Ibai Maruri Bilbao
Gorbeiaren magaletan dagoen aberastasuna ezagutarazteko asmoz sortu dute Gorbeiako Altxorrak egitasmoa, Bizkaiko Gorbeialde landa garapenerako elkarteak eta Arabako Gorbeialdeko Kuadrillak. “Duela hiru urte hasi ginen honekin. Asmoa zen eskualdean ekintza berezi bat sortzea. Probatzen ibili gara. Egun osoko jardunaldi bat nahi genuen, herriz herri eroateko”, azaldu du Gorbeialde landa garapenerako elkarteko teknikari Sonia Barrondok. Urte bakoitzean jai bana egingo dute Arabako eta Bizkaiko aldeetan. Aurten egingo dute lehena. Arabakoa egin dute daborduko: irailaren 25ean egin zuten, Zurbaon. Bihar, berriz, Bizkaikoa egingo dute, Arratiako Arteagan.
Jardunaldi horiek beti ardatz jakin batzuk izatea pentsatu zuten antolatzaileek: “Guretzako altxorrak diren gauzak landu nahi ditugu. Bertoko gastronomia, bertoko ekoizleei lotuta, batetik. Eta kultura, bestetik, zentzurik zabalenean hartuta. Arteaga, ezinbestean, musikarekin eta Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearekin lotzen dugu. Beraz, argi geneukan zein izango zen aurtengo gai nagusia”. Barrondok esan du udala ere bere aldetik lantzen ibili dela Aldeiturriagaren figura zelan sustatu. Gorbeiako Altxorrak jaialdia antolatzeko lehenengoz udaletxera joan zirenean, pentsatu zuten bat egin zezaketela. Hala, Maurizia pandero jotzaile eta abeslari ezaguna ardatz hartuta, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko.
Ibilbide gidatu batekin hasiko dute eguna. Arteaga ezagutzea da asmoa, baina Aldeiturriaga hari nagusia dela. Horregatik, Mauriziaren eskutik ipini diote izena bisitari. “Herriko bati proposatu diogu gidari lanak egiteko, herria eta musikaria ondo ezagutzen dituen bat nahi genuelako ondoan”, adierazi du Barrondok. Harrera ona dutela ikusiz gero, landa garapenerako elkarteak urtero udaberritik udazkenera bitartean inguruko hainbat herritan antolatu ohi dituen bisita gidatuen artean sartuko dute datorren urtetik aurrera. Aukera bi egongo dira ibilbide hori osatzeko, 11:00etan eta 12:30ean; parte hartzeko, izena eman beharra dago Gorbeiaeuskadi.com web orrian.
Baita dastatze gastronomikoetarako ere. Barrondok nabarmendu duenez, landa garapenerako elkarte diren heinean, lehen sektoreak garrantzi handia du beraientzat. Arteagako ekoizle biren produktuak probatzeko izango dira dastatzeak. Bata, Sarasola auzoko Ugabe upategian izango da, han egiten duten txakolina dastatzeko; bestea, Etxebarri baserrian: eztia eta ogia ekoizten dituzte hangoek. Lekuetako bakoitzean hiru saio egingo dituzte: 12:30ean, 13:00etan eta 13:30ean. 3 euro ordaindu behar da parte hartzeko, eta, sarrerarekin batera, Arteagan dauden lau tabernetako batean pintxopote bat hartzeko gonbidapena izango du bisitariak. Arratia Kantuz taldekoak ere tabernaz taberna ibiliko dira, 12:30etik aurrera. “Pandemia aurretik herriz herri ibiltzen ziren, tabernak girotzen”, zehaztu du Barrondok.
Goizean egingo dute eskualdeko ekoizleen azoka ere. Baserritarren eta eskulangileen produktuak eskuratzeko aukera izango dute bisitariek. Barrondok esan du landa garapenerako elkartea ahalegin berezia egiten ari dela urtean behin behintzat herri guztiek azoka bat izan dezaten, inguruko ekoizleei salmenta gune bat bermatzeko: “Turismoari lotutako edozein ekintzatan haiek ere kontuan hartzen ditugu beti”.
Lehen sektoreaz gain, ekintzailetza ere bultzatuko dute. Horregatik, Gorbeialdeko ekintzaile batzuei beren lana erakusteko aukera ere emango diete. Araban, Malurgan arropa denda bat ipini duten andre bi dira. Horrez gain, autobus bat ere badute, Guikuri Bus izenekoa, eta Araba partean herri txikiz herri txiki ibiltzen dira beren arropa saltzen. “Garai batean fruta, arraina eta ogia herriz herri saltzen zuten bezala, arropa saltzen dute hauek”, azaldu du. Bihar, Arteagan izango dute autobusa, goizetik, eta 17:00etan moda desfilea ere egingo dute.
Ikuskizuna, pilotalekuan
Izan bagara izeneko ikuskizuna izango da eguneko ekitaldi nagusia. 19:00etan hasiko da, Arteagako pilotalekuan. Dantza, herri kirolak eta Korrontziren folk musika uztartuko dituzte bertan. Doakoa da sarrera, baina gonbidapena eskuratu beharko da. Pilotalekuaren atarian bertan banatuko dituzte, 18:30etik aurrera. “Korrontziren ohiko musikan oinarritzen da; gure trikiti doinuak eramango ditugu: fandangoak, arin-arinak, biribilketak…”, azaldu du taldeko buru Agus Barandiaranek. Beti bezala, beren dantzariak eroango dituzte, eta Xabier Amuriza ere oholtzan izango da haiekin. Susana Maldonado harri zulatzailea eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria izango dira kirolariak.”Euskal tradizioen erakustaldia izango da: trikitia, dantza, herri kirolak eta bertsolaritza uztartuko ditugu zuzenean; horregatik Izan bagara izena”.
Ikuskizunean presente egongo da Maurizia Aldeiturriaga. “Baina ez Arteagara goazelako; beti egoten da. Gure errepertorioan baditugu hari eskainitako pare bat kanta; Aupa Maurizia! da bat”. Barandiaranek aitortu du beretzat erreferente handia izan dela Maurizia: “Gogoratzen naiz frontoi honetan bertan egon nintzela bere omenaldian, 1996an. Han aritu ziren Oskorri, Kepa Junkera… Ohorea da hainbeste urtegarrenean han jotzea”.
Rufino Arrola Andrakako (Lemoiz) trikitilariarekin ikasi zuen Barandiaranek trikitia jotzen; lehengo maisu-maistrek beragan asko eragin dutela esan du: Mauriziak, Fasiok, Txilibrilek… “Arrasto itzela utzi didate niri eta Korrontziri; bihar ere igarriko da”.