I. Maruri Bilbao
Arratian, Arteagako plaza ondoan, harrizko eskultura handi bat dago. Gizon-emakume bikote baten buru, bular eta besoak irteten dira handik. Ahoan alboka du gizonezkoak: Leon Bilbao da (Arteaga, 1916-1990). Esku artean duen panderoa jotzen ari da andrea: Maurizia Aldeiturria (Zeberio, 1904-Arteaga, 1988). Elkarrekin plazaz plaza egindako ibilerek eman diote ospea Arteagari.
Musikarien irudia 1996tik dago han. Indar berezia dario pandero jotzailearen aurpegiari, Maurizia Aldeiturriagak bizitzan izandako indarraren arrasto txikia, herrian utzitako arrastoetako bat. Zeberion sortu zen, eta Arteagara ezkondu zen 1927ko azaroan. Geroztik, Elexabeiti auzoko baserrian bizi izan zen, Benantzio Bernaola Karakol senarrarekin batera, hura ere musikaria: soinu jotzailea. Aldeiturriagak berak kontatutakoaren arabera, Karakolen jotzeko modu bizi eta gogorra gustatu zitzaion, eta horregatik proposatu zion elkarrekin jotzeko.
Txikitatik panderoa jotzen eta koplak inprobisatzen ikasi zuen Aldeiturriagak. Aitak eta nebak ere jotzen zuten, baina irakaslea osaba izan zuen. Domeka arratsaldeetan praktikatzen zuen, bere gelan. 12 urte zituenean hasi zen jaiegunetan herrietako plazetan jotzen, Joakin Goti, Jose Rotaetxea eta Juan Txapelegaz.
Arteagako Elixabeiti auzoan, Aldeiturriaga eta Bernaola bizi izandako etxe ondotik desagertu egin da garai batean egondako mahatsarea. Auzoko labe zaharra ere aspaldi ordezkatu zuen labe berriak. Zapatu goizetan ogia egiten ei zuen han Aldeiturriagak. Etxe parean dagoen San Migel baselizako horman eserita, makina bat aldiz jo izan zuten han.
Bizitzan bikote izateaz gain, plazetan ere elkarrekin ibiltzen ziren Maurizia eta Karakol. Zornotzako karmenak, Urkiolako sanantonioak, Durangoko sanfaustoak, Dimako sanpedroak… Plaza horietan guztietan aritu zen Aldeiturriaga. Baina, aurretik, baserriko lana egiten zuen. Izan ere, ezkonberritan etxeko ardura guztia bere gain hartu zuen, Bernaolak Basauriko Vasconia fabrikan gidari egiten baitzuen lan.
1936ko gerra iritsi zenean eten egin zen bikotearen musika jarduna. Arteagatik Zeberioko Egia auzora joan ziren, Aldeiturriagaren gurasoenera. Handik, Basurtura (Bilbo), Somorrostrora (Muskiz) eta Santander aldera (Kantabria, Espainia) joan behar izan zuen Aldeiturriagak, tropa frankistei ihesi. Bernaola, berriz, Arteagan geratu zen, intendentzia lanetan. Preso hartu zuten, eta kartzelan egon zen hiru urtez. Gerra amaitutakoan apurka itzuli ziren musikari zereginetara. Gerora, Leon Bilbao albokariarekin osatu zuten hirukotea.
Hirukotea aldatuz
Bernaolak bihotzekoa izan zuen, eta plaza utzi zuen. Orduan, Bonifazio Arandia Fasio trikitilariak bete zuen Bernaolaren hutsunea hirukotean. 1964. urtea zen. Handik hogei urtera, Fasio hildakoan, Basilio Urdagoitia Basilio Txikik jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin. 1978an hil zen Bernaola. Makalaldia eragin zion Aldeiturriagari, baina gainditu zuen hura ere.
Ahots grabea zuen, sendoa, basatia eta erakargarria. Behetik kantatzen hasi arren, goitik amaitzen zuen, oktaba bat igota. Beti euskal jantzi tradizionala eroaten zuen aldean; baita estudioan grabatzeko ere. Zortzi diskotan hartu zuen parte. Emanaldia hasi aurretik, egunkari orri batzuk erretzen zituen, beroarekin panderoaren larrua puntuan jartzeko. 1988ko maiatzaren 19an hil zen.