708 familia energia pobrezian

708 familia energia pobrezian

Peru Azpillaga Diez

Pobreziaren hazkundearekin batera, horrek dakartzan egoera zaurgarriek ere gora egin dute azken urteetan. Diru sarrerarik gabe geratu diren pertsonek mota guztietako oztopoei egin behar diete aurre egunerokoan; horietako bat pobrezia energetikoa da. Bizkaiko Gurutze Gorriak artatutako familietako askok, hilero, oinarrizko gastuak ordaintzearen, elikadura egokia eramatearen eta etxeak berotzearen artean aukeratu beharra dute. Horrek pobrezia energetiko egoerara eraman ditu familia asko. 2020an, esaterako, 708 izan dira Bizkaiko Gurutze Gorriak lagundutako familiak.

Izan ere, energia pobreziaren eragina jasaten duten pertsonei laguntzeko, Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta finantzaketari esker, 2015. urtearen amaieran proiektu berri bat jarri zuen martxan. Geroztik, 7.274 familia artatu ditu Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, eta, osasun larrialdiaren ondorioz, hazi egin den fenomenoa dela ohartarazi dute erakundetik.

“Nagusiki, bi familia mota gailentzen dira”, ohartarazi du Maitane Boulandier Bizkaiko Gurutze Gorriko esku hartze sozialeko zuzendariordeak. “Batetik, era kronifikatuan pobrezia eta bazterketa egoeran dauden familiak ditugu, orain dela urte batzuetako krisien ondorioz bizi baldintza zaurgarriak dituztenak, eta egoerari buelta emateko baliabide sozial eta pertsonalik gabeak”, jakinarazi du. “Bestetik, egun pobrezia egoera horretara sartu berri diren familiak ditugu”.

Gaineratu duenez, haurren pobrezia tasa “izugarri altua” da oraindik ere. “Badirudi dena ondo doala, baina datu beldurgarriak daude, eta bata bestearen atzetik sortzen ari diren krisiek egoera are gehiago okertzen dute. Osasun krisiarekin, esaterako, egoera zaurgarrian zeuden familia askok lehen ez zituzten arazoak dituzte orain”.

Testuinguru horretan, energia pobreziari aurre egiteko proiektuaren bidez, Gurutze Gorriak zailtasun gehien dituzten familiei etxeko oinarrizko hornidurak —argia, gasa edo ura— ordaintzeko laguntzak ematen dizkie. 2020an, adibidez, erakundeak 300.000 euro inguru administratu zituen prestazio ekonomikoetan. Arlo horretan, gainera, hornidurak ordaintzeko laguntzen batez besteko kostua handitu egin da, urari eta argiari dagokienez, batez ere, hornidura horien prezioak nabarmen egin duelako gora azken hilabeteetan.

“Gure kasuan errealitate hau agerikoa zen”, hasi da azaltzen Boulandier. “Urte asko daramatzagu egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza ematen, eta ikusten nuen nola familia askok arazoak zituzten hornidurak ordaintzeko orduan, eta, maiz, hornidurak ordaindu edota elikagaiak erostearen artean aukeratu behar zuten”, zehaztu du.

Laguntza eta hezkuntza

Gurutze Gorritik ematen duten laguntza, ordea, ez da arlo ekonomikora mugatzen. “Hasieratik genuen argi, laguntza ekonomikoaz harago, bestelako proiektu bat garatu behar genuela familiekin arazoari benetako aterabide bat topatu ahal izateko”, azaldu du Boulandierrek. Hala, 2015ean martxan jarritako proiektuaren barruan, etxeko ekonomiari eta efizientzia energetikoari lotutako taillerrak ere eskaintzen dituzte Naturgy enpresarekin elkarlanean. “Helburua arreta pertsonalizatu bat eskaintzea da, eta pobrezia egoeran dauden familiei haien kabuz moldatu ahal izateko baliabideak eta trebakuntza ematea”, kontatu du.

“Gure ustez, fakturan kobratzen diguten horrekiko ezagutza izatea funtsezkoa da pertsona guztiontzat, soilik horrela delako posible kontsumoa murriztea eta faktura hori merketzea”, erantsi du. Horrekin batera, egoera zaurgarrian dauden familietako askok, alokairuan egoteagatik, bonu soziala bezalako laguntzak jasotzeko aukerarik ez dutela gaineratu du Boulandierrek: “Argiaren fakturan, esaterako, haiek ez badira titularrak, ezin dute laguntza hori jaso; beraz, kostuak murriztea da duten aterabide zuzenena”.

Era beran, Boulandierrek esplikatu duenez, kontsumoa murrizteko neurriekin batera, energia-eraginkortasuneko kit-ak ere banatzen dituzte. “Hainbat neurri hartzen ditugu fakturaren kostua murrizteko, gailu elektronikoen stand by modua kentzetik, leihoak isolatzeraino. Helburua da familiak ahalduntzea eta energia gastua haien kabuz murrizteko baliabideak eskaintzea”.

Esperientzia “oso positiboa” izaten ari dela deritzo Boulandierrek. “Badakigu familia hauen egoera ez dela erreza, eta osasun larrialdiarekin, gainera, askorena okertu egin dela. Hornidura gastuak ordaintzen jarraitu beharko dute, guk hori ezin dugu aldatu. Baina espero dugu, gure laguntzari esker, janariaren edo berogailuaren artean aukeratu behar ez izatea, eta haien gastuaren gaineko kontrola bereganatzea”.