Natalia Salazar Orbe
Tantaka iritsi dira kexak eta murrizketa salaketak azken hiletan. Otsailean Deustuko etengabeko arreta zentroa (EAZ) itxi zuen Osakidetzak. Uda sasoian, berriz, hainbat herritan ohi baino askoz egun gutxiagotan eskainiko dute lehen arreta zerbitzua. Pediatra zerbitzuen murrizketak ere badituzte ahotan beste batzuek. Osakidetzak udako zerbitzuen murrizketei buruz esan du herritarrei arreta emateko ordutegiak “egokitu” egin dituztela, asistentzia eskaria “nabarmen” murrizten delako sasoi horretan. Hala, Busturialdeko hainbat udalek azaldu dute ezadostasuna udako kontsultategien antolakuntzarekin, eta Osakidetzari eskatu diote irizpidea aldatzeko, “zerbitzu egokia bermatzeko”. Hain zuzen, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Ibarrangelu, Mendata, Morga, Murueta, Muxika eta Nabarnizko udalek egin dute eskaera. Munitibar ere gehitu zaie.
Udalok esan dutenez, ekainaren 21az geroztik irailaren erdi aldera arte, “nabarmen murriztu” dituzte herriotan mediku kontsulten egunak. Salatu dute Osakidetzak “ezohiko neurriak” hartu dituela, eta, ondorioz, herri bakoitzeko kontsultategia astean behin bakarrik egongo da zabalik. Herriotako udalek euren herritarrentzat “arreta duina” bermatu nahi dutela adierazi dute; “batez ere, adinekoentzako, haiek jotzen dutelako gehien medikuarengana”. Egoera horren aurrean, mediku kontsultategiak irekitzeko irizpideak berrantolatzeko eskatu diote Osakidetzari.
Osasun Sailak lau kontsultategi talde sortu ditu herri horien artean. Bakoitzean mediku eta erizain bana jarri ditu. Eta, asteko egunaren arabera, herri bateko edo besteko zentro medikuan emango dute zerbitzua. Lanegunetan, herritarrek egunero egin dezakete telefono bidezko kontsulta, baina aurrez aurrekoa behar izanez gero, egun horretan zabalik dagoen herrikora joan beharko dute, dagokien udalerri taldearen barruan.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak gainerako herrietako alkateen izenean azaldu du egoera horrek sortzen dizkien zailtasunak: “Gure herrietan zahartze indizea nahiko altua da, eta adineko pertsona horiek erabiltzen dute gehien zerbitzua; gainera, ohikoa da joan-etorriak egiteko arazoak izatea, eta haientzat eragozpen bat da beste udalerri batera joatea. Edo senide baten laguntza behar dute, edo garraio publikoaren mende daude, eta, autobusen maiztasuna udalerri batetik bestera aldatzen bada ere, joan-etorriko bidaia oso zaila izan daiteke”.
Pandemia egoeran herritarren osasuna bermatzeko egin den “lan nekaezina” eskertu badute ere, desadostasuna adierazi dute udako zerbitzuaren antolaketari dagokionez. “Uste dugu informazio hau udalerrietako alkateekin partekatu beharko litzatekeela erabakia hartu aurretik. Beraz, udal gisa, ez gaude ados irizpide hauekin”.
Antzeko egoera deitoratu dute Lea-Artibaiko eskualdeko hainbat herritan ere. Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek euren udalerrietako kontsultategietan beharrean, Lekeitioko anbulatorioan jasoko dute aurrez aurreko arreta. Uztailaren 19tik aurrera aldizka, eta abuztuaren 16tik irailaren 10era jarraian egongo dira egoera horretan. Gainera, Mendexako eta Amorotoko kontsultategietan maiatzaren 17az geroztik daude aurrez aurreko arreta jaso gabe.
Elkarretaratzea, Lekeition
Herriotan osasun zerbitzua aldarrikatzeko elkarretaratze bat ere egin zuten Lekeitioko osasun etxearen aurrean. Deialdea Mendexako eta Amorotoko herritarrek egin bazuten ere, Aulesti, Ea, Gizaburuaga eta Ispasterko bizilagunek ere bat egin zuten. Oinarrizkoa den arreta aldarrikatu zuten: “Uda sasoian herri txikiotako kontsultategiak itxi egingo dituzte, zerbitzua Lekeitioko osasun etxean zentralizatuko delarik. Osakidetzaren lehentasunak datu kuantitatiboak erabiliz ezartzean, herri txikietako biztanleak ez gara lehentasun horietan sartzen, eta, ondorioz, bigarren mailako biztanle sentiarazten gaituzte”, adierazi zuten.
Elorrion ere kezka azaldu dute udan astean bi egunetan bakarrik izango dutelako herrian pediatra zerbitzua. Udalak ohar bidez azaldu du iturri “estraofizialen” bidez jakin dutela datozen bi hiletan izango duten zerbitzu horren berri. Osakidetzak “osasun zerbitzuaren kalitatea” berma dezala eskatu du udalak.
Eusko Jaurlaritzak azaldu du Osakidetzak osasun zentroetako arreta emateko ordutegia asistentzia eskariaren murrizketara egokitu duela. 2019an osasun zentroetan egondako pazienteei buruzko datuak erreferentziatzat hartuta, azaldu du uztailean eta abuztuan Familia Medikuntzan eskaria %33 jaitsi izan dela, jende gehien pilatzen den hilekin —urtarrila eta otsaila— alderatuz gero.
Durangoko eskaera
Durangoko Udalak herrian osasun arreta indartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Larrialdi zerbitzuetan pediatra 24 orduz egongo dela bermatzeko eta eskualdean UVI anbulantzia medikalizatua jartzeko eskatu dute.
EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-Podemos-Independenteak taldeak onartutako mozioaren arabera, “arreta komunitarioaren” aldeko apustua inoiz baino beharrezkoagoa denean, “lehen arreta indartu beharrean, lehen arreta desantolatzen ari dira”.