Lauaxeta olerki lehiaketarako deialdia zabaldu du Mungiako Udalak

Bosgarren Lauaxeta olerki lehiaketarako deialdia egin berri du Mungiako Udalak.Aurreko urteetan bezala, jakinarazi dute aurten ere lehiaketa hori irekia izango dela forma eta eduki aldetik. Gaia zein izango den, ordea, zehaztu egin dute. Hain zuzen, Lauaxetak berak idatzitako Amayur gaztelu baltza olerkiaren interpretazioarekin lotutako lanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzen dutenek.

Beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte lehiaketan parte hartzen dutenek. Aurkeztutako lanek, gutxienez, 100 bertso lerrokoak izan beharko dute, eta, gehienez, 200 lerrokoak.Lanek, gainera, jatorrizkoak izan behar dute, inoiz argitaratu gabeak eta beste lehiaketa edo sariketa batean saririk jaso ez dutenak. Beste hizkuntza batetik itzulitako lanak ere ez dituzte onartuko Mungiako lehiaketan.

Sari banaketak beste kultur ekitaldi garrantzitsu batekin bat egingo du. Izan ere, urriaren 28an egingo dute: Mungiako Lore Jokoen Egunean, hain zuzen ere. Bi helburu ditu egun hori zehaztu izanak. Batetik, Lauaxetak bizi izandako euskal literaturaren loraldia gogora ekarri gura dute, eta sariketa kultur giro horretan txertatu. Bestalde, Estepan Urkiaga olerkaria garai hartako eta egungo idazleen arteko zubi gisa irudikatzea dute xede.

Lanak Astiune udal erakundearen egoitza nagusian aurkeztu behar dira, urriaren 16a baino lehen. Sariei dagokienez, lehenengoa 800 eurokoa izango da eta, bigarrena, 500 eurokoa.