“Pertsonaiek kokapena behar dute; zergatik ez euskalduna?”

Aitor Zulueta (Bermeo, 1966) kultura germanikoak mirestera iritsi da Ipar Europatik egindako hainbat bidaiaren ostean. Ondorioz, XI. mendeko bikingoen abenturak hartu ditu oinarritzat bere lehen nobela osatzeko. Fikzioa eta benetako gertakizunak lotzen ditu Zuluetak La Hermandad del Atlantico (Atlantikoko Anaidia) eleberrian, baina, izatez, bere ikasketek ez dute ez itsasoarekin ez historiarekin loturarik.

Idazlearen esanetan, “kasualitatea da” zientzia geologikoetan lizentziatu den pertsona batek abentura liburu bat idazten bukatzea. “Gauza bat da zer ikasi dudan eta non lan egiten dudan, eta beste bat nobela hau”, azaldu du. “Hainbat gauza lotu ditut nire zaletasun batekin, idaztearekin”. Eta, agian, bermeotar izateak eraman du aurreneko lanean itsasoari begira jartzera.

Testua osatzeko lehen ideia Oslon bururatu zitzaiola ekarri du gogora: “Bikingoen arrantzari eta nabigazioari buruzko museo batean, drakkar handi bat eta bidaien inguruko informazioa ikusi nuen”. Horrek, eta Norvegian egindako egonaldian topatutako “beste zenbait gauza interesgarrik” sortu zioten istorio bat idazteko irrika. Hala ere, eleberri bat idazteko gogoa betidanik izan du.

Urte eta erdi kostatu zitzaion testua bukatzea, eta beste urtebete eman zuen zuzenketa lanetan. Liburuko protagonista nagusia, Eneco de Baigorri, Vermeliokoa da; bermeotarra, Zulueta legez. Dena den, ez du pertsonaiaren bidez bere nortasunaren aspekturik islatu nahi izan. “Ez zen nire asmoa. Idazten duzunean, askotan, zure bizitzako gertakizunak hartzen dituzu, edo zure gertuko pertsonei gertatutako kontuak”.

Eneco bizkaitarra izanda ere, idazleak ukatzen du La Hermandad del Atlantico “eleberri euskalduna” denik. “Egia esan, niretzako ez da euskal kostunbrismotik sortu: gure inguruan, Europako edozein herritan edo Amerikan bizi den irakurle batentzako interesgarria izan daiteke”. Horren haritik, “istorioetako protagonistei kokapen bat eta iragan bat” eman behar zaiela argudiatu du. “Zergatik ez zen, bada, euskalduna izango, nik hobeto ezagutzen dudan herria izanda? Joyceren liburuak dublindarrei buruzkoak izan arren, unibertsalak dira”.

Dena den, itsasoa da liburuko pertsonaien eta euren herrien arteko lotura. “Ipar Atlantikoa: Hori da pertsonaien herrialdea”. Haurtzaroan Julio Verne edota Robert Louis Stevensonen liburuak irakurtzen zituen Zuluetak, eta idazle horien eragina nabarmena da bere nobelan. “Horiez gain, heldutan irakurri ditudan beste batzuk ere eragin dute, [Joseph] Conradek, esaterako”.

Historiatik abenturara

Erreferentzia literario horiekin, abenturak eta bidaiak uztartzen dituen eleberria idaztea urrats naturala izan zitekeela iruditu daiteke, baina nobela historiko bat izateko asmoarekin sortu zuen lan hau. “Amaitu nuenean, eskulana utzi nien zenbait laguni, haien iritzia jasotzeko eta aldaketak egiteko. Gehienek abentura nobela bat zela esaten zidaten”. Orain, jendeak zeri buruzkoa den galdetzen dionean, Zuluetak abentura nobela dela erantzuten du. Fikzioa eta historia uztartzen ditu, bakoitzak bere lekua du.

Idazlearen esanetan, protagonistak Amerikara heltzen diren pasartea da errealitatearekin lotura dutenen artean garrantzitsuena. “Leifur Eirikson benetan heldu zen Amerikara XI. mendean,baina liburuan taldea osatzen duten beste batzuk fikzioko pertsonaiak dira, istorioari bizitasuna emateko sortutakoak”.

Bikingoek Amerikara egindako bidaien inguruan ikertzen hasi ostean, galdera bat burura etorri zitzaion: “Zergatik ez ziren bertan geratu?”. Eleberriak misterio horren inguruko gakoak ematen dituela azpimarratu du: “Sarritan pentsatzen dugu hori egiteko zer edo zer handia gertatu beharko zitekeela, inbasio bat-edo. Nire ustez, maitasuna edo iskanbila bat nahikoa izan zitekeen. Eurek ez zuten Amerikaren handitasunaren ikuspegirik”. XI. mendean kokatutako kontakizunaz gain, gaur eguneko istorio paralelo batek osatzen du nobela. Azken hori “liburuari erritmoa emateko” sortu zuela dio.

Bestalde, Eneco de Baigorri eta XXI. mendeko kontakizunaren protagonista nagusi den Holger Boenischen istorioek “amaiera irekia” dutela jakinarazi du Zuluetak. Haatik, oraingoz ez du La Hermandad del Atlantico-ren bigarren zatirik idatziko. Izan ere, beste proiektu batzuk abiarazi ditu jadanik. “Nire bigarren liburua bukatuta dago dagoeneko, eta ez du zerikusirik aurrekoarekin. Confusión (Nahastea) izena du, eta oso kritikoa da gaur egungo jendearen kezkekin”. Horrenbestez, liburu berria “bizitzari buruzko hausnarketa kritiko bat” izango dela iragarri du. Gaur-gaurkoz, Zuluetak ez daki bere bigarren eleberria noiz argitaratuko den. Hirugarren libururako ideiak jorratzen hasita dago; antza denez, folio zuriaren sindromeak ez dio beldurrik ematen bermeotarrari, eta idazteko gaiak ez zaizkio falta.