Sukarrietako ainguratokia mantentzearen aldeko izenpeak ari dira batzen

Portuondo kaiaren (Sukarrieta) erabiltzaileak sinadurak batzen hasi dira pantalana manten dezatela eskatzeko; izan ere, Urdaibaiko Patronatuaren kontrako txostena jaso ostean, Espainiako Kosta Mugapeak Sukarrietako pantalan flotatzailea kentzeko agindu du. Eusko Jaurlaritzak duela hamabi urte jarri zuen pantalana Portuondon, eta elbarritasunen bat dutenentzat egokituta dagoen Urdaibaiko bakarra da.

Hasieran, irailaren 13rako kenduta behar lukeela esan zuen Kosta Mugapeak, baina pantalana kentzeko epea luzatu du gerora, Sukarrietako Udalak administrazioarekiko auzi errekurtsoa ipini baitu Urdaibaiko Patronatuak egindako txostenaren aurka. Beraz, zalantzan jarraituko du ainguratokiaren etorkizunak, harik eta auzia ebatzi arte.

“Legezkoa” dela diote

Erabiltzaileen elkarteak “ardura” agertu du egoeraren inguruan, eta pantalana “legezkoa” dela nabarmendu. Horrez gain, gogora ekarri dute Aztik egindako txostenetan diotela ainguratokiak ez duela kalte ekologikorik eragiten. “Aztik behin eta berriz esan digu ez dagoela ontzien hidrokarburoak eragindako kutsadurarik, ez dugula moluskuen bizia oztopatzen eta pantalanak ez duela ingurumen eraginik sortzen”.

Hori guztia dela eta, sinadurak biltzen jarraituko dutela iragarri dute, eta, horretarako, orria www.asociacionportuondo.org webgunean eskura daitekeela jakinarazi dute.