Atzerako bueltarik ez dauka. Balmasedan, Foruen plazan dagoen gasolindegia itxi egingo dute. Hala erabaki du bertako udalak, talde guztien onespenarekin.
Herritarrak ere bat datoz erabakiarekin. Bereziki, joan den uztailaz geroztik. Hilabete hartan erregai isuri bat gertatu zen. Ez zen kalte larririk izan. Hala ere, aspalditik zegoen zalantzan jarria gasolindegia toki egokian ote zegoen.
Gasolindegia kudeatzen duen konpainiarekin denbora asko darama udalak lekuz aldatzeari buruz berbetan. Eta, Joseba Zorrilla alkateak adierazi duenez, enpresa horrek 2011ko uztailean esan zien kokaleku berria ez zitzaiola interesatzen, “behin prozesua hasi ostean”.
Geltokia deritzon inguruan jarri nahi du udalak gasolina zerbitzugune berria, eta horretarako lur eremua ere erosia du. 2010eko abenduan erosi zuten. Leku aproposa iruditu zitzaien, “Bilborako bidean jartzea egokiagoa zela iritzita; Bilbo alderantz baitabil Burgoserantz baino jende gehiago”, esan du Zorrillak. Konpainiak ezetza emanda, baina, “gasolindegia ahalik eta azkarrena itxi ahal izateko” tramiteak hasi zituztela azaldu du.
Prozesua martxan zela, joan den uztailaren 21 eta 22ko asteburuan, erregai isurketa bat gertatu zen. “Inguruko garajeetan gasolio usain handia sumatu zuten, eta lagin batzuk hartu behar izan ziren. Isuri bat izan zela ikusi zen orduan”. Gasolindegiak obra lizentzia eskatu zuen udalean, Eusko Jaurlaritzako Industria sailak eskatzen zizkion neurriak bete ahal izateko. Eskaera, baina, uztailaren 27an aurkeztu zuten, San Inazio zubiaren bezperan, bulego teknikoko langileak oporretan zeudela. Horrenbestez, udalak ez zien baimenik eman. “Hala ere, hilaren 30ean obrak egin zituzten, baimenik jaso gabe”, gogorarazi du alkateak.
Hortik abiatuta, gasolindegiak jarduera eteteko kautelazko neurri bat ezarri zuen udalak. Abuztuaren 10eko dekretua da hori. Gasolindegia kudeatzen duen konpainiak, bestalde, alegazioak aurkezteko epe bat duela jakinarazi du Zorrillak, eta epe horren barruan daudela gaineratu.
Foruen plazan 50 urtetik gora daramatzan gasolindegia leku horretatik kentzea du helburu nagusi orain udalak, eta osoko azken bilkuran guztiek aho batez onartutako mozioan hala bozkatu zuten. Udalak, baina, gasolindegia dagoen lekutik kendu nahi du, eta berehala zerbitzu berria Geltoki inguruan martxan egotea. Gaur egun Foruen plazako negozioa kudeatzen duen enpresak leku berria onartzen ez badu beste enpresa bat horretarako prest dagoela iragarri du, gainera, Balmasedako alkateak.