Natalia Salazar Orbe
Ekainean ireki behar zuten, baina azkenean joan den asteko martitzenean inauguratu zuten Gure Ametsetako Lorategia izeneko animalientzako hilerria. Hego Euskal Herrian zabalik dagoen era horretako lehenengo kanposantua dela jakinarazi du Miguel Aguilar proiektuaren sustatzaileak. Josu Galdamesekin batera ireki du hilerria, Enkarterrin, Galdamesko Humaran auzoan.
“Naturgune izugarri polit batean dago”, azaldu du Aguilarrek, “ehunka urte dituzten haritz eta artez inguratuta”. Naturarekiko eta ingurumenarekiko lotura hori sumatzen da hilerrian barrena ibilbidea eginda ere. Maila anitzetan bereizi dute egitura, hobiak sartzeko kaleak antolatzeko. Horietako bakoitzaren sarreran, Galdamesko eta inguruko mendien izenak jarri dituzte: Humaran gaina, Eretza eta Ubieta, besteak beste.
10.000 metro koadroko eremua egokitu dute, eta etxeko 9.000 abere hobiratzeko lekua dagoela aurreikusi dute. “Abere bakoitzarentzat metro koadro bat inguru kalkulatu dugu, eta besteekin 40 zentimetroko tartea utziko diogu. Dena lurzoruaren mailan egingo dugu, Ameriketako hilerrietan egin ohi duten legez: harlauza bat jarri, hilarritxo bat, denentzako berdina, eta izenak jarrita”.
Hiltzen diren etxeko animaliak erraustea beste aukerarik ez zegoela ikusi zutenean hasi ziren Aguilar eta Galdames euren proiektuan pentsatzen. “Ideia nire bazkidearena izan zen. Bi txakur genituen. Bat hil egin zen. Landa batean hobiratu nahi genuen, baina oztopoak jarri zizkiguten. Animalia bat ezin da edozelan lurperatu. Delitu ekologikoa da. Aukera bakarra erraustea zen”. Animaliak hobiratzeko poltsa eta kutxa bereziak eskuratu dituzte, biodegradagarriak. Eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu dizkien baldintza guztiak bete dituzte hobiratzeak behar bezala egin ahal izateko.
Urtebete eta erdi egin dute proiektuari buruzko ikerketa lantzen. Era horretako beste hilerri batzuk aztertu dituzte, eta datu batzuk ere eman ditu Aguilarrek: “Bilbon 100.000 maskota daude. Portugaleten, 30.000. Asko dira. Eta ez dira txakurrak eta katuak soilik. Harritu egingo ginateke jendeak etxean zer animalia dituen jakingo bagenu”. Besteak beste, Vietnamgo txerri txikiak, kakatuak, ardi txikiak, narrastiak, krokodiloak, anakondak eta pitoiak aipatu ditu.
Oraingoz, inork ez du hobiratu animaliarik Gure Ametsetako Lorategian. Hala ere, hainbat lagun joan zaizkie informazio eske. “Joan den asteburuan, nire bazkideak lauzpabost pertsonari erakutsi die. Katuak babesteko elkarte bateko emakume bat etorri zen. Hiru txakurtxo dituzten senar-emazte batzuk ere etorri ziren. Jada 11 urte dituen eta gaixorik dagoen txakurtxo bat duen bikote batek ere interesa agertu zuen. Jendea informazio eske ari da”.
Zerbitzuak
Aguilarrek adierazi du Gure Ametsetako Lorategira jotzen duten lagunek hainbat zerbitzu dauzkatela eskura: “Animalia jasotzen dugu, esaten diguten lekuan. Gorpua kontserbatzeko hozkailu bat eramaten dugu. Gorpua hona ekarri, eta, egurrezko etxetxoan, poltsa batean sartzen dugu, ostean lurreratzeko prozesua abiatzeko”. Animaliak jasotzeagatik eta hobiratzeagatik kobratzen dute. “Baita urtean 83 euroko kuota bat ere, aurreneko hiru urteetan. Horri esker, hilerria zabalik dagoen egun eta orduetan bisitak egitera etor daitezke”.
Galdameskoa abiapuntua besterik ez da. Proiektua handitzeko asmoa iragarri du Aguilarrek. “Lursail bat eskuratu dugu Gasteizen, eta nire bazkidea beste bat negoziatzen ari da Urdulizen ondoan. Urtebetean, bi horiek martxan jarrita izan nahiko genituzke. Urdulizkoa, behintzat, ahalik eta azkarren gauzatu nahi dugu”.
Biak jakitun dira gero eta etxe gehiagotan animaliak abere huts baino gehiago direla. “Familiako beste kide bat dira”. Hori dela eta, animaliak ugazaben errautsekin batera hobiratzeko aukera aztertzen ari dira. “Hasi gara galdezka, ea zer behar den. Izan ere, bateren batek galdetu digu aukera egongo litzatekeen”.