Larrazabale gogoan

Busturian, beste hainbat herritan bezala, auzo eskolak izan ziren. Paresin eta Axpeko Goierri auzoan egin zituzten. Horrek, Goierriko Larrazabale eskolak, 80 urte bete ditu aurten, eta urteurren biribil horren harira, dokumental bat prestatu du Añebustin auzo elkarteak —auzoa pizteko eta bertako premiak gainditzeko helburuarekin sortu zen, 1995ean—. “1932an inauguratu zen eskola, eta 80. urteurrena zenez, garai egokia zela pentsatu genuen”, azaldu du Leonor Bilbao elkarteko presidenteak.

Eta hala ekin zioten. Baserriz baserri, eskola hartan ikasle izan zirenekin hitz egiten saiatu ziren. Guztira, 35 lekukotasun bildu dituzte, eta dokumental horretan jaso. Tartean, Jesus Larrabaster (Busturia, 1926) eta Maria Luisa Arrateren (Busturia, 1939) testigantzak entzun daitezke.

Eskola inauguratu eta berehala, bertako ikasle bihurtu zen Larrabaster. Aitak, auzoko beste hainbat lagunek bezala, lan handia egin zuen eskola hura eraikitzeko. “Gurdiekin ibiltzen zen lanean. Oso gogorra zen. Izan ere, eguneroko lana bukatuta aritzen ziren eskolako lanetan”, azaldu du, auzokideek egindako beharra goraipatuta.

Leonor Bilbaok ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan 19en Elkartea. “Errepublika garaiko auzo eskolen proiektuaren helburua alfabetatzea eta kultura esparru guztietara eramatea zen, eta Larrazabale 19en Elkarteak sortu zuen. Izen hori hartu zuen taldeak 19 lagunek sinatu zutelako eskola eraikitzearen aldeko akta. Eta haien artean eraiki zuten”.

AEBetan bizi zen Balentin Agirre busturiarrak emandako “diru laguntza ederra” ere aipatu beharrekoa iruditu zaio. “Eskulana, ordea, bertoko gurasoen artean egin zen”, zehaztu du. 19en Elkarte horren barruan emakume bakarra zegoen. “Alarguna zen hura: Florencia Iturri”. Bilbaok argi du eurek zeukaten baino kultura maila handiagoa nahi zutela seme-alabentzat, eta “asmo horrekin sortu zen eskola”.

Maria Luisa Arratek ere iritzi bera du: “Etxean beti ikusi izan dut umeek gehiago ikasteko ilusio hori”. 1944 inguruan hasi zen Arrate eskolara, bost urte zituela. Larrabasterrek eta berak dituzten oroitzapenak, ordea, ez dira oso antzekoak. Garaiak markatutako oroitzapenak gorde ditu Larrabasterrek, 1936ko gerrakoak.

Gerrakoa, “garai txarra”

“Ez daukat oroitzapen onik”, laburbildu du; “oso garai txarra izan zen”. Hasieran, II. Errepublika garaian, euskaraz ikasten zutela oroitzen da. Zazpi urterekin hasi zen bera. “Euskaraz ikasten genuen, nazionalak sartu ziren arte”. Eskolak euskaraz hasi eta gaztelaniaz bukatu zituen, beraz, 11 urte bete baino lehen. “Analfabeto hutsa nintzen. Ez nuen ikasi ez batera, ez bestera “, esan du. Beldurra zen nagusi orduan.

Erabat desberdina da Arratek gogoratzen duena. Harentzat, baserriko lan astuna alde batera utzi eta ume artean arnasa hartzeko modu bat zen eskola. “Asko gustatzen zitzaidan. Beharbada, baserriko lana oso gogorra zelako. Umeekin, gainera, asko jolasten ginen han. Antzina, haur asko geunden auzoan. Eta eskolan beste adin batzuetako haurrekin eta urrunagokoekin elkartzeko aukera geneukan. Eta ikasi ere egiten genuen”, ekarri du gogora.

Andereñoak ere gogoan ditu. “Maistrak asko aldatzen ziren. Hala ere, nik uste dut meritu handia zutela hona etortzeagatik. Izan ere, astelehenetan etorri eta ostiralera bitartean bertoko baserrietan geratzen ziren. Haientzat gogorra izan behar zuen gure baserrietan gelditzea, kontuan hartuta, gainera, antzina ez zegoela ez argirik, ez ezer. Guretzat egoera normala zen hura, baina haientzat gogorra izan behar zuen hemen bizitzeak”, iritzi dio.

1940ko eta 1950eko hamarkada hartan ibili zen Arrate eskolara, 5 urte zituenetik 12 bete arte. Zigorren oroitzapenik ez du gorde. “Nire lagunek sarri kontatzen dute atzamarrak batu eta gora begira jarrita erregela batekin jotzen zigutela, baina nik ez daukat gogoan horrelakorik. Joko zidaten, seguru, ni ez nintzen santua izango eta. Baina ez daukat gogoan eskolara ibilitako sasoiari buruzko une txarrik”, esan du.

Eskolan ikasitakoari buruz galdetuta, barrea atera zaio Arrateri. “Askorik ez, gaur egun beste ez behintzat. Enciclopedia (Entziklopedia) izeneko liburu bat geneukan, baita aritmetikako liburu bat ere. Batuketak eta biderketak egiten, gauzak gogoan gordetzen… ikasi genuen”, azaldu du.

Herriko eskoletan, dena den, ikasleek gehiago ikasiko zutela uste du. “Maistrek, oso borondate ona izan arren, hemendik joan eta beste plaza bat eskuratzeko gogoa izaten zuten”. Beraz, irakasleen joan-etorria handia zen garai hartan. Horrez gain, Larrabasterrek eta Arratek, biek azaldu dute adin guztietako haurrak gela berean ari zirela, irakasle berarekin. Arratek irakasle baten izena du gogoan: Elena Mieza. Larrabasterrek, Obdulia gogoratu du, abizenaz oroitu ez bada ere.

Goierri auzoko haurrei, Bizkaiko hainbat herritako auzo askotako umeei bezala, eskolara goiz hasteko aukera eman zien Larrazabalek. Izan ere, Arrate ziur da eskola hura zabalik egon ezean, zaharrago hasiko zituela ikasketak. “Hemendik Axpera jaitsi beharko genukeen, eta, 5 urterekin, ezinezkoa izango zen”.

Leonor Bilbaok gogora ekarri duenez, hiru kilometro eta erdiko aldats luzea dago Goierri auzotik Axpe erdiguneraino. “Beraz, ezinezkoa litzateke behera eta gora ibiltzea eskolara, elurrarekin, euriarekin… Pentsa zelango abantaila izan zen hemen goian eskola bat egitea”.

Auzoari eskolak gauza on asko eman zizkiola deritzo Arratek. “Egon ez balitz, gure bizitza bestelakoa izango litzateke. Txarragoa, eskolara urrunago joan beharko genukeelako. Bestalde, baliteke gehiago ikasi izana edo eskolan luzaroago ibili izana. Nire ustez, dena den, mesede handia egin zigun eskola hura zabaltzeak”, esan du. “Eskolari esker, auzo taldea sendotu egin zen. Adin guztietako haurrak batera ibilita, prestakuntza handirik ezin izan dugu jaso. Ikasteko, dena den, adin txarrik ez dago”, ondorioztatu du. Larrabasterrentzat, auzo eskola besteak baino hobea zen, “han euskaraz egin ahal izaten genuen eta”. 1977an itxi zen Larrazabaleko eskola, behin betiko.