Natalia Salazar Orbe
Santurtziko Serantes saria eman zioten Itziar Ituñori (Basauri, 1974) joan den zapatuan. Ibilbide profesionalaren aitortza egin diote haren bidez. Sari bat jasotzea “beti pozgarria” dela aitortu du Ituñok, “norbere herrialdean bada, are gehiago”. Serantes kultur aretoko garbitzaileei eskaini zizkien saria jaso osteko hitzak. Lan baldintza duinen alde borrokan aritu dira, eta, Ituñok jendaurrean gogorarazi zuenez, Serantes antzokia eta antzeko lokalak zabalik ez baleude, eurek ez lukete izango lekurik beraien artea eskaintzeko. “Zabalik daude, hori ahalbidetzen duten langileak daudelako”, gaineratu zuen. Plataforma digital baterako telesail bat filmatzen ari zela, opor egun batzuetan hartu zuen aktoreak Bizkaiko Hitza-rekin hitz egiteko tartea, saria jaso baino egun batzuk lehenago.
Paul Urkijoren Irati filma grabatzen hasi zarete. Zer moduz doa dena?
Eurak hasi dira. Ni oraindik ez naiz sartu, geroago sartuko naiz. Oso film konplexua izango da egiteko. Amaiera aldera sartuko naiz ni. Orain buru-belarri ari naiz testuak ikasten, eta, besteak beste, euskara fintzen.
Erronka handia izango da, kontuan hartuta VIII. mendeko euskarara gerturatzen saiatuko zaretela, ezta?
Bai, eta Nafarroako euskarara, gainera. Pentsa ezazu, bizkaitar batentzako h aspiratuak, ñ-ak eta bustidurak eta denak kanpora… Denbora behar da berbakera hori ikasi eta naturalizatzeko, eta horretan ari naiz.
Orain arte ez duzu esan zer pertsonaia izango duzun Irati filmean. Aurreratzerik bai?
Ez. Esan didate hobe dela ez aurreratzea, misterio apur bat mantentzeko, eta ondo iruditzen zait. Oso pertsonaia polita da.
Ilusioa sumatzen zaizu.
Bai. Lana ez da oso luzea, baina bere presentzia oso inportantea da. Oso pozik nago. Gainera, nik maite dut genero hori, mitologiko-fantastiko-historikoa. Eta euskaraz da. Niretzat opari bat da gure historia kontatzen duen film baten parte izatea.
Hala ere, esan duzu buru-belarri ari zarela lanean. Zertan ari zara orain?
Netflixen telesail bat egiten ari naiz, Intimidad, Txintxua ekoiztetxeagaz. Maiatzaz geroztik ari gara gelditu gabe, eta datorren astean [joan den asteari aipamen eginez] bukatuko ditugu grabaketa lanak, seguruenik. Oraindik ez dakigu noiz ikusi ahal izango den.
Mundu osoan ospetsu egin zaituena La casa de papel telefilmeko Raquel Murillo izan da, ordea. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Bai, munduan zehar, bai, baina Loreak filmak ireki zidan lehenengo leihoa mundura. La casa de papel-egaz zoratu egin da kontua, eta ahal dudan bezala eramaten dut. Batzuetan, hobeto, eta beste batzuetan, okerrago. Horren aurpegi publikoa bihurtzeak alde on eta txarrak ditu. Egunetik egunera ikasten ari naiz.
Ez da erraza izango ospe hori guztia kudeatzea, ezta?
Ez da batere erraza, ez. Oinak lurrean izan behar dira, eta, halandabe, batzuetan ito egin zaitzake fenomenoak. Oso popularra da; munduko bazter gehienetan ikusi izan dute, eta arrakasta handia izan du. Horrek lasaitasuna lapurtzen dizu nolabait.
Euskal Herria eta euskara nazioartean ezagutzeko interesa piztu duzu telesailari esker. Eragin hori ere bitxia izango da, ezta?
Bai, bada. Nire jarrera ez dut batere aldatu. Instagram da erabiltzen dudan sare bakarra. Hasieratik euskaraz idatzi izan ditut gauzak, baina jendeak askotan eskatu izan dit itzultzeko, ez zutelako ulertzen. Orain, gogotsu banago, euskaraz gain gazteleraz eta ingelesez ere idazten dut. Hasi da jendea enteratzen munduan badela leku bat Euskal Herria izena duena eta bertakook euskaraz egiten duguna. Ez denok, baina nik, behintzat, bai. Hasi dira animatzen, eta Googleren itzultzailearen bidez mezu asko eta gutunak helarazi izan dizkidate, euskaraz, Australiatik, Filipinetatik edo Indiatik, sekulako esfortzua eginda. Konturatu dira nire hizkuntza garrantzitsua dela niretzat, eta detaile hori izan dute. Oso polita da hori, eta asko eskertzen dut.
