Natalia Salazar Orbe
Datorren urtarrilerako Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) desagertu egingo da, eta berau osatzen duten hamasei herriak blokean integratuko dira Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan. Abuztuaren 2an egin zuen batzarrean onartu zuen eskualdeko partzuergoak integrazioa. Abendura arte —barne—, erakundea osatzen duten herrietako udalek osoko bilkuretan bozkatu behar dute Bilbo Bizkaikoan sartu ala ez. Hasi dira lan horretan; Bermeon eta Gernika-Lumon egin dute. Batxi Aranburu BUPeko teknikariak azaldu du urtea bukatzen denerako izapide horiek eginda egotea aurreikusi dutela: “Asmoa da 2022ko urtarrilean integrazioa gauzatzea”.
Horretarako, Busturialdeko partzuergoa osatzen duten hamasei herrietatik bederatzik eman behar diote oniritzia integrazioari. Abuztuaren 2an partzuergoak egin zuen batzarrean bostek baino ez zuten bozkatu kontra: Ajangiz, Ea, Elantxobe, Ibarrangelu eta Muxikak. Beraz, ez dago ezustekoetarako tarterik. EH Bilduko alkatetza duten udalak dira kontra daudenak.
Integrazioaren onurak eta kalteak zeintzuk izango diren azaldu dute herri horietako eta Busturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek. Batxi Aranburu teknikariak onurak baino ez dizkio ikusten aldaketari. “Batetik, aurre egin ahalko zaio Urdaibaiko saneamendu plana martxan ipinita horren esplotazioak eragingo dituen gastuen areagotzeari, uraren prezioan eragin gabe”. Bestetik, “etorkizunean eskualdeari uraren hornidura bermatu ahalko zaio. Gaur egun Urdaibai hornitzeko erabiltzen ditugun erreketako ingurumen-emarietan uda garaian gertatzen diren inpaktuak saihestuko dira horrela”. Horren ondorioz gertatuko den hirugarren abantaila bat ere aipatu du Aranburuk: “Eskualdeko hainbat herritako hiri antolamendurako planak urteetan geldirik daude, gaur egungo baliabideekin ezinezkoa delako horiek aurreikusten dutena gauzatzeko uraren hornidura jasangarria bermatzea. Plan horiek onartu ahal izateko prozesua desblokeatzeko aukera emango luke honek”.
Babes ekonomikoa
Horrez gain, Aranburuk esan du integrazioari esker Urdaibaiko hornidurarako Lurralde Ekintza Planaren aurreikuspen guztiak “arrazoizko epe batean” gauzatu ahalko direla. “50 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu. Busturialdeko Ur Partzuergoak ez du gaitasunik kopuru horri aurre egiteko bere kabuz”.
Hark kudeaketaren aldaketari alde onak soilik ikusten dizkion bezala, Iratxe Arriola Eako alkate (EH Bildu) eta hainbat urtetan Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea izan zenak kalteak baino ez ditu identifikatu. Hasteko, argitu du Busturialdeko hornidura bermatzeko azpiegiturak “bai ala bai” egin behar direla, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako finantzazioa eman beharko liokeela Busturialdeko partzuergoari, Bilbo Bizkaikoan egon ez arren, hari 2008 eta 2016 artean obrak egiteko “316 milioi euro eman zizkion bezala”.
Bestalde, Arriolak esan du integrazioaren alde txarretako bat “urruntasuna” dela. “Uraren kudeaketari eta saneamenduari buruzko erabakiak bertoko udal eta biztanleengandik urrun hartuko dira”. Herritarren “parte hartze aktiboa” aldarrikatu du kudeaketa horretan. “Multinazional asko saiatzen ari dira uraren baliabidea kontrolatzen. Gaur egun urak burtsan ere kotizatzen du. Ura eta bere ekosistema guztiak ondare kolektiboaren parte dira. Administrazioek bermatu behar dute ez direla egingo negozio pribatuak ondasun komunekin”. Horretarako, “kontrol soziala eta demokrazia parte hartzailea” ere beharrezkotzat jo ditu.
Kudeaketa “opakua”
Eako alkateak uste du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa “oso opakua” dela: “Herritarrak ez dira enteratzen zer gertatzen den. Ezta alkateak ere. Kontrol falta nabarmena da”. Hori da nabarmendu duen beste alde txarretako bat.
Hirugarren kalteari dagokionez, esan du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa publikoa izan arren, “monopolioa” gauzatzen ari dela. “Uraren zerbitzua negozio modura ikusten du”. Kritikatu du enpresa pribatuen antzeko kudeaketa eredua duela. “Praktikan, diru publiko asko esku pribatuetara joaten da”. Baieztapen hori arrazoitzeko bi adibide jarri ditu: “2008 eta 2016 urteen artean 316 milioi euroko azpiegitura berriak eraiki zituen, Bizkaiko Foru Aldundiak %100ean finantzatuta. Horiek denak multinazional handien esku utzi dituzte, enpresak azpikontratatuta”.
Zerbitzuak ere azpikontratatzen dituztela salatu du. Hain zuzen, esan du %60 baino gehiago azpikontratazio bidez egiten dutela. “Horrek esan nahi du azpikontratatutako enpresa horiek dirua irabazten dutela Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak emandako milioi askotako kontratuekin”. Gainera, azaldu du partzuergoarentzako lan egiten duten enpresa horiek multinazional handiak direla: Acciona, Aqualia edota Iberdrola, besteak beste. “Orduan, erabakiak nortzuek hartzen dituzte benetan?”, galdetu du. “Nortzuek erabakitzen dute ponpaketa azpiegitura bat era batera edo bestera egin behar dela? Gutxienez, erabakiok ez dira hartzen modu garden batean. Funtzionamendua oso opakua da”.
Arriolak, adibide gisa, azaldu du Bedaronan (Ea) ur araztegi pasibo bat egin zutela eurek. “Ez da gauza bera energiarik behar ez duen era horretako azpiegitura bat egitea edo ohiko araztegi bat. Azken horrek energia kontsumo handia dauka. 180.000 eurogaz egin genuen, baina bi milioi euroko obra aurreikusita zegoen. Inbertsioa, txikiagoa, eta mantenua, ere bai. Beraz, erabakiak ez dira soilik teknikoak. Erabaki teknikoak ez dira apolitikoak”.
Erabiltzaileei dagokienez, Aranburuk esan du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin adostu dutela Busturialdeko abonatuen faktura 2022an ez dela garestituko integraziorik gabe egingo lukeena baino gehiago. Horrez gain, akordioaren arabera, Busturialdeko partzuergoak Bermeon, Gernika-Lumon eta Sukarrietan dituen bulegoek martxan jarraituko dute.
Arriolak zalantzan jarri du noiz arte iraungo duten baldintza horiek. “Bilbo Bizkaia, Ur Partzuergoko tarifak ez ezartzeko erabakia urte batzuetarako baino ez da izango, eta eurenak garestiagoak dira. Gero zenbat igoko dituzte?”, galdetu du. “Eta bulegoak zabalik egongo direla? Zenbat urtez? Bilbo Bizkaiak kudeatzen dituen beste leku batzuetan jada ez daude”. Herritarrei integrazioa nahi duten galdetu behar litzaiekeela uste du. “Onura pila baditu, egin dezagun erreferenduma, baina mahai gainean jarrita onura eta kalte guztiak”, esan du.