Kaleko musika, teilatupean

Kaleko musika, teilatupean

Zihara Jainaga Larrinaga

Musika eta San Joan eguna, ekainaren 24a, beti egon dira lotuta Zornotzan. Herriko nagusiek gazteenei transmititu izan diete nola duela mende erdi inguru urteko egun hauetan musikaz blai egoten zen herria. Hala, gazteek ohitura galdu ez, eta berreskuratzeko intentzioarekin Haizetara fanfarre eta kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa sortu zuten 2005. urtean, orduko hartan herrian ez baitzegoen ez musika bandarik, ez txarangarik udako lehen egunak girotzeko.

Lehiaketaz gaindi, musikarekin udari ongietorria egiteko modu bat da Haizetara. Halaber, urtean zehar herrian kaleak gehien betetzen dituen ekitaldia da. “Oso giro berezia sortzen da. Sentsazio hori ez da lortzen ez jaietan, ezta urtean zehar egiten diren bestelako ekitaldietan ere”, adierazi du David Murillo Zornotzako kultura dinamizatzaileak. Hain zuzen, adin guztietako pertsonak parte hartzen dute. “Beste ekitaldi batzuetan publikoa oso zehatza izaten da. Haizetara pluralagoa da; herri guztiak hartzen duela parte esan daiteke”, gaineratu du.

Iaz jaialdiaren hamabosgarren aldia egitea tokatu zen, baina, osasun egoeraren ondorioz, jaialdi sinbolikoa egin zuten, online kontzertu batzuk eskainita. Hortaz, aurten izan beharko litzateke hamabosgarren jaialdia, baina antolatzaileek erabaki dute 2021a trantsizio urtea izatea. “Aurtengoa izan behar zen hamabosgarren jaialdia, baina ez da izango: aurten ere ez baita lehiaketarik egingo”, adierazi du Murillok. Hala, aurtengoa berezia izango da: talde gonbidatuek parte hartuko dute, lehiarik gabe. “Espero dugu hurrengo urtean egitea hainbeste esperotako 15. Haizetara, behar den bezala, urteroko giroarekin”, gaineratu du.

HAIZETARA

Egoerara egokituta

Kale bazterrak doinuz betetzea da Haizetara jaialdiaren berezitasuna: taldeak kalean egoten dira, eta publikoa izaten da batetik bestera mugitzen dena. Lehiak irauten duen egunetan, Zornotzan gutxi izaten dira musikarik gabeko kale kantoiak. Aldi berean, baina leku desberdinetan, eta talde ezberdinak entzuteko aukera egoten da. Sasoi hauetan, baina, ez da posible halako jaialdi bat antolatzea. Hori horrela, Haizetara jaialdiak egoerara moldatu behar izan du. Hala, kontzertuak herriko aretoetan egingo dira ezarritako ordutegietan, eta publikoa eserita egon beharko da. Berritasun bat dakarte aurten: zuzeneko emanaldietara joateko gonbidapena lortu ez dutenentzako, egunero 22:00etan Internet bidez ikusi ahalko dira. “Nahiz eta urteroko giroa ez sortu, kaleko musika izango da protagonista. Ez dira kalean egongo, baina beren lanari balioa eman nahi genion moduren batean”, adierazi du Murillok.

Nazioarteko lehiaketa izanik, mundu osoko taldeak etortzen dira Zornotzara: Hego Ameriketatik, AEBetatik eta Japoniatik, esaterako. Baina, aurten, prestaketetan hasi zirenean ez zekiten zein izango zen egoera. Horregatik, hurbileko taldeak aukeratu zituzten aldi honetan parte hartzeko. Hala, besteak beste, Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Portugaldik eta Frantziatik etorritako taldeek bina emanaldi egingo dituzte. Murillok azaldu duenez, herrialdeak gutxiago badira ere, estilo ezberdinen parte hartzea ziurtatu dute. Zornotza aretoan ikusi ahalko da, gaur, Kataluniako Satisfacshow fanfarre doinuz egindako antzerki ikuskizuna. Bihar, Balkan Paradise Kataluniako taldea, Balkanetako tradizioarekin. Etzi, Wonder brass doinuekin datozen Brass Band frantziarrak.

HAIZETARA

Amorebieta IV frontoian, bestalde, gaur, hip-hop soinu urbanoak eta brass estiloa nahasten dituen Radio Kaizman Frantziako taldea ikusteko aukera egongo da. Bihar, Artistas del Gremio Espainiako txaranga. Etzi, Portugalgo Brass Corp, brass estilo klasikoarekin. Murillok esan duenez, Frantzia eta Alemania aldean joera handia dago kaleko jaialdietan brass estiloa entzuteko, eta Haizetarak herrialde haietako jaialdien eredua hartuta hasi zuen bidea. “Duela hamasei urte antolatzen hasi ginenean, berritasun handia izan zen hemen”. Euskal Herrian eta inguruan ez zegoen halako jaialdirik.

Gustu guztietarako adina

Euskal Herriko taldeek ere izango dute beren aukera. Zelaietako kontzertu gelan atzo izan zen lehen emanaldia: klarinetea eta jazza uztartu zituzten bertan. Gaur, bestalde, Botxo Boogies taldeak swing eta blues estiloak uztartuko ditu. Bihar, Sagi Quintet boskoteak hard-bop tankerako jazz kontzertua eskainiko du.

Murillok adierazi duenez, taldeek izena eman ostean antolakuntzak aukeraketa egiten du. “Guztiz estilo desberdinetako taldeak aukeratzen dira, herrialde ezberdinetakoak”, zehaztu du. Halaber, nahiz eta lehiaketa izan, beren artean sortzen den giroa azpimarratu du: “Kasu batzuetan ikusi izan dugu Haizetaran parte hartzen duten taldeak elkartu egiten direla beste proiektu batzuetarako”.

BALKAN PARADISE

Jaialdiak lehen alditik izan duen arrakasta nabarmendu du Murillok, bai parte hartzaileei, bai ikusleei dagokienez. “Urte normal batean 80-100 talderen izen ematea izaten dugu, eta horietatik bederatzi aukeratzea zaila izaten da”. Hasieran herriko jaialdi bat zena denborarekin asko zabaldu da, eta kanpoko jende asko etortzen da jaialdia ikustera. Ondorioz, programazioa handitu behar izan zuten duela bospasei urte; harrezkero, lehiatzen diren bederatzi taldeez gain, talde gonbidatuak egoten dira publikoaren eskaerari erantzuteko. Lehiaketaren saria publikoak erabakitzen du, boto bidez, eta publikoak ere izaten du saria parte hartzeagatik.

Kontzertuez gain, erakusketa bat ipini dute Zornotzako kaleetan, kalean ere jaialdiren presentzia nabaritzeko. Hala, argazki handi batzuk jarri dituzte herriko plazan, eta bertan ikusi ahalko dira aurreko urteetan jaialdiren parte izan diren herriko kolektiboak, besteak beste. “Jaialdian boluntario gisa herritarrak aritzen dira hamaika lanetan; herri osoa inplikatzen da”, adierazi du Murillok. Hala, haiei omenaldi gisa antolatu dute aurtengo erakusketa. Halaber, jaialdia ikusteko milaka kilometro egiten dituzten ikusleak ere gogoratu nahi izan ditu. “Publiko leiala du Haizetarak, etortzen den jendea beti bueltatzen da”.

WONDER BRASS BAND