Egarri eta gose

Egarriak jota daude Bizkaiko ortuak, eta horrek izugarri baldintzatu du baserritarren uzta. Etsipena nagusi zen joan den astelehenean Gernika-Lumoko asteroko merkatuan. “Erein genuenetik ez du euririk egin, eta ez dugu ezer batu ahal izan. Landare asko lehortu egin dira, eta bizirik irautea lortu dutenek ezer gutxi eman dute”. Hala laburbildu du Francisco Olaeta mendatarrak etxean ikusi duena.

Denetarik dauka ortuan, baina bereziki indabak landatzen ditu. Garai batean asko, gaur egun gutxiago, erretiroa hartu baitu. “Ikusten duzu zer dugun”, dio mahai gainean jarriak dituen otzarei erreparatuz. Piperrak eskuetan hartu, eta indar egin die: “Lehorrago daude, gogorrago; ez dute okelarik, eta oso hazi gutxi. Euririk egin ezean, hori gertatzen zaie”. Asko eta asko 40 gradutik gora egin zituen beroaldi haietan eguzkiak erre egin zizkiela ere ekarri du gogora. “Negarra eragiteko moduan daude”. Ureztatuz gero apur bat hobeak jaso daitezkeela dio, baina, Olaetaren esanetan, emaitzan bada aldea euria egin edo norberak ureztatu.

Bat dator horretan Busturiko Josefina Ormaetxea ere. San Bartolome auzoan dauka baserria. Erreka ondoan, 50 metroko putzua dauka. Bonba bidez ateratzen du ura handik, ortua ureztatu ahal izateko. “Horri esker salbatu dut aurtengo uzta”, dio. Hark darabilen ur horrek ez dauka txorrotakoak daukan klororik, baina, hala ere, esperientziak erakutsi dio landareentzat ez dela berdin lurra euriak busti edo norberak ura egin. “Zaporean ez zaie igartzen, nik ez behintzat. Baina euriarekin landareak eurak askoz biziago eta berdeago egoten dira, eta, ondorioz, uzta gehiago ematen dute. Ura egin diegun arren, beste urte batzuetan baino gutxiago bildu dugu”.

Ura putzutik ateratzeak, asko edo gutxi, dirua esan nahi du, elektrizitatea ordaindu behar baita. “Hala ere, merezi du, hori ordaintzeko eta apur bat gehiagorako ematen baitit salmentak. Bestela ez nintzateke hona etorriko”.

Olaetak, ordea, ez du horrelako beharrik hartu gura. Traktorearekin etxeko biltegian ura jaso eta ortura ekarri izan du tomate edo lekei ipurdira botatzeko, baina bestelakoan ortua ez du ureztatu. “Horretan hasiz gero, egunero jarraitu behar duzu, eta nire adinean, bizitzeko ortuaren beharrizanik gabe, ez du merezi”. Biek ala biek argi dute txorrotako ura erabiltzea ez dela aukera bat: garesti ordaindu behar da, eta denek ur hori erabiliko balute, berehala iritsiko lirateke murrizketak.

Olaetak etxeko kontsumorako ekoizten du, eta soberan geratzen dena astelehenetako plazara eramaten du. “Plazan saltzeko baserriak ez du merezi: gasolioa oso garesti dago, traktorearen matxurak konpontzeko dirutza behar duzu, eta norbere lanorduak amaigabeak dira”. Zaila da errentagarri egitea.

Oztopoak nahi beste ikusten dituzte, eta ez dute ez laguntzarik ez enpatiarik sentitzen. “Ekologistak kontu eske” joango zaizkiola eta, izenik eman nahi izan ez duen Muxikako andre baserritar batek bestelako arazo bat jarri du mahai gainean: basa animaliena. “Gero eta orkatz eta basurde gehiago daude. Ez dute zer janik, lehortearekin gutxiago, eta gure ortuetara etortzen dira ahal dutenaren bila. Dena jaten digute! Ikustekoa dago gure ortua”, salatu du, haserre, etsita.

Maribel Abajo gatikarrari, ordea, kalte beste mesede egingo dio lehorteak. Fruitu arbolak ditu etxean. Landareak eta fruituak ez eze, sagardoa eta txakolina saltzen ditu. “Nahiz eta sagarrondoak fruitua eman, sagarrak ez dira hazten, txiki geratzen dira. Eta mahatsari ere igarri diot lehor dagoela”. Sagarrondo mota batzuek lehorteari hobeto aurre egiten diote, eta beste urte batzuetan beste fruitu eman dute, nahiz eta sagar lehorrago eta txikiagoak izan. Horrek sagardo gutxiago esan nahi du. Beste sagarrondo batzuek loretan zeudenean galdu egin zuten, lehortearen eraginez. Hona, hala ere, beroaren alde ona: “Aurtengo sagardoak eta txakolinak azukre gehiago izango dute, mikaztasun gutxiago izango dute, eta askok nahiago dute hori”. Gozoagoa baina urriagoa, beraz, etortzear dauden sagardo eta txakolin berriak.

Zer janik ez

Larreak ezin dira ureztatu. Aspaldi geratu ziren belarrik gabe. “Guk normalean udan birritan mozten dugu, lehortu eta negurako gordetzeko. Aurten, behin baino ezin izan dugu moztu, nekez, eta, gainera, hasita gaude hori jaten ematen dagoeneko belardietan ez dagoelako ezer”, dio Loren Ortizek. Errigoitiko Bizkaigane baserrian kooperatiba bat dute hainbat lagunek. Horietako bat da hura. Behiak eta ardiak hazten dituzte, esnekiak ekoitzi eta saltzeko. Astelehenero izaten da Gernikan. Lehortutako belarra bukatzen zaienean erosi egin beharko dutela dio, eta ekoizpen kostua handituko zaiela.

Ortiz duela sei edo zazpi urtetik hona da kooperatibako bazkide. Urte lehorrak gogoratzen ditu, adibidez duela bost urte bizi izandakoa. “Baina ez aurtengoaren parekorik. Esango nuke hamarkadako gogorrena dela aurtengoa”.

Janari falta ez ezik, beroa ere sufritu dute Bizkaiganeko behi eta ardiek, eta hori esne produkzioan ere igartzen dela dio. Dena den, ez du uste litroak gutxitzea ekarriko duenik: “Jaten duen bitartean, ganaduak esnea ematen jarraitzen du”.

Erleak ere gose dira. Apiriletik ez du ganorazko euririk egin, eta ekainetik ez dago lorerik. “Urte normaletan, euritsu eta hezeetan, uztail hasierara bitartean izaten dute nektarra. Aurten, ekainean bukatu zitzaien jana erleei”, azaldu du Jesus Olaizolak. Gernika-Lumon bertan, Ereñon, Gautegiz-Arteagan, Munitibarren eta Arratzun ditu erlauntzak. Orotara, ehun bat erle. Janari falta hori glukosarekin ordezkatu du erleen elikaduran. “Bestela urrirako denak hil zaizkigu”, azaldu du. Kanpoan, orain, edateko urik ere ez dute aurkitzen. Gainera, janik ezean erreginak ez duela arrautzarik jartzen dio, eta horrek ondorengorik ez izatea esan gura du.

Euririk gabe, baserriak lehengaietan garrantzitsuena dena falta izan du udako uztan. Negura begira daude baserritarrak. Porruak, azak, azaloreak, babak eta ilarrak ereiteko eta landatzeko sasoia dator. Eguraldia lagun, horiek salbatu beharko dituzte datozen hilabeteetan Gernika-Lumoko astelehenetako azokako salmentan.