Natalia Salazar Orbe
Green Capital Power enpresak Kantabria (Espainia) eta Bizkaia artean parke eoliko bat eraikitzeko proiektua zuela zabaldu zen 2019an, eta egitasmoa baieztatu da orain: joan den uztailean, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak jakinarazi zuen Maya parke eolikoaren aurreproiektua egiteko administrazioari baimena galdegiteko aurretiko eskaera eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin dituela. Informazio horren aurrean, Elkarrekin Podemos-IU Bizkaiko koalizioak haize parke horren kontrako hamazazpi alegazio aurkeztu ditu, eta parke eolikoak arautzeko eskatu du.
Aerosorgailuak Kantabrian kokatuko dituzte, Bizkaiko mugan. Haize errotok sortutako energia eramateko goi tentsioko linea bat behar dute, ordea. Eta hori Bizkaiko lurretan kokatuko dute.
Koalizioak joan den astean aurkeztu zituen alegazioak Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan. Trantsizio Ekologikoaren Ministerioari eskatu diote Maya haize parkearen proiektua ez baimentzeko. Parke eolikoaren proiektuak Castro Urdialestik gertu (Kantabria) hamabost aerosorgailu jartzea aurreikusi du, Ventoso mendiaren inguruan.
Bizkaitik hain gertu egonik, bertan ere eragina izango duela azaldu du koalizioak. Xabier Benito koalizioko batzarkideak esan duenez, “hamahiru kilometro eta erdiko goi tentsioko linea eta beroni eusteko Abantoko azpiestazio elektrikora iristen diren 48 euskarri beharko ditu. Hori guztia Muskiztik pasatuko da”. Benitok ohartarazi du eraikuntza horrek “zauri larri konponezina” eragingo duela. Izan ere, ingurunea hegaztien eta biodibertsitatearen kontserbaziorako gune garrantzitsu gisa izendatuta dago.
Multinazionalen esku
Parke eolikoaren kudeaketa ere salatu du batzarkideak: “Maya haize parkea energia berriztagarrien zentrala izango litzateke, baina betiko multinazionalen eskuetan egongo da. Kasu honetan, sustatzailea Green Capital Power S. L. da. Teorian, langilerik ez duen enpresa txiki bat da, Florentino Perezen suhi ohiak zuzendutakoa. Eta [Espainiako] estatuan eskatutako 67 proiektu eolikoren atzean dago”. Egoera horren aurrean, ikusita “enpresa elektriko handiek bultzatuta estatu osoan zentral eolikoak eraikitzeko eskaera pilaketa” dagoela, koalizioak “plangintza serio bat” eskatu du, eragin ekologiko eta paisajistikorik gabeko kokapenak lehenetsi ditzaten. “Ingurune naturalean eta tokiko ekonomietan duten eragin metagarriaren azterketa orokor” bat eskatu du.
“Aipatua bezalako proiektu eoliko olde izugarria ikusten ari gara”, adierazi du Benito batzarkideak. “Gainera, hau bezalako espazio naturaletan proposatzen dituzte gehienak. Faunari kalte handia egin diezaiokete, eta, gainera, denak daude enpresa handien esku. Hori dela eta, alegazioak aurkeztu ditugu proiektu hau geldiarazteko, eta aukera baliatu nahi dugu plangintza serioa eskatzeko horrenbeste proiektu onartu baino lehen”.
Hainbat eragilek agertua zuten kezka lehenago ere. Ekologistak Martxan taldeak ere, energia berriztagarrien aldeko apustua egin arren, adierazia zuen behar bezalako plangintzak eta azterketak egin behar direla. Era horretako azpiegiturek ingurumenean daukaten inpaktuari buruzko azterketa zorrotzak ere eskatu zituzten. Askotan, bereziki parke eolikoen kasuan, azterketak bibliografia baliatuta egiten dituztela salatu zuten proiektuaren berri izan zutenean, “laginketarik egin gabe”.