Bide berriak urratzeko prest

Bide berriak urratzeko prest

Natalia Salazar Orbe

Hormaren aurrean, oinak, hankak, besoak eta eskuak. Haitzeko zulorik aproposenaren bila, burua hotz, jada zabaldutako edo ireki gabeko bidea urratzeko prest. Ez da kirol motarik ohikoena edo hedatuena, baina gero eta zale gehiago ditu eskaladak. Duela zenbait hamarkada, ez zegoen edonoren eskura. Azken urteetan, berriz, eskuragarriago bilakatu da: rokodromoak hedatu dira herriz herri, eta umeentzako ikastaroak ere egiten dira. Ondarroan urteak egin ditu lan horretan Aurrera mendi taldeak. Oraintsu, eskalada bereizi beharra ikusita, Arbide eskalada taldea sortu dute hainbat ondarroarrek; tartean, Aritz Badiolak. “Herrian eskalada bultzatzeko helburuarekin” sortu zuten taldea, urte hasieran.

Urteak daramatzate ikastaroak eta irteerak antolatzen. Orain arte, Ondarroako kiroldegiko rokodromoan ibili dira. Aurrera mendi taldeak egin zuen instalazioa, aspaldi. “Belaunaldi asko pasatu dira bertatik”, adierazi du Badiolak. Hamalau metroko luzera eta hiru metro inguruko altuera du, eta txiki geratu zaie. “Ikastaroak emateko beti izaten dugu itxaron zerrenda. Jendez gainezka egoten da. Astean bi egunetan besterik ez ditugu eskaintzen ikastaroak, instalazioak txikiak izanik, eskolak ematen ditugunean bestelako erabiltzaileak ezin baitira ibili”.

Lokal handiagoa

Umeen zein helduen zaletasunari erreparatuta, instalazio berriak behar zituztela konturatu ziren: lokal handiagoa. Udalarekin hitz egin, eta San Ignazio kalean horretarako aukera eskaini zien. “Orduan pentsatu genuen mendi taldearen barruan eskaladarekin arduratuko den kolektibo bat sortu behar genuela”. Hortik sortu zen Arbide. Instalazio handiagoa egiteko proiektuarekin jarri ziren buru-belarri urtearen hasieran, eta kolektiboa sortzeari ekin zioten. “Sare bat osatzen ari gara, bazkidetza formatuan, indar kolektiboa batu eta proiektua aurrera eraman ahal izateko”.

Antzeko beste esperientzia batzuk ezagutzen aritu dira, eurena zer-nola antolatu erabakitzeko. “Formatu desberdinetakoak daude. Batetik, pribatuak direnak. Bestetik, gurea bezalako kolektibo edo elkarteek dauzkaten lokalak edo instalazioak”. Bigarren aukera horren aldeko apustua egin dute eurek. “Formatu publikoan. Batetik, bazkideak egiten dira: proiektu honen parte izan nahi duten eta lagundu nahi dutenak dira bazkideak; taldearen parte izango direnak. Bestetik, erabiltzaileen figura dago: kuota ordainduta instalazioa erabil dezaketenena. Bazkidea proiektuaren parte da, eta horrek onurak ere baditu. Besteak beste, tresnak eta baliabideak eskura izango ditu: materiala, esate baterako. Irteerak eta ikastaroak merkeago eskuratu ahalko ditu”. Horrez gain, ikastaroak ere eskainiko dituzte.

80 bazkide inguru batu dituzte jada. “Familia osoak zein norbanakoak dira”. Zaletasuna goraka doan seinale. “Lehen ikusten zen kirol hau, baina ez zegoen gaur egun dagoen bezain eskuragarri. Materiala lortzea errazagoa da. Informazio gehiago ere badago eta eskalatzeko instalazioak hobeak dira. Baliabide gehiago dago”. Horri lotuta areagotu dira, Badiolaren ustez, zaleak ere. “Euskal Herrian beti egon da zaletasuna, baina gaur egun indarra hartzen ari da”.

Teknikoki ere lagungarria

Lokal berriak zaletasun hori sustatzen eta bultzatzen lagunduko duela sinetsita dago. Eta teknikoki ere lagungarria izango da. “Hiru metroko rokodromoa dugu orain. Altuera txikia izanik, alborantz eskalatzen da. Ez dago lekurik gorantz egiteko. Gabezia ikusi dugu gure gazteen artean eta gure artean ere bai, denek hartzen baitute alborantz eskalatzeko joera”.

Beste alde batetik, Arbide taldeko kide Badiolak azaldu du kiroldegi barruan dagoen gaur egungo rokodromoan hezetasuna sortzen dela. “Udan beroa da, eta neguan, hotza. Horrek ere eragin handia dauka. Horretarako egokitutako lokal batean klimatizazioa ahalbidetzea lortuko dugu. Asko irabaziko dugu alde horretatik ere”.

Ondarroako taldearen erronka orain rokodromoa eraikitzea da. Lanak bizpahiru fasetan egingo dituzte. Lehenengoan, oraingo instalazioaren tamainaren bikoitza duen rokodromoa irekiko dute. Udazkenerako egongo da prest.

Taldearekin harremanetan jartzeko:

arbieskalada@ gmail.com