Amaia Igartua Aristondo
Alfonbra gorri zabal baten inguruan daude ikusleak, aulkietan jesarrita, modako desfile bat ikusten ariko balira bezala. Antzezlearen mugimendua ez da lineala, ordea, hara eta hona baitabil oihalaren gainazal dena aprobetxatuta. Hankak tolestu eta inpultsoarekin alfonbra zeharkatzen du parez pare, gelditu egiten da ondoren, eta trajearen txaketako hegalei helduta erritmoa lasaitzen du, kantatzeari utzi gabe. Alde askotatik da hibridoa Gasteizko Altraste konpainiaren ¿Qué dicen las flores? ikuskizuna, hainbat diziplina josten baitituzte Zuriñe Benavente dantzari eta abeslariak eta Ignacio Monterrubio musikariak. Orobat du aniztasuna xede haiek inauguratutako jaialdiak, ataritik agerikoa izan baita aurtengo Bilboko Dantzaldiaren irizpidea: “Dantza garaikidearen biodibertsitatea agertzea”, Laura Etxebarria arduradunaren arabera.
Irailaren 23an hasi zen Dantzaldiaren 22. aldia, eta abenduaren 5ean bukatuko da; ordurako, hamabi ikuskizun izango ditu eskainiak. “Ibilbide luzeak daude, gertuko konpainiak, flamenkoa, eta aurreko aldietan ere egon izan diren artistak: esaterako, Daniel Abreu eta Jesus Carmona, zeinek flamenkoaren moldea hausten baituen”, Etxebarriak xehatu zuenez jaialdiaren aurkezpenean, iragan ostegunean. Bilboko Fundicion aretoak programatzen du egitasmoa —han aritu ziren Altrastekoak—, baina oholtzak batuz joan zaizkio egitasmoari; aurten, Barakaldoko antzokia egoitzetako bat izan da lehen aldiz —Iratxe Ansa eta Igor Bacovichen Al desnudo saioa hartu zuen—. Halaber, Guggenheim museoa, Azkuna zentroa, Rekalde aretoa eta Zabalguneko eraikinean ere egingo dituzte ikuskizunak.
Hain justu, Zabalguneko eraikinean izango da hurrengo hitzordua. Urriaren 29an, hiru pieza labur ikusi ahalko dira han, 19:00etatik aurrera. Virginia Garcia eta Damian Muñoz gasteiztarren La intrusa konpainiak Sonora ikuskizuna emango du, izen bereko basamortuan erasaten duten hondar partikulen, zurrunbiloen eta tenperatura handiaren aurrean eusteko borondatea agertzen duen obra. Sharon Fridman Madrilgo taldearen 147 abrazos-ek hizpide ditu bi pertsonaren harremana eta haren aldaketak, molde zikliko eta azkenik ezegonkor batean. Frantics alemaniarrek Space lana taularatuko dute, inkontzientera eginiko bidaia bat.
Hilaren 30ean eta 31n, 19:00etan, Alvaro Murilloren Flamencas hartuko du Fundicionek, emakumezko flamenko dantzariei eginiko omenaldia. Guggenheim museoan ikusi ahalko da Jesus Carmonaren Baile de bestias pieza intimista, azaroaren 13an, 18:00etan. Hilaren 25ean, Daniel Abreu eta Dacil Gonzalezek Azkuna zentroan antzeztuko dute La desnudez obra, norberaren burua maitatzen jakitearen inguruko proposamen poetikoa.
David Marques portugaldarrarena izango da aurtengo aldiko azken dantza emanaldia. Dança sem vergonha-ren bi saio egingo ditu Fundicionen, abenduaren 4an eta 5ean, 19:00etan. “Azken urteetan dantzatzeko zenbait modu eta arrazoi deskubritu ditut. Aurkitu dut etxean, estudioan edo diskotekan, testuinguru guztietan, dantzan jarraituarazten nauen plazer bat dagoela”. Ikuskizunean mamituko dira hitzok.
Bestalde, azaroaren 4an Dantza kudeatzeko aholku praktikoak liburua aurkeztuko du edizioaren koordinatzaile Jemima Canok, Fundicion aretoan, 19:00etan, eta hilaren 14an, Carmonak flamenko ikastaro bat emango du Dantza Eskola Andoni Aresti Landan.
Ibilbideen aldarrikapena
Aurtengo Dantzaldiaren helburua “sariak aurkeztea” da, Etxebarriaren hitzetan. Izan ere, oparoak dira parte hartzaileen ibilbideak: Benaventek Kataluniako Kritikaren Emakumezkoen Interpretazio Onenaren Saria jaso zuen iaz; Ansak, Espainiako Dantza Saria; eta Bacovichek berriki bereganatu du 2021eko Nazionale Sfera d’Oro per la Danza. Datozenen kasuan ere, beste horrenbeste: Carmonak ekainean jaso zuen 2020-2021eko Benois de la Dansen garaikurra; La intrusa konpainiak 2015ko Espainiako Dantza Saria irabazi zuen sorkuntza alorrean; Espainiako Saria dute orobat Abreuk eta Gonzalezek, eta Dantzaldian antzeztuko duten obrak, La desnudez-ek, 2018ko hiru Max sari lortu zituen, ikuskizun, koreografia eta gizonezko interpreterik onenarenak.
Hein batean, badira erdiespenok Fundicionenak ere, Etxebarriaren arabera. “Aretoak 35 urte beteko ditu aurten, eta denbora horretan ibilbide asko jarraitu ditugu, prozesuetan eta estreinaldietan egon gara… Lan partekatua izan da”. Dantzaldian erakutsi, baina gainontzeko hilabeteetan taxutu egiten dira obrak, eta antzokiak du horren ardura. “Urtean zehar laguntza lana egiten da: egonaldiak, nazioartekotzea, hedapena… hainbat programa batu eta uztartzen dira konpainiek sortu, aurkeztu eta helarazi ahal izan dezaten”.
Artisten karrerak puztuz joan diren heinean, Deustuko aretoak eta jaialdiak esangura bereganatu du. Dantzaldia “lorpenak pilatzen” ari da, arduradunaren iritziz, eta nagusienetako bat izan da hedapena. Izan ere, jaialdia Euskalduna jauregian baino ez zen egiten hasieran, eta “pozik” daude agertoki gehiago bildu izanagatik, besteak beste, publiko ezberdina erakartzeko aukera eman dielako horrek: Fundicionen “arriskatuenak” programatzen dituzte, eta beste emanaldi batzuk egokiagoak dira arte galeria batean egiteko, Rekalde aretoan, esaterako.
“Helburua ez da jaialdi elitista bat egitea, baizik eta hurbila. Lan geldoa, gogorra eta jarraitua izan da publikoa erakartzearena, agian ez zutelako leku batzuetara joan nahi, baina bai besteetara”. Horiei “egungo dantza garaikidearen arima eta muskulua gerturatu” diete. “Batzuk, ez balitu Dantzaldiak ekarri, ez ziratekeen inoiz Bilbora etorriko. Normalizazio garaian gaude egun: edonork ikus dezake lasai edozein estilotako ikuskizuna. Lehen, beldurra ematen zuen; orain, ez”.