Auzo bat, eskola bat

Gaur egun txoko gastronomiko bihurtuta daude gehienak. Hala ere, 1920ko hamarkadatik hasita, herriguneetatik urrun zeuden landa auzo sakabanatuetako haurrak hezteko sortu ziren auzo eskolek behar handia egin zuten irakaskuntza unibertsalaren alde. Eta beste helburu bat ere bete zuten: auzo horietako eta euren biztanleen arteko oinarri sozial bilakatu ziren.

“Hezkuntza nekazaritza inguruetara helarazteko helburuarekin jaio ziren. Inguru horietatik herriguneko eskolara distantzia handiegia zegoen, eta, horrek, eskolara asko huts egitea eta oinarrizko hezkuntzarik ez jasotzea eragiten zuen umeen artean”. Horrela azaldu du Alberto Santana Bizkaiko Ondasun Etnografikoaren arduradunak eskola horien sorrera. “Primo de Riveraren diktaduratik hasi eta II. Errepublika bukatu artean ireki zituzten. 1920ko eta 1930eko hamarkadak izan ziren aktiboenak”.

Berako (Nafarroa) Juan Gallano Bengoetxeak sustatu zituen eskolok. Bizkaiko Diputazioan lanean ari zen Gallano garai hartan, Santanak gogora ekarri duenez. “Lehenengoa izan zen argitara ateratzen baserriko umeak ez zirela eskolara joaten edo joaten zirenek ahalegin handiak egin behar zituztela. Egoera dramatikoa irudikatu zuen: salatu zuen analfabetismora eta hezkuntzarik ezera kondenatzen ari zirela umeak eta gazteak”.

Hori dela eta, inkesta antzeko bat egin zuen Bizkai osoan, ondoko hau jakiteko: eskolaratzeko adinean zeuden eta eskola bat betetzeko beste ume zituzten zenbat auzotan zuten eskola erdigunetik bi kilometro baino urrunago? Mugimendu hark interesa eta ardura sortu zituen. Izan ere, hainbat udalek erantzun zuten.

Bizkaiko mapa hartu eta biribil bidez irudikatu zituen eskolarik gabeko eremuak. Apurka herritarren artean interesa piztu zela gogorarazi du Santanak. Handik aurrera, auzotarrek eurek ekin zioten, auzo kofradien bitartez.

Auzo kofradia horiek, Bizkaiko Diputazioak hala eskatuta, prestasuna agertu zuten eskola eraikitzeko lurrak eta eraikina bera egiteko. Beraz, haiek eskola eraikitzeko prest zeudela azaldu zuten, kostuak euren gain hartuta. Hain zuzen, eskola bera eraiki eta irakaslea mantentzeko prest agertu ziren kofradiok.

Ezin aipatu gabe utzi zer onura izan zituzten eskola horiek egin zituzten auzoetan: “Lehenago eskolara joateko sakrifizio neketsua zenari irtenbidea eman zioten”, azaldu du foru aldundiko teknikariak. Horrez gain, adierazi du lotura eta hartu-eman bereziak sortu direla auzo eskoletan ibili diren haurren artean.

Umeen harreman eta hezkuntza lanez haratago zihoazen eskolak, hala ere, Santanak azaldu duenez. Gurasoen artean ere loturak sortu zituzten. “Hainbat akordio lortu behar izan zituzten. Sarri, batzuk besteekin haserre zeuden. Hala ere, ados jartzeko ahaleginak egin behar zituzten lan egin ahal izateko. Komunitate barneko praktikak izugarri indartu zituen; auzolanean batera aritzeko ere lagungarriak izan ziren”, gogorarazi du.

“Atzerrian zeuden herritarrak bertakoekin lotzeko modu bat ere bideratu zuten. Busturiko Goiherri auzoko eskolari dagokionez, AEBetan bizi zen busturiar bat izan zen mezenas garrantzitsuena. Boisera eta Nevadara zihoazen euskal herritarrak New Yorkeko bere hotelean hartzen zituen. Eta hark bidaltzen zuen dirua, tartean, eskola eraikitzeko. Beraz, eskolok herrian bizi zirenak eta kanpoan bizi zirenak lotzen zituzten”, ondorioztatu du Santanak.

Lan handia egin arren, ordea, ez zuten arazoa oso-osoan konpondu. Hezteko orduan zailtasun gehiago izanik, oinarrizko gaiak irakasteko modua besterik ez zuten ematen auzo eskolek. Izan ere, gehienetan, baten bat salbuespen, gela bakarra zegoen. Beraz, han elkartzen ziren txikienetik hasi eta nagusienera. “Andereñoek inprobisatu egin behar izan zuten. Egia esan, oso ondo bete zuten euren lana. Hainbat adinetako umeei zeregin ezberdinak eman behar izan zizkieten. Hori, dena den, ez zen oztopo handia izan. Izan ere, oinarrizko gauzak irakasten zizkieten: Hizkuntza, Geografia edota Matematika arloei buruzko oinarrizko gaiak. Eta ondo konpontzen ziren. Ume batzuk batuketak egiten ikasten ari ziren bitartean, beste batzuek biderketak eta zatiketak egiten zituzten”.

Eskolan, euskaraz

Euskara bera ere, beste eskoletan baino ohikoagoa zen auzo eskoletan. Hala baieztatu du, behintzat, Santanak. “Euskara normal-normal erabiltzen zuten hezkuntza prozesuan; testu liburuak, ordea, gaztelaniazkoak ziren. Euskaraz irakasten zuten andereñoek, ikasleek errazago uler zitzaten ikasgaiak. Beraz, euskaraz berba egin bai, baina irakatsi ez. Irakaskuntzan erabiltzeko moduan ere ez zegoen normalizatuta gure hizkuntza”.

Gogorarazi du garairik txarrenetan ere euskara presente egon zela auzo eskoletan. “Baita Primo de Riveraren diktadura garaian ere. Dena den, 1929tik aurrera euskararen presentzia areagotu egin zen, 1936ko gerraren ondorioz II. Errepublika amaitu zen arte”.

Eskola horiek itxiz joan ziren urteen poderioz. “Ia modu biologikoan desagertu ziren”, adierazi du Santanak. Batetik, auzoetan gero eta ume gutxiago zeudelako. Bestetik, herrietako eskoletara helarazteko hainbat garraio aukera sortu zirelako auzoetako haur eta gaztetxoentzat. Urteek aurrera egin ahala, berriz, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren esku geratu zen irakasleak jartzeko eskuduntza. Hezkuntza arloa alde batera utzi badute ere, eskola haiek sortu zituzten auzoetarako elkargune dira oraindik gaur egunean.