30 urte auzora zabalduta

30 urte auzora zabalduta

Natalia Salazar Orbe

Ez da izango Euskal Herriko gaztetxerik handiena, ezta usain hoberena duena ere. Ez da izango ekintza gehien egiteko aukera ematen diguna, eta hango ortutik ezingo diogu jaten eman Deustu osoari. Baina gaztetxe eta gune autogestionatu guztiek bezala, badu sistemaren aurka joateko bokazioa, sistema kapitalista arrakalatu eta balore atzerakoi eta indibidualisten aurrean konpromisoa, autogestioa, kolektibotasuna eta elkartasuna bezalako baloreak jartzeko bokazioa”. Astelehenean bete ziren 30 urte Bilboko Deustuko Gazte Lokala okupatu zutenetik, eta urteurren ekitaldian gaztetxeko kideek irakurritako adierazpenaren pasarte bat da aipatutakoa. Bertan elkartu ziren 30 urteotan egitasmoaren parte izan diren hainbat kide, eta udazkenean egingo dituzten ospakizun zabalagoen berri ere eman zuten.

Atzera begira jarri da Uxue Gutierrez Lozano Deustuko Gazte Lokaleko kidea, auzoari gaztetxeak egin dion ekarpenari buruz hausnartzen. “Alternatiben eraikuntzarako espazio izan nahi izan du, eta espazioa bera okupatu zen unetik izan da erresistentzia guneen parte Bilbon, bestelako espazio autogestionatuekin batera egindako ibilbidean”. Gogora ekarri du Bilboko eta Euskal Herriko era horretako espazio askoren artean “gehien iraun duena” dela. Bilboren eraldaketaren barruan erresistentzia egin duen gune gisa deskribatu du: “Bilbo motropoli izaera hori hartuz joan da, sistema kapitalistaren gero eta parte handiagoa izaten. Horren aurrean, espazio batzuk erresistitzen aritu dira, eta alternatiba izan nahi izan dute, autogestioan eta bizitza komunitarioan oinarrituta”.

Auzoari ahalik eta gehien zabaltzea izan dute helburu, “auzokideek beren espazio gisa sentitzea”. 30 urteotan, batzuetan neurri handiagoan eta beste batzuetan txikiagoan lortu dute helburu hori. Hastapenean, esaterako, oso handia izan zen parte hartzea. “Ni jaio gabe nengoen, baina kontatzen dute momentu horretan jende pila batu zela, eta oso plurala izan dela beti gaztetxea. Mugimendu antikapitalistaren barruan egon zitezkeen korronte guztien bilgunea izan da; mugimenduen topagune”.

Harremanak auzokoekin

Hala ere, aitortu du gorabeherak izan dituela parte hartzeari dagokionez. Esaterako, 2017an Bilboko Udalak eraikina husteko agindua bidali zienean, “beheraldian zegoen gaztetxea. Jendea galtzen ari zen, belaunaldi transmisioa ez zen ondo egiten ari”. Arrisku horrek egoera iraultzea lortu zuen, ordea: “Mehatxu hori indargune bihurtu zen, une txar hartan jendeak erantzun egin zuelako. Zaharragoak, joanak ziren belaunaldi guztiak, etorri ziren; auzokideekin ere harremana egin zuten, inguruko etxebizitzekin bereziki”.

Auzoarekin dituzten harreman onen adierazgarri, Gutierrezek gogorarazi du babesa ere erakutsi dietela: “2017an eraikina husteko agindua iritsi zenean, inguruko eraikinetako bizilagunen komunitateek sinadurak batu zituzten esateko gaztetxeak ekarpena egiten ziola auzoari eta ez zuela zentzurik etxea botatzeak”.

DEUSTUKO GAZTE LOKALA

Auzokideekiko harreman horrek jarraitzen du. “Akordioak egiten dira, besteak beste, adosteko zenbat kontzertu eman hilean, zaratarengatik; edota ortuaren landaketari buruz”. Dena den, auzoa handia da, eta, Gutierrezek aitortu duenez, “gezurra litzateke esatea auzokide guztiengana” iristen direla. “Beti esaten da auzoaren goiko aldean gaudela, eta beheko aldera ez garela heltzen. Edo jende helduarengana iristeko ere zailtasun gehiago dagoela. Gaztetxe askok dituzten antzeko buruhausteak dauzkagu”.

Gaur egun hainbat talde eta eragile soziopolitiko elkartzen dira bertan: auzoko talde feminista, gazte asanblada, Ernai, GKS eta formakuntzarako taldea. “Talde horientzako guztientzako bilera gunea da, jarduteko espazioa. Eta kanpo eragileentzako ere beti dago zabalik”. Horrez gain, kultur eskaintza antolatzen duen Lurrikara ere badago. “Auzoko gazteek sortutako kultur emanaldiak antolatzen dituzte”.

Jarduerei dagokienez, txalaparta tailerra eskaintzen dute astelehenetan; bertso tailerra ostiraletan. Ortua ere lantzen dute. “Orain pentsatzen ari gara zer egin ekoizten dugun guztiarekin, gure helburua ez baita bakoitzak letxugak eramatea etxera”.

30 urteetan ugariak izan dira kontzertuak, inauteri festak, gazte eguneko jaiak… Festa eta lan horien guztien ibilbidea ekarri zuten gogora asteleheneko ekitaldian. 1991ko ekainaren 21ean okupatu zuten eraikina. Data borobil hori ospatu beharrekoa zela eta, ekitaldi sinbolikoa egin dute asteon, kontuan izanda pandemiak eragin dituen zailtasunak. Kontzertu bat egin zuten Done Petri plazan. Handik kalejiran abiatu ziren auzoan barrena zituzten argazkiak ikustera. 30 urteotan gaztetxeak egin dituen jarduerak eta lokalaren izaera jasotzen dituzten argazkiak eta deskribapenak erakutsi zituzten. “Herritarrei helarazi behar zaie gaztetxeak 30 urte daramatzala bizirik eta etengabe egon dela gauzak egiten”, esan du Gutierrezek. Ekitaldi hartan iragarri zuten urrirako bi asteko ospakizunak antolatu dituztela. Belaunaldi gazteak erakartzeko ere baliatuko dute aukera.