Z. Jainaga Larrinaga
NeskArtfest jaialdia foro batekin hasiko da gaur arratsaldean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte eszenikoetan genero berdintasuna lortzeko gogoetak plazaratuko dituzte. Bertan parte hartuko du Olfa Sendesni (Tunisia, 1991) aktoreak. Jaioterrian hasi zituen interpretazio ikasketak, eta Bilbon bizi da egun. Emakume eta migratzaile izateak aktore lanetan nola eragiten duen izango du hizpide. “Lehen aldia da halako zerbaitetarako kontuan hartzen nautena”.
Eszenan berdintasuna dago?
Emakume migratu baten ikuspuntutik hitz egiten badut, ez dago berdintasunik. Esparru artistikoan migratzaileen irudikapen diskriminatzailea edo partziala dago; batez ere, fikziozko programetan.
Zertan nabaritzen duzu?
Estatu Espainiarrean kultura aniztasuna gai zerrendan dago, baina ez da fikzioan islatzen. Eta islatzen bada, gure herrialdeek esportatu dituzten estereotipoen betikotasunean ikusten dut neure burua. Aniztasuna normalizatu beharko genuke, baina oraindik lan handia egin behar da beste azentu edo azal kolore bat duen pertsonaia bat justifikaziorik gabe edozein antzezpenetan agertzeko. Eta hori gogorra eta zaila da batez ere arte dramatikoa ikasi dugunontzat. Badirudi kanpoan ikastean, Afrikako edo Hego Amerikako herrialde batean, tituluak bere balioa galtzen duela.
Zer arazorekin aurkitu zara?
Emakume arabiar gisa, eskuratu ditzakedan casting guztiak beti dira hijaba duen emakumearen paperetarako, otzana, bost seme-alaba dituena edo ikasketarik gabekoa. Eta ez da egia, badaude ahaldunduta dauden beste emakume mota batzuk, baina badirudi hemen ez dudala aukerarik.
Zein ekarpen egiten duzu zuk?
Desberdina izatea eta nire azentuarekin aktore asko ez egotea zerbait positiboa dela uste dut, arreta dei dezakeen kultura batetik nator, ezin hobeto egokitzen naiz hemengo kultur aniztasunera, eta hemen ez dagoen zerbait gehitu dezaket.
Zertan ikusten duzu gizonezko arabiarrekin alderik handiena?
Emakume arabiar gisa aurkezten zarenean, badirudi gizon arabiar batek baino gaitasun gutxiago duzula, batez ere erantzukizunak hartzeko, fikziozko lan bat zuzentzeko; ikusten dut ezin ditudala lan horiek egin.
Zergatik dira beharrezko NeskArtfest bezalako ekimenak?
Emakumeei ahotsa emango die, eta arazoak argituko ditugu. Arrazakeria edo diskriminazioa egon daiteke, baina arazoa da batzuetan jendeak kontziente izan gabe egiten duela. Horregatik, ekimen hauek oso ondo daude arreta deitzeko eta arazoari heltzeko. Gu ere existitzen gara, eta txipa aldatzea beharrezkoa da.