Natalia Salazar Orbe
Hainbat eragilek sinatu dute Bilboko, Erandioko eta Sondikako udalek Artxanda aktibatzeko osatu duten planaren eztabaidan parte hartu nahi dutela adierazteko manifestua. Zenbait auzo elkarte eta talde ekologistak egin dute eskaera. Bertan elkartu dira Herri-bideak Kate-barik elkartea, Erandioko Auzokoak Herrikoi elkartea, Artxandako auzo plataforma, Deustuko Zubi artean elkartea, Bilboko Auzo Elkarteen federazioa, Uribarriko Gure Etxea elkartea, Ekologistak Martxan Bizkaia eta Zero Zabor Bizkaia.
Agiria sinatu duten elkarteen ustez, “beharrezkoa eta egokia da Artxandako eremuan esku hartzea”, eta positibo deritzote jarduera horiek eremu horretan eta bizilagunen eta ingurukoen bizi kalitatean izango duten eraginari. Hala ere, azpimarratu dute Artxanda Aktibatzeko Plana abian jarri eta zabortegi berrietarako lizentziak ematearekin batera eztabaida sozial eta parte hartzaile zabalagoa ireki behar dela, “eremu osoaren deskontaminazioaren eta erremediazioaren gaiari lehenbailehen heltzeko”.
Izan ere, gogora ekarri dutenez, aktibazio plana ez dutenez izendatu plan berezi gisa, legeak ez die exijitzen ingurumen inpaktuari buruzko txostena aurkeztea; ezta jendaurrean ikusgai jartzea ere. Adierazi dute horrek mugatu egiten dituela alderdi politikoen eta elkarteen parte hartzeko bideak, “horiek alde batera uzten baitituzte ekarpenak egiteko orduan”.
Ingurunea, “hondatuta”
Manifestuaren sinatzaileek gogora ekarri dute Artxanda Aktibatzeko Plana “oso hondatuta eta kutsatuta dagoen ingurune batean garatuko dutela”. Horren adibideak ere eman dituzte: besteak beste, hondakin toxiko eta arriskutsuak dituzten zabortegi abandonatuak aipatu dituzte, hala nola Santo Domingoko HCH lindanoa edota lindanoz kutsatutako Bilboko hiri-hondakin solidoen zabortegi zaharra. Azaldu dutenez, Bidezain S. L. enpresak baimena eskatu du bertan hondakin ez arriskutsuen —alegia, industria hondakinen— zabortegi bat eraikitzeko.
Horiez gain beste zabortegi batzuk ere badaudela gorarazi dute: Enekuri eta Bilbo artean dagoen hondakin inerteen zabortegia —gaur egun ez dago aktibo—, eraikuntza eta eraispenetako hondakin inerteen Volbaseko zabortegia eta Sangronizeko eremua —abandonatuta dago, baina industria hondakinen zabortegia izan zen—. Inguruetako auzo elkarteek sarri salatu izan dute hondakindegi horiek guztiek kutsatu egiten dituztela Asua eta Ibaizabal ibaien urak, eta udal agintariek ez dituztela konpondu kutsadura arazo horiek.
Komunikabideen bidez
Auzo eta ekologista elkarteek salatu dute “prentsako titularren eta albisteen bidez” izan zutela inguruan egingo dituzten lanen berri. Besteak beste, “egoki eta positibo” deritzote BI-3741 errepidearen ibilbide osoa “oinezkoentzako ibilbide segurua duen hiri eremu bihurtzeko” proiektuari —begiratokiak eta hiru eremutarako hobekuntza jarduerak aurreikusi dituzte—: “batez ere, hain oldarkorra ez den mugikortasunaren aldeko aldaketa izan daitekeelako eta inguruko erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeari lehentasuna ematen diolako”, esan dute. Baina uste dute ezin dutela ahaztu Artxandako ingurua oso “degradatuta eta kutsatuta” dagoela. Horren aurrean, esan dute Artxandako Aktibazio Planak jarduerak egingo dituen eremuan zabortegi zaharrek kutsatutako lurzoru guztietan egin behar direla deskontaminazio eta erremediatze lanak.
Horiek guztiak kontuan izanda, berretsi dute Artxanda Aktibatzeko Plana ezin dela erabili beste hirigintza tresna batzuek betetzen dituzten eskakizunak alde batera uzteko: “Aitzitik, zorrotz bete behar ditu eskakizun horiek, eta, are gehiago, horiek egiteko orduan herritarren parte hartzea bermatu eta bultzatu behar du”.
Beharrezkotzat jo dute “helburu argiak dituen proiektua”. Ildo horretatik, jarduerak arautzeko eta ingurunea leheneratzeko neurriak proposatzeko plan berezi bat abian jartzeko eskatu dute.