Javi West
Joan den maiatzean aurkeztu zuten egitasmoa herrian, eta ekainean sortu zuten elkartea: Sopelako ondare naturala eta kulturala zaintzea da Kiribile elkartearen helburua. Halaxe laburbildu ditu eratzearen arrazoiak Sonia Polo kideak: “Ikusten genuen zer ari den gertatzen gure herriarekin: alde batetik, eremuko eraikuntza politika erasokorragatik, eta, bestetik, gure bioaniztasunaren eta ondare historikoaren galeragatik”.
Horien babesa artikulatzeko era onena Sopelan eraztun berde bat sortzea dela uste dute elkartekoek, eta horretan dihardute orain. “Ondare handia daukagu, eta eraztun berde batek lagunduko liguke hori babesten eta indartzen”, azaldu du Polok. “Uste dut sopeloztarren bizi kalitatea hobetu dezakeela”.
Egitasmoak hainbat arlotako jendea bildu du, hogei bat lagun guztira, eta haien artean historialariak, biologoak, basozainak eta hegaztizaleak daude. Indar egin dute katalogatzean; hau da, ondare kulturala eta naturala batzean. Alde batetik, babesteko eta aintzat hartzeko balioko dielako, eta, bestetik, espezie inbaditzaileak katalogatzeak haien kontrako plan bat martxan jartzeko modua eman dezakeelako.
Elkarteak alegazioak aurkeztu dizkio Abaroko urbanizazioari. Poloren esanetan, Kiribile ez da sartu etxebizitzen aferan, baina ondoko naturguneak kontuan hartzea nahi dute. “Saiatzen ari gara horrelako proiektuak egiten diren bakoitzean eraztun berdearen egitasmoa txertatzen”. Elkartearentzat garrantzi handia du Abaroko eremuak, bi naturguneren arteko lotura delako: Urko eta Fraidementi. Urte askoan esku hartze txikia izan duen ingurunea denez, bioaniztasunaren garapena erraztu duela adierazi dute elkartekoek, eta aurkeztu dituzten alegazioetan adierazi dute hegazti askok daukatela Abaro etxetzat. Haien zenbaketaren arabera, gutxienez 41 espezie dira bertan bizi eta ugaltzen direnak, eta 27 migrazioan pasatzen direnak.
Hasiak dira jada erakundeekin hizketan, eta alkateak babesa adierazi diela esan du Polok. Gainera, alderdi politikoekin ere bildu dira. Horrez gain, beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeko asmoa agertu dute; besteak beste, Aranzadirekin, EHUrekin, Euskal Batzorde Ornitologikoarekin eta elkarte ekologistekin. Kiribileko kideak azpimarratu du ez dauzkatela baliabideak lana bakarrik egiteko: “Bioaniztasuna katalogatzen eta gure historia ikertzen ari gara, baina argi daukagu gai espezializatuak lantzeko orduan beste elkarte batzuekin hitz egin beharko dugula”. Gainera, eraztun berdearen proiektuan sar daitezkeen Iberreko eta Sekekoko errotak lotuko lituzkeen bide naturala Abarotik igarotzen da.
Ahaztutako herri bideak
Elkarteak herri bideen inbentarioa egiteko eskatu dio Sopelako Udalari. “Guk badakigu errotatik errotara bide bat egon ohi zela, eta guztiona zela”, adierazi du Polok. Gehienak kale edo errepide bihurtu badira ere, asko itxita daudela gogorarazi du Kiribileko kideak: “Pandemiarekin herritik atera ezinik ibili garenez, konturatu gara betidanik zabalik egon diren bide batzuk itxi dituztela”, gehitu du. “Hasieran da sokatxo bat, gero kate bat, eta azkenean debekatu egiten dizute igarotzea, kartel batekin”.
Elkartearentzat ezinbestekoa da katalogo eta inbentario hauek egitea, hobeto jakin dezaten zein lur diren udalarenak eta zein jabego pribatukoak. “Garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren lur publikoak; zer den herriarena, guztiona”, esan du Sonia Polok. “Dakigunean, erabaki ahalko dugu horiekin zer egin”.