Peru Azpillaga Diez
Bizkaiko flyscharen bidez, Getxo-Uribeko turismo sektorea indartzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Ion Gorka Elgezabal Jata Ondo Uribe aldeko landa garapenerako elkarteko presidenteak. Horren bitartez, eskualdeko turismoaren garapena eta hazkundea sustatu nahi dituzte, sektorearen egoerari bultzada bat emanda. Egitasmoan eskualdeko turismo aktiboko 38 enpresak parte hartuko dute.
Diotenez, bi elkarteen helburuetako bat da turismoa sustatzea, besteak beste, sektore horrek “ekonomia dinamizatzeko, produktibitatea handitzeko eta enplegua sortzeko” duen gaitasunagatik nabarmentzen delako. Hala, bai Agirrek, bai Elgezabalek adierazi duten bezala, bi dira hitzarmenaren bidez lortu nahi dituzten erronkak.
Batetik, eskualdeak dituen bisitarien kopurua handitzeko asmoa agertu dute, betiere “baliabideen jasangarritasuna errespetatuta, haien karga gaitasuna arriskuan jarri gabe”. Bestetik, eskariaren urtarokotasuna gainditzea ere izango dute helburu, urte osoan “gozatu” ahal izango diren produktu, ibilbide eta esperientzia berrien bidez, “eta ez soilik uda sasoian”.
“Partekatzen ditugun baliabideen inguruko proiektuak martxan jartzeko aukera emango ditu lankidetza hitzarmen honek. Modu ordenatuan eta irudi bakarra eta homogeneoa eskainiz jardungo dugu”, azpimarratu du Agirrek. Eskaintzaren kudeaketa eraginkorragoa ekarriko duela deritzo Getxoko alkateak, eta, hortaz, uste du bisitarien gogobetetasun maila handiagoa izango dela. “Gainera, modu parte hartzailean egingo dugu”, erantsi du. “Gure jardun eremuan diharduten enpresa pribatuekin batera eta eremu horretan eskumena duten tokiz gaindiko erakundeekin kooordinatuta”, azaldu du.
Sinatutako lan hitzarmenaren barruan garatuko duten lehen proiektuak flyscharen balioa nabarmentzea izango du helburu. Horretarako, 2021ean 33.000 euroko inbertsioa egingo dute —%30, Getxoko Udalak, eta %70, Jata Ondok—, Bizkaiko flyscharen inguruan dagoen natura ondarea eta turismo eskaintza bildu eta zabaltzeko.
Bizkaiko flyscha
Getxo eta Bakio arteko geozona biltzen du Bizkaiko flyschak. Elgezabalek gogoratu duenez, 50 milioi urte baino gehiagoko eratze prozesu baten ondorioa da; hau da, dinosaurioak desagertu zirenekoa: “Lurralde espazio hau munduko geologia atalik onenetakoa da. Bizkaiko hamar baliabide nabarmenetakoa da. Estrategikotzat jotzen da turismo fluxuak dinamizatzeko eta birbanatzeko lurraldean barrena”, esan du Elgezabalek.
Besteak beste, honako hauek dira proiektuan jasotzen diren jarduera nagusiak: marka berria sortzea eta geozonari buruzko informazioa bilduko duen webgune bat martxan jartzea; proiektuarekin bat egiten duten enpresen jarduera sustatzea; eta eremuaren mapa diseinatzea.