Peru Azpillaga Diez
“Carlos Agirianok Bilboko gotzaindegiaren salaketa jaso zuen; etxetik kaleratuko zutela jakinarazi zioten akordioren bat lortzeko aukerarik eman gabe”, ohartarazi du Iñigo Sancho Bilboko Maizterren Sindikatuko kideak. “Negoziazio mahai bat osatzen saiatu gara, salaketa hori bertan behera uzteko, eta abokatuaren bidez akordioa lortzen, baina alferrik izan da”, azaldu du Sanchok. Gotzaindegiaren egoitza ere okupatu zutela adierazi du, Bilboko Elizbarrutiko arduradunen batekin hitz egin ahal izateko, eta, hala ere, Agirianok epaitegira joan behar izan zuen uztailaren 15ean. Orain, epaileak etxetik kaleratzeko data noiz ezarriko zain dago.
Pentsioduna da Agiriano. Esklerosi anizkoitza du, eta %45eko elbarritasuna aitortuta. Jaio zen etxean bizi izan da beti, eta, egun ere, han geratzeko asmoa du. “Argi dauka han jarraitu nahi duela, haren egoerari dagozkion irizpide sozialak betetzen dituen, hau da, haren diru sarreren araberakoa den kontratu batekin”.
Agiriano Elizak eskainitako beste pisu batera mugitzeko prest ere badagoela esan du Sanchok; betiere, “haren egoerara egokitzen” bada. Caritasen Eguzkilore fundazioko pisu bat eskaini diote: “Urtebeteko kontratua, Eguzkiloreren tutoretzapean eta etxea partekatuz. Gainera, etorkizunerako bermerik gabe. Legez kontrako proposamena da, Carlosen askatasunaren eta Hiri Errentamenduen Legearen kontrakoa delako”.
Akordiotik kanpo
Agiriano bizi den eraikina eta ondokoa gotzaindegiarenak izan dira orain arte. Hamabost etxebizitza daude han: Agirianorena kenduta, beste hamalauek hogei urte daramatzate hutsik. Etxea Bilboko Begoña auzoan dago. Alokairua Agirianoren gurasoen izenean egon zen, haiek hil arte. Orduan arrebari esleitu zioten, kontratua amaitu bitartean. Hura ere laster hil zen. Hamar urte igaro dira ordutik. “Agiriano saiatu izan da kontratua haren izenean jartzen, baina ukatu egin diote”. Halere, hilabetero errenta ordaintzeko dirua eskatzen ziotela gehitu du, “etxegabetzea abiarazi arte”.
Baina zergatik orain? Sanchok argi du: “Hamabost etxebizitzetatik bakarra zegoen okupatuta, eta, hori kenduta, beste guztiak Jaurlaritzak erosi ditu, 1,7 milioi euroren truke”. Sanchok “jukutria” salatu du, eta bi arazo nabarmendu ditu Jaurlaritzak eta gotzaindegiak egindako operazioan. Batetik, saldutako etxebizitzak eliztar batek oparitu zizkiola gotzaindegiari: “Elizak erabiltzeko eta egoera zaurgarrian zeudenen eskura jartzeko ziren, inolaz ere ez haien bidez etekina lortzeko”.
Bestetik, Bilboko Maizterren Sindikatuko kideak azaldu duenez, EAEko 2015eko Etxebizitza Legearen barruan, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzera begira, Jaurlaritzak eskumena du bi urte baino gehiago hutsik daraman etxejabe handi baten etxebizitza bat erabiltzeko, Bizilagun programaren bidez. “Hala ere, negozioa egitea erabaki dute: ia bi milioi euroko operazio bat egin, eta diru publikoa esku pribatuetan utzi dute”.
“Kasualitatez, Agirianorena da saldu ez zuten etxe bakarra, Jaurlaritzak ez zuelako arazorik nahi”, dio Sanchok. Izan ere, akordio bat lortzeko aukera “baztertu”, eta “presioa egiteko” salaketa jartzea erabaki zutela salatu du Sanchok. “Irtenbide adostua eskatzen dugu”.
Elizaren ikuspuntua
Elizbarrutiak Juan Mari Seco idazkari nagusiaren ahotik egin du berba. Hark azaldu duenez, gotzaindegiak ez ditu aldatu kontratuaren baldintzak, duela hamar urtetik ez dagoelako kontraturik: “Hamar urte daramatza kontratu eta errenta barik”. Epaiketara ez jotzeko hainbat proposamen egin dizkiotela esan du: “Haren egoera pertsonala eta etxebizitzarekiko duen lotura kontuan hartuta”, etxean segitzeko aukera ere eskaini diote. “Ez dugu jaso erantzunik”. Negoziatzen jarraitzeko prest daudela dio Secok.