra.

“Emakumeok etengabe hausten ditugu patriarkatuaren arauak. Asmoa zen gutxi-asko ideia hori jorratzen duten pelikulak hautatzea: pertsonalaz zein politikoaz hitz egiten duten emakumeak agertzen dituztenak, baita bilaketa prozesuan daudenak ere, gazteen filmak ere bai baitaude”. Gai ezagunak izanagatik, “beste ikuspuntu bat” adierazten dutela azaldu du. “Pandemiak askatasuna mugatu du, eta horrek hausnarrarazi digu askatasunaren ideiaren inguruan. Taberna batean sartu ahal izatea askatasuna da? Edo badaude arazo garrantzitsuagoak, zalantzan jartzen ez ditugunak?”.

Filmek askotariko ertzak erakutsiko dituzte, eta horietan sakonduko du Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofoak Gaiztoak, gogaikarriak edo arau hausleak. Feminismoaren laugarren olatua hitzaldian, urriaren 28an, Campos antzokiko Cupula aretoan.

Spring Blossom

Jaialdiak proiektatuko dituen zortzi film luzeetatik sei estreinaldiak izango dira Bilbon, Cannesko, Berlingo, Malagako edo Donostiako zinemaldietatik igaro ondoren. Bi ekoizpenen kasuan, gainera, zuzendariak han egongo dira estreinaldian, eta publikoarekin solastatuko dira filma eman eta gero: urriaren 27an, Ainhoa Rodriguezek Destello bravío lana aurkeztuko du, eta ondoren Lara Izagirre zuzendari eta (H)emen elkarteko buruarekin hizketan arituko da; hilaren 29an, Libertad ekoizpenaz jardungo du Clara Roquet egileak. Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan izango dira.

Telematikoa izango da, berriz, Suzanne Lindon zuzendari frantziarraren eta publikoaren arteko hartu-emana: lehen lana du Spring Blossom —21 urte ditu—, eta, orobat, Azkuna zentroko Golem aretoetan estreinatuko dute. Aurretik, zentroko Bastida aretoan, film labur sorta bat ikusi ahal izango da.

Zuzendari hasiberriekin eta ekoizpen berriekin batera, klasikoentzako tokirik ere izango du festibalak, eta ibilbide oparoa duten profesionalei ere egingo die aitortza. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, joan den astelehenean, Julia Juaniz muntatzaile nafarrari eman zioten aurtengo lehen Simone de Beauvoir saria, eta Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilariak jasoko du bigarrena, urriaren 25ean, astelehenean, Azkuna zentroko auditoriumean egingo duten galan. Naiel Ibarrola piano jotzaileak girotuko du sari banaketa, eta Almudena Cacho kazetariak elkarrizketa egingo dio irabazleari.

Filmak berreskuratzen

Ekitaldian bertan, elkarrizketa bukatutakoan, Pilar Mirok zuzendutako El crimen de Cuenca proiektatuko dute, 1980. urteko ekoizpena. “Lehen egiten genuen Pudiste verlas [Ikusi ahal izan zenituen] izeneko atal bat, non berreskuratzen genituen pelikula klasikoak, aitzindariak edo zinema aretoetan oharkabean pasatu ziren baina guretzat inportanteak ziren estreinaldiak, ikusgaitasuna emateko”.

Jada ez dute egiten sail hori, baina, hala ere, beti egoten dira erne filmak berreskuratzeko. Aurten, Salvador Maldonadoren saria aprobetxatu dute horretarako. El crimen de Cuenca (1979) liburua idatzi zuen, eta Pilar Miro obra horretan oinarritu zen filma egiteko; Salvador Maldonadok berak egin zuen gidoia. “Zentsurarekin arazo handiak izan zituen pelikulak, eta mugarria izan zen bere garaian. Guk ezagutzen dugu, baina belaunaldi berriek, agian, ez dute ikusi, eta merezi du erabat”.

Kronologian ez ezik, geografian ere miatzen dute jaialdiko arduradunek programazioa ontzeko. “Beti saiatzen gara kanpoko zinema erakusten”. Esaterako, inaugurazio ekitaldian Argentinako ekoizpen bat eman zuten BBK aretoan, Gabriela Vidal eta Ines Maria Barrionuevoren Las motitos filma —Erandioko Josu Murueta kultur elkartean ikusi ahalko da berriro, azaroaren 5ean—. Ayten Amin zuzendari egiptoarraren Souad estreinatuko dute, berriz, urriaren 28an, Rodriguez Magdaren hitzaldiaren ondoren.

Hogeitaka urteko bidea

Hainbat estreinaldiri, ekintza osagarriei eta Bilboz haraindiko hedapenari bide ematen dien aurrekontua du egun jaialdiak, 25 urtetan izandako “eboluzioaren” erakusle. Hasi zirenean, 1996an, “militantziaz eta feminismoz egindako jaialdia zen”, Gutierrezek gogoratu duenez. Feminismoarekin jarraitzen dutela azpimarratu du zuzendariak, baina beste baliabide batzuk dituzte eskura egun. Garai hartan, Simone de Beauvoir kolektiboak antolatzen zuen egitasmoa; ondoren, hamar bat urtez, Bilboko Udalarekin elkarlanean antolatu zuten. “Errazagoa zitzaigun; aurrekontu zehatz bat genuen. Hasieran, sarreren salmentatik ia ez genuen diru nahikorik lortzen filmak ordaintzeko”.

Duela zortzi urtetik hona, Zinemakumeak Gara elkarteak antolatzen du jaialdia babesle publiko —Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza— zein pribatuen laguntzarekin. “Poliki-poliki, muskulua, aurrekontua eta babesa lortuz joan da. Filmekin ez ezik, beste eduki mota batekin betetzen ari gara jaialdia, unibertsitateekin eta zinema eskolekin elkarlanean aritzen gara…”. Xedea hasierako bera da, ordea: “Kalitatezko zinema eta estreinaldiak erakusteko eta ikusgaitasuna emateko konpromisoa”.