Ibai Maruri Bilbao
Herria bizirik egoteko ezinbesteko zerbitzua dela uste dutelako, Gamiz-Fikako herritar talde batek Gamiz-Fikan eskola txikia, herri bizia izeneko dinamika ipini du martxan. “Herriko eskola oinarrizko zerbitzu publiko da; eskolarik gabe, herriaren etorkizuna ere galduz doa”, ohartarazi du mugimenduko kide Aritz Azkonak. Udalarekin harremanetan dabiltza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proiektu komun bat aurkezteko asmoz. Gamiztarren eta fikarren atxikimendua lortu nahi dute. Ez dute martxan jartzeko eperik jarri, baina ahalik eta lasterren eskola txikia nahi dute herrian.
Gaur egun Gamizko eta Fikako umeek beste herri batzuetara joan behar dute ikastera ezinbestean. Gehienak Mungiako eskola publikora, ikastolara edo itunpeko ikastetxera joaten dira; baita Mungiako Laukariz auzoko eskolara ere. “Herrian bertan ikasi zuten azken gazteak gaur egun 30-35 urte dituztenak dira”, azaldu du Azkonak. “Umeek ezin badute horrelako zerbitzu bat izan herrian, baliteke familia batzuk herritik joatea”, ohartarazi du. Gamizko eta Fikako umeek herrian ikasteko eta bizitzeko eskubidea izatea gura dute. “Herritik kanpo ikasita, zailagoa da herrian harremanak sortzea, eta herriko kulturan eta ondarean sustraitzea. Herrian eskola baldin badute, herrian ikasteko aukera baldin badute, herrian bertan jolastuko dira beste umeekin, hemen egingo dute eguneroko bizitza”. Eta, umeekin batera, haien gurasoek ere bai. Azken batean, eskolak herria kohesionatzen lagun dezakeela uste dute. “Gainontzeko herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, herrian agente aktibo bihurtuko lirateke eskolako umeak eta gurasoak”.
Azkonak esan du aurretik beste saiakera bat egon zela udalerrian eskola txikia berreskuratzeko. “Ez zen aurrera atera, udalak alboratu egin zuelako proiektua. Beste batean egiteko utzi zuten”. Oraingo honetan urtebete daroate ikastetxe berriaren aldeko borrokan, iazko urritik. “Gurasoekin eta herritarrekin hitz egin genuen. Ez genuen nahi ekinbidea soilik gurasoen gain geratzea; herri osoari ekarriko dio onura, eta herri osoak parte hartzea nahi dugu”. Eta, herritarrekin batera, udala ere inplikatu nahi dute, haiek gabe ezinezkoa zaielako Hezkuntza Sailean proiektua aurkeztea. “Eskola bat zerotik hastea ez da batere erraza, eta eraikin berri bat egitea ere ez. Guk planteatzen dugu udalak dituen eraikin publikoen inguruko txostena egitea, eta Hezkuntza Sailarekin aztertu eraikin horietan martxan jartzeko aukerarik dagoen. Balego, han hasi, eta gero ikusi eskolak zer bilakaera izango duen, eta eraikinik beharko litzatekeen. Udalak osatzen ari den HAPO [Hiri Antolamendurako Plan Orokor] berriari lotu dio proiektua, baina uste dugu orain ez dela eraikin berririk behar “.
Baldintzak
EAEko legeak hainbat baldintza jartzen ditu udalerri batean eskola txiki bat zabaldu ahal izateko. Hasteko, udalaren inplikazioa. Baita herrian jaiotza tasa positiboa izatea ere. Eta eskolarako gutxieneko ikasle kopuru bat. 2 eta 6 urte arteko umeentzat izango bada, gutxienez zortzi ikasle behar dira. 2-12 urte artekoentzat izanez gero, hamazortzi. Azkonak esan du kontaketa egin dutela herrian: “0 eta 12 urte bitartean 133 ume zenbatu ditugu; 0-6 tartean, 64. Aukera egon badago badago”.
Hala ere, umeak erroldatuta egoteak ez du ziurtatzen denak herriko eskola txikira joango direnik. Dinamikakoek galdeketa txiki bat egin dute herriko gurasoen artean. “Egia da ez garela iritsi behar genituzkeen umeetara. Horregatik, udalari eskatu genion egin zezala galdeketa serio bat, datu objetiboekin jakiteko ea behar hori badagoen. Guk uste dugu badagoela, baina datu objetiboak soilik udalak lor ditzake, familia guztiei galdetuta”. Gainera, uste dute inguruko herrietatik ere ikasleak jaso ditzaketela. “Fruiz, Arrieta eta Meñaka ditugu inguruan: haiek ere ez dute eskolarik eta Mungiara eraman behar dituzte euren seme-alabak. Herri hauetako umeak ere Gamiz-Fikara etor daitezke, eskola txikira, nahi izanez gero. Arrietan eta Meñakan haur eskolak dituzte, eta guretik familia batzuek hara eramaten dituzte umeak”. Gaur-gaurkoz herrian bilatu nahi izan dute sustengua eta babesa, baina ez dute baztertzen aurrerago Fruizera, Arrietara eta Meñakara ere joatea, hango guraso, herritar eta udalen elkarlana bilatzera.
Joan den maiatzaren 30ean egitasmo txiki bat egin zuten herritarrak martxan jartze aldera. Datorren ikasturetako, berriz, ikus-entzunezko txiki bat sortu nahi dute, euren aldarrikapenari ikusgarritasun handiagoa emateko, euren proiektua zein zein ezagutzera emateko: “Eskola txikia da hainbat adinetako umeak aniztasunean hezteko lekua, herrian bertan dagoena, harreman zuzena duena herriarekin eta naturarekin, parte hartzaile aktiboa, zerbitzu publiko euskalduna eta euskara sustatzen duena”.