Peru Azpillaga Diez
“Osasun larrialdia baino lehen jada oso txarto zebilen trena: maiztasuna oso txikia zen eta beti zegoen oztopo edo matxuraren bat”. Hala salatu du Gloria Luxan Santander-Bilbo Trenaren Defentsaren Aldeko Plataformako kideak. Osasun larrialdia medio, Enkarterri Bizkaiko hiriburuarekin lotzen duen tren zerbitzua gehiago “okertu” dela nabarmendu du: 2020ko martxoaren 28tik, norabide bakoitzeko tren bakarrarekin bizi dira egunean.
Uztailaren 11tik aurrera frekuentzia handituko duela jakinarazi du Renfe Espainiako tren konpaini publikoak. Hala, astelehenetik ostiralera, Bilbo eta Karrantza lotuko dituen beste tren bat egongo da, Karrantzatik 6:38etan aterako dena; eta Bilbo – Santander ibilbidea osatuko duten beste bi zerbitzu, bat noranzko bakoitzeko: Bilbo (13:00) – Karrantza (14:13) – Santander (16.00) eta Santander (14:00) – Karrantza (15:47) – Bilbo (16:59). Ondoren, irailaren 5etik aurrera, pandemia aurreko zerbitzu eskaintza berera itzuliko direla ere jakinarazi du Renfek.
“Hori esan dute. Baina, egia esan, gu jada ez gara fio. Orain dela hamar egun beste gauza bat esan zuten, eta, oraingoan, egia izango bada, berandu helduko den neurria izango da”, ohartarazi du Luxanek. Argudiatu duenez, frekuentzia berri horiek ez dira “aproposenak” beraientzat. “Ez dugu arratsaldean Bilbotik itzultzeko tren bakar bat ere izango. Azkenean, berdin ibiliko gara: Bilbora joan, bai, baina gauza azkarrak egitera, 13:00etan izango dugulako herrira itzultzeko aukera bakarra”. Gaineratu duenez, plataformatik lanean jarraituko dute zerbitzua “berrezarri eta hobetu” arte. “Trenbidean inbertitu beharra dago, jada ez da soilik maiztasun kontua, azpiegitura ere hutsaren hurrengoa da. Guk gure eskualdean garraio publiko, irisgarri eta kalitatezko bat aldarrikatzen dugu”.
Denbora gehiago bidaian
“Kokoteraino” daudela esan du. Maiztasuna urritu ez ezik, bidea osatzeko behar duten denbora luzatu zaie. Kontatu duenez, duela hamar urte tren horrek berak ordubete behar zuen Karrantzatik Bilbora joateko. Azken urteetan, ordea, zerbitzuak “behera egin duela dio: “Osasun larrialdia baino lehen jada ordu eta erdi behar zituen trenak ibilbide hori bera egiteko. Eta hori, dena ondo joatekotan. Izan ere, ohikoa zen autobus bat agertzea makinistarik ez zegoelako edo dena delakoa. Zerbitzu eskasa da. Tunelak pasatzeko trena gelditu behar da; astiro doa, orduko 10 edo 20 kilometroko abiaduran”.
Osasun larrialdiarekin trenak zituen arazoak “areagotu” egin direla azpimarratu du Luxanek. Izan ere, zerbitzu “eskasari”, “maiztasun eza” gehitu baitzaio. “Kokoteraino geunden jada. Orain, urtebete baino gehiago daramagu tren bakarrarekin egunean. Gainera, ordutegiak ez dira bateragarriak: oraingoz, Bilbotik bakarra ateratzen da, 8:00etan, eta Karrantzatik 9:30ean. Beraz, ezinezkoa da joan etorria egitea”.
Luxanek kritikatu duenez, gauza gehienak “normalitatera” itzultzen ari diren bitartean, Santander (Espainia)-Bilbo tren zerbitzuko erabiltzaileek 468 egun egin dituzte tren bakarrarekin egunean. “Orain urtebete deialdi bat egin zen Karrantzan egoera salatzeko. Ehun lagunetik gora batu ginen, eta gaua igaro genuen geltokian. Ondoren jaio zen plataforma”. Geroztik, urtebete daramate lanean: sinadura bilketak, manifestua, mozioak, protestak… Azkena, joan den astean Bilbon egindako manifestazio jendetsua.
“Inork ez du bere ardura onartu nahi”, esan da Luxanek. “Eusko Jaurlaritzak dio eskumena ez dela berea, eta horrela dabiltza guztiak, baita Bilboko Udala ere; jakinarazi zigun, manifestuaren puntu batzuekin ados egon arren, AHTa amaitu arte ezertxo ere ez duela egingo”. Hala, ardura Renferena dela azaldu du Luxanek, azpiegituren mantenua Adifen esku dagoen arren. “Renfek adierazi du eskariaren arabera maiztasunak handitzen joango direla. Baina nola igoko da eskaria zerbitzurik ez badago?”, galdetu du; “ez du zentzurik”.
Herriak husten
Tren “duin” baten alde abiatu duten borroka “oso positibotzat” baloratu du Luxanek. Dioenez, “gutxi” dira eskualdeko herrietan bizi direnak; hala ere, jende asko batzea lortu dute. Zerbitzu publikoen eskaintza “eskasak” herrietan bizitzea “are zailagoa” egiten duela uste du. “Karrantzatik Bilbora joateko, trenaz aparte, autobusa dugu. Hala ere, ez da zerbitzu zuzena; Zallan gelditu eta aldaketa egin behar da. Denbora behar duzu eta guretzat trena erosoagoa da”.
Kontatu duenez, aspalditik daramate Bilbo eta Santander lotzen dituen trenbidean hutsuneak jasaten. “Hiltzen utzi nahi dute zerbitzua; horregatik ematen dute gero eta zerbitzu okerragoa. Jendeak ezin du lanera joateko ere hartu. Normala gero eskaria jaistea…”. Horrek herriko jendea autonomia gabe uzten duela dio Luxanek, eta txertoen adibidea azaldu du: “Norbaitek eraman behar izan gintuen BECera txertatzera, ezinezkoa genuelako garraio publikoz joatea hara”.