Zuk 19 urterekin ikasi zenuen euskara. Zer-nolakoa izan zen kontzientzia hartu eta erabaki hori hartzeko prozesua?
Ibilaldi bat edo Herri Urrats bat edo antzeko festa bat zen. Lagunekin era horretako jaialdietara joaten nintzen. Halako batean konturatu nintzen nahiz eta neure burua oso euskalduntzat, edo, behintzat, Euskal Herrikotzat sentitu, nire euskara oso pobrea zela —A ereduan ikasi genuen—, eta ez nintzela gai komunikatzeko. Sekulako lotsa sentitu nuen, baina egoera horrek konponbidea zuela pentsatu nuen. Bi lagun joan ginen jaialdira, eta biok bukatu genuen AEKn. Bigarren urratsetik hasi ginen.
Handik aurrera, euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin zenuen?
Bai. Ez da egunero lortzen, eta Basaurin are zailagoa da hori. Hala ere, beti topatzen dira arnasguneak. Eta tabernari batek euskaraz badaki, bada, horrengana jotzen duzu. Basaurin norbere burua euskalduntzea ez da gauza erraza, baina ezinezkoa ere ez da.
Zuregan zer aldatu da Goenkale telesaileko Nekane Beitia interpretatu zenuenetik gaur egunera?
Bizitzak berak dakarkizu aldaketa. Esperientzia pilatzen duzu bai bizitzan eta bai zure lanbidean ere. Lehen egiten zenuena hobetzen hasten zara, fintzen. Sekula ez diogu uzten ikasteari. Adinak ematen du eskarmentu handiagoa, eta horretan aldatu naiz. Baina oinarrian oso gutxi aldatu naiz.
Lortu duzun ospe guztiarekin, hori ez da erraza izango, ezta?
Ez pentsa. Jendeak niri buruzko ideia nahiko okerra dauka. La Casa de Papel gora eta behera, filmak… Nire bizitza bera ez da lar aldatu. Maite dudan jendeaz inguratuta segitzen dut, nire herrian, ahal dudan guztietan. Nire etxea Euskal Herrian daukat, Basaurin. Oso barregarria da esaten didatenean oso ospetsua egingo naizela eta txalet batera joango naizela bizitzera. Bai zera!
Hankak lurrean izaten saiatzen zara, beraz?
Bai. Eta lanbide honetan gora eta behera ibiltzen da dena. Lan arloan gorantz egiten duzunean eta lana pilatzen denean, eutsi egin behar zaio. Badakigu gero malda behera etorriko dela, eta biltegian zerbait gordeta izan behar dela.
Nekane Beitia, Raquel Murillo, Lourdes, Amaia, Carmen… Pertsonaien zerrenda luzea interpretatu duzu jada. Zer dute horiek zuretik, eta zer daukazu zuk horietatik denetatik?
Pertsonaia bat eskaintzen dizutenean, zuregan zerbait ikusiko dute pertsonaia mota hori zuri eskaintzeko. Sarri pentsatu izan dut ea zergatik eskaintzen dizkidaten, normalean, antzeko ezaugarriak dituzten pertsonaiak: serioak, indartsuak, umore txarrekoak. Batzuetan aukeraketak ez dauka zerikusirik zure izaeragaz. Izan daiteke zure ahots tonua grabea delako edo zure aurpegiak angelu jakin batzuk dituelako eta beste batek baino serioagoa edo gaiztoagoa ematen duzulako. Telebistan eta zineman horrela egiten da gehienetan, eta, batzuetan, baita antzerkian ere. Batzuetan sentsazioa izaten dut pertsonaiak antzekoak direla, eta deseatzen egoten naiz eskaintza desberdinen bat jasotzeko. Horren zain nago oraindik: beste ezaugarri batzuk dituen pertsonaia bat eskaintzeko zain, gehiago jolastu ahal izateko. Izan ere, joko handi bat da aktoreon lana. Jokalariak gara. Ematen digute pertsonaia bat, eta horregaz jolasean ibiltzen gara. Eta, ikasten jarraitzeko, zenbat eta gauza desberdinagoak egin, orduan eta hobeto. Orain aukeratzeko luxua dudanez, gauza desberdinak aukeratzen saiatzen naiz konfort gunetik atera eta gauza berriak egiteko. Komedia, adibidez, oso gutxi egin dut, eta oso gogotsu nago.
