Ibai Maruri Bilbao
Galdakaoko Herriko Benta taberna, jatetxea eta benta da, baina ez du helburu produktibo edo ekonomikorik. “Espazio politiko bat da, hausnarketarako gune sozial bat, harremanak sortu eta komunitatea eraikitzeko”, azaldu du proiektuko kide Laura Ruizek. Galdakaoko Guzur Aretxa herriko tabernak bere lokalerako proiektu lehiaketa bat ipini zuen martxan. Arratiako Arteagan badago Arteako Herriko Benta izeneko espazio bat, besteak beste, errefuxiatu edo migratzaileen eta herritarren arteko komunitatea sortzeko helburua duena. Arratiako Harrera Sareak bultzatutako egitasmo bat da. Sareko kide da Ruiz. Handik Zornotzara hedatu zuten, Bizkargi Kafe Degustazio Sozialaren bidez. Oraingoan, Galdakaoko lehiaketara aurkeztea erabaki dute, eta baita irabazi ere. Joan den barikuan inauguratu zuten.
“Harrera sarea da errefuxiatuei, migratzaileei eta trantsizioan dauden pertsonei harrera egiten dien eragile bat”, gogorarazi du. Haien helburua giza eskubideak defendatzea da. “Praktikatik egiten dugu”. Besteak beste, etxebizitza eta lan sareak eta espazio kolektiboak sortzen dituzte. “Galdakaoko Herriko Benta proiektu horren hanka bat litzateke. Egia da Galdakaon kontu berria dela. Herrian dauden eragileekin sarea handitzea da asmoa, proiektu honen bitartez”.
Arratiako sarekoen bidelagun nagusia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea da Galdakaon. “Gure euskarria” deitu ditu Ruizek. Bien artean, berariazko elkarte bat sortu dute Galdakaoko Herriko Benta kudeatzeko. Herriko beste hainbat eragilerekin ere elkartu dira, nahiz eta badakiten batzuk falta dituztela oraindik. “Pila bat eragilek lagundu gaituzte: gazte pilo bat gazte asanbladan edo gaztetxea eskatzeko sortu den mugimenduan dabiltzanak, neska gazteen kolektiboan dabiltzanak eta beste proiektu politiko askotakoak”.
Joan den barikuan bideari ekinda, orain helburu nagusia komunitatea sortzen hastea da. Zelan egin hori? Arratian badituzte hainbat esperientzia. Esaterako, etxebizitzak okupatu dituzte egoera zaurgarrienean daudenentzat. “Arratiako herrietan etxebizitzak eduki ditugunez, berezko bizikidetza bat sortu da, eta erraza izan da komunitateak sortzea. Orain espazio publiko bat dugu, eta asmatu behar dugu hortik abiatuta zelan sortu daitekeen komunitatea. Hori asmatu behar dugu orain. Helburu batzuk ditugu, ideologia bat, eta harremanak izateko era bat dakargu; hortik abiatu gara”.
Aldarrikapenetatik harago
Komunitatean, migratzaile eta errefuxiatuei gizarteratzen lagunduko diete; besteak beste, Herriko Bentan enplegua eskainiko zaie, ahal den neurrian. Baina ez hori bakarrik; harreman afektiboek berebiziko garrantzia izango dute. “Bizi garen sistema honek produktibo egiten gaitu, eta ez bakarrik lan munduan. Horren aurrean, gelditu eta aldarrikatu behar dugu kolektiboki beste harreman batzuk bizitzen hasi behar dugula. Borroka hortik ere hasten da”. Arratiako esperientzietan “asko” ikasi dutela esan du. “Errefuxiatuen eta migratzaileen proiektuetan etxebizitza eta jana lortzeari eman zaio garrantzia, eta eskubideak aldarrikatzen ibili gara, baina sarri ahaztu izan dugu pertsonok harreman sare bat ere behar dugula. Hori aldatu nahi dugu”.
Galdakaoko Herriko Benta bozgorailu ere izango da. Besteak beste, Arteagako Basoa Defendatzaileen Etxearen bozgorailua izango da. “Arratian dugun proiektu nagusia da”, ohartarazi du. Duela gutxi erosi eta atondu dute etxea, baina urteak daramatzate proiektuarekin bueltaka. Sorterrian mehatxupean dauden ekintzaileen aterpe izango da Basoa, baita hausnarketarako eta ikerketarako gunea ere. Horrek guztiak isla izango du Galdakaoko Herriko Bentan: hitzaldiak antolatuko dituzte, liburu aurkezpenak, dokumentalen proiekzioak, eztabaida sustatuko dute…
Lurrean errotutako proiektu bat izango dela ere nabarmendu du Ruizek. Horri lotuta, elikadura burujabetza izango da beste oinarrietako bat. Arratian ortu kolektibo bat dute. Bentan, hango produktuak eta inguruko ekoizleenak salduko dira, eta jatetxea eta taberna ere bide horretatik hornituko dituzte. “Lehen pausoa da, baina bidea dugu egiteko: orain ez dugu nahikoa izango bide hori, baina ekoizleekin sare bat osatu beharko dugu, gu hornitzeko eta bentan euren erakusleihoa izan dezaten”.
Lurrean errotuta, zentzu guztietan. “Gure komunitateak identitate bat dauka eta Euskal Herrian kokatzen da; horregatik, euskaraz eraiki behar da. Guk apustua egiten dugu euskalduntzeko, komunitate euskaldun hori eraikitzeko. Gehienok euskaldunak gara, eta euskara da gure eguneroko hizkuntza. Baina ez guztiona: gure sukaldaria mexikarra da, beste lankide bat marokoarra da… Biak dabiltza ikasten, baina oraindik ez daude euskaldunduta. Helburua dugu proiektu euskalduna izatea”.