Ibai Maruri Bilbao
Bilbo babesten zuen Burdin Hesia 1937ko ekainaren 12ko eguerdian hautsi zuten tropa frankistek, Gaztelumendin (Larrabetzu). Goizean, Eperlanda II metrailadore kokagunea suntsitu zuten, Gaztelumenditik kilometro batera, Gamiz-Fikan, lurretik eta airetik egindako eraso bortitz batekin. “Parez pare, Montañealde dago, eta han zeuden frankisten kanoiak. Airetik, berriz, Italiako eta Alemaniako ehun hegazkinetik gora ibili ziren bonbardatzen”, azaldu du Iñaki Libano Edestiaurre arkeologia taldeko presidenteak.
Uda honetan hasi dira Eperlanda II kokagunean indusketa lanak egiten. Aurretik, Loba (2018) eta Eperlanda I (2019) aztertu dituzte. Gamiz-Fikako Udalak, Orbelak eta Gogorak finantzatu dizkiete lanak. Loban zebiltzala, Asier Larrabe orduko Gamiz-Fikako alkateak esan zien hormigoizko bloke batzuk ikusi zituela mendi bide bat ireki zenean. “Orain dakigun guztia aurten egiten ari garen indusketa lan hauei esker jakin dugu; Eperlanda II erabat ezezaguna izan da”. Besteak beste, norantz egin zen tiro, norantz egin zen defentsa eta zer jaurti zieten jakin ahal izan dute.
Alkate ohiak aipatutako hormigoizko bloke horiek zaildu egin diete. Aurten lortu dute hondeamakina bati esker handik kentzea. Azpian gordeta dagoena bilatzen dabiltza orain. Metrailadore kokagunea topatu dute, eta lubaki bi: bata, kokagunearen ekialdean; bestea, mendebaldean. “Gerra materialez beteta dago ingurua; espero baino gehiago”, ohartarazi du Libanok.
Lehenengo metrailadore kokagunea suntsitu zuten frankistek. Uste dute ordu gutxiz egon zela erabilgarri. Oraindik asko dute ikertzeko eta topatzeko. Baina, oraingoz, barruan argi egiteko erabili diren kandelak, Frantzian egindako hegaluze kontserba latak eta pattar botilak aurkitu dituzte. Beraz, badakite gaua han igaro zutela gudariek. Bi izan ziren, gehiagorentzako lekurik ez dagoelako. Lubakietan, berriz, lau fusildun egon zitezkeen. Kontserba latei esker jakin dute. “Ez zuten izan kozinatzeko astirik: erasoa etengabekoa izan zen, eta hegaluzea kontserban jan zuten”. Obusen neurrigabeko erasoa sufritu zuten, eta uste dute inguruko galeriaren batean babestu zirela. “Indusketekin bukatutakoan hasiko gara galeria horien bila. Hala ere, inguruan baso lan asko egin da, eta, agian, ez ditugu topatuko”. Erasoa lasaitu eta tropa frankistak sartzen hasi zirenean, berriz itzuli ziren lubakietara fusilekin euren kokagunea babestera. Zelan dakite hori? “Metrailadore kokagunearen hormigoizko sabai suntsituaren gainean topatu ditugulako fusilen bala zorroak”. 1937an bertan Errusian eta Txekoslovakian egindako Mauser fusilak erabili zituzten.
Gudariren bat egon daiteke
Libanok esan du metraila asko topatu dituztela, eta ez da oso ohikoa izaten. “Gorago dagoen Eperlanda I kokagunean dozenaren bat zati topatu genituen; hemen, 500dik gora, zortzi metroko luzera duen eremuan”. Orain, metraila hori aztertu, neurtu eta pisatu egingo dute, frankistek gudariei gutxienez zenbat obus jaurti zizkieten jakin ahal izateko. “Lortuko dugun kopurutik gora izango ziren benetan erabilitako obusak, guk metrailak baino ez ditugulako pisatuko”. Urtarrilerako jakin ahal izango dute, baina badute susmorik. “180 inguru izan zitezkeen; 75 milimetrokoak, baina artilleria astuna ere bai: 105ekoak eta 150ekoak”.
Ez dute baztertu gudariren baten gorpua agertzea. Burdin Hesiko kokaguneen %80 leherrarazi egin ziren 1950eko hamarkadan, burdina hartzeko. Hesia diseinatu eta ondoren frankisten bandora igaro zen Alejandro Etxebarriari eman zion Francisco Franco diktadoreak horretarako eskubidea. Hala egin zuen, esaterako, Loba eta Eperlanda I kokaguneekin. Baina Eperlada II kokagunean han topatu dute burdina. Zergatik? “Deigarria egin zaigu, baina drone bidezko irudiekin ulertu dugu: 1937an, frankistek den-dena suntsitu zuten, eta han zegoen guztia lurperatuta geratu zen”.