Ospeak bozgorailua eman dizu, eta baliatu ere egin izan duzu sarri: euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko edo Tubacexeko langileei babesa adierazteko, besteak beste. Bozgorailu hori aprobetxatu egin behar dela uste duzu?
Norbere esku dago hori erabiltzea ala ez erabiltzea. Eta libre gara gura duguna egiteko. Ni ez naiz inor beste batzuei zer egin behar duten esateko. Nik badakit niri tokatu egin zaidala eta sentitu egiten dut batzuetan hori egin behar dudala. Txarto irudituko litzaidake jendea zerbait egitera behartzea. Baina, nire iritziz, oso baliotsua da gauza batzuk bultzatzeko edo azaleratzeko. Herri langile batekoa naiz ni, eta odolean daramat hori. Gauza batzuekin odola irakiten hasten bazait, zerbait egin behar dudala sentitzen dut, eta inplikatu egiten naiz.
Jarrera horrek arazoak ere sortu izan dizkizu tarteka; La casa de papel ez ikusteko boikoterako deialdiak egin zituzten, esaterako. Zer-nola eragin dizute egoera horiek?
Boikota jaso nuen; publizitate lan bat erori zitzaidan… Mundu honetan bizi gara, kapitalismo betean. Gauzak horrela dira. Ni ez naiz jaio berria, eta badakit gauza batzuetan inplikatzeak lan batzuk kenduko dizkidala. Baina badaukat nire lana, nire bizimodua ondo ateratzen dut aurrera. Pertsona gisa nire askatasuna defendatuko dut beti inplikatzeko orduan. Osterantzean, beldurrak paralizatuta sentituko nintzateke, eta hori bai bada arriskutsua. Neure buruagaz ondo sentitzen naiz; pentsatzen dut egin behar dudana egiten dudala. Mundu honetan dena ez da ekonomia edo dirua; ez du izan behar, gainera.
Aipatu duzu lan asko duzula orain, baina garai txarragoak ere izaten direla gero. Nola dago sektorea?
Hain zabala da sektorea… Antzokiei dagokienez, oraindik ezin dira bete; boloak egin behar dira, prezio berean, ikus-entzule kopuru berarekin. Telebistan sekulako booma izan dute plataformek eta telesailen mundu berri honek. Horrek lana ematen digu aktoreoi, baina ez dakigu oso ondo norantz goazen bide horretatik. Zalantza handia sortzen du horrek. Zinema mundua bai ikusten dut arrisku bizian; gero eta jende gutxiago joaten da zinema aretoetara. Pena handia emango lidake zinemak ixteak. Oso gustuko dut zinemara joan eta film bat ikusteko erritual hori; pantaila handian eta kolektiboan.
Netflixen gisako plataformek mesede edo kalte egin dio zuen ogibideari?
Lehen baino lan gehiago dago orain. Hori hala da. Aukera gehiago dago, baina alde biak izaten ditu fenomeno berri batek: argia eta iluna. Munduko urrutiko bazterretan —Korean, Indian, Islandian…— egindako telesailak ikus ditzakegu, baina horrenbeste gauza dago, enpatxua ere sorrarazten digu horrek; etxetik atera gabe, gainera. Hori da konbentzitzen ez nauena: bakoitza bere etxean telesail bat ikusten, engantxatuta, kalera atera gabe… Geure arteko komunikazioa murrizteko arrisku handia ikusten dut plataforma digitalen joera berri horretan, nahiz eta aktore moduan lan pila bat izan horri esker. Inpaktu handia dago gizartean, eta ez dakit ondo goazen bide horretatik.
EITBk euskarazko fikzioa ekoiztearen aldeko apustua egin du azken urteotan: Alardea, Altsasu, Hondar Ahoak eta antzeko telesailekin. Hori al da bidea?
Fikzioa berreskuratzeko saiakera izan da, baina orain berriro dago dena geldi. Saiakera hori gehiagora joan beharrean, desagertu egin da berriro ere. Oso penagarria da. Ez dakit norantz goazen ETB1 eta ETB2 kateekaz. Ez dakit zer bide hartuko duten orain edo zer gauza berri egongo diren. Garai batean izan genuena berreskuratzea espero dut: programazio itxurosoa eta baliotsua.