Ibai Maruri Bilbao
Jata Ondo Uribeko landa garapen elkarteak eskualdeko historia, ondarea eta natura ezagutzeko jarduera sorta antolatu du iraileko asteburuetarako. “Normalean bisitatzeko aukerarik eskaintzen ez duten lekuak dira, baina orain, ezohiko moduan, eurenean sartu eta ezkutuan gordeak dituzten historia eta bitxikeriak ezagutzeko aukera eskainiko digute”, iragarri du Jata Ondoko Turismo arduradun Jagoba Martinezek. Parte hartzeko leku mugatua dago, eta Uribe.eus/ms webgunean edo 94-615 66 12 telefono zenbakian eman behar da izena.
Bihar bisitatuko duten lekua Fruizko Gomoa errota izango da. Jesus Andikoetxea da ugazaba, eta, errota zaharberritzeaz gain, museo txiki bihurtu du. Laiak, zizelak, birabarkiak eta baserrietako bestelako tresnak ditu ikusgai. 17:00etan abiatuko da bisita, udaletxetik; 2,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Etzi, 10:00etan, intsektu polinizatzaileak ezagutzeko txangoa egingo da Laukizen. Besteak beste, Zerynthia elkartekoek osatu duten tximeleten oasia bisitatuko dute; belarra gutxitan eta gutxi mozten den gune bat da, tximeletak eraso eta arazo barik ugaldu daitezen.
Hilaren 18an, zapatuz, Arrietara joango dira. 17:00etatik aurrera, Patxi izeneko fikziozko pertsonaia batek Libaoko arkitektura ezagutzen lagunduko die bisitariei, bisita antzeztu baten bidez. Biharamunean, 10:00etan, irteera botanikoa egingo dute, Derion: arbola eta landare basatiak ezagutu eta sukaldaritzan edo gaixotasunak osatzeko orduan izan dezaketen erabilera azalduko diete bisitariei.
Azken txangoak
Irailaren 25ean, bigarren bisita antzeztua eskainiko dute. Lezaman izango da, 17:00etan: izen bereko dorrea, San Antolin ermita, Athleticen kirol hiria eta Elorritxuetako aisialdi gunea ezagutuko dituzte, besteak beste. Bukatzeko, hilaren 26an, largabistak ezinbestekoak izango dira, Meñakan, 10:00etatik aurrera, hegaztiak ezagutzeko egingo duten irteeran parte hartu ahal izateko.