Maialen Arteaga
Ukatutakoen aterpe, eta periferiakoen asanblada —hiriburutik begiratuta, eta identitatearen hegemoniari dagokionez—. “Uribe Kostako sexu eta genero disidentzien talde antolatua gara”; hala definitu du Mikel Uriartek Ukatu taldea. Uribe Kosta eskualdeko asanblada transmaribibolloko kidea da Uriarte, eta taldearen sorreratik dabil hartan. “Hasiera batean, asanblada transmaribibollo deitu genion taldeari, heterosexualak ez ginen kideak elkartu ginelako”. Gerora, aniztasun hori areagotu egin da, eta, paradoxikoa dirudien arren, definizio irekiagoa baina zehatzagoa duen abizena gehitu zioten hasierako izen hari: sexu eta genero disidentzia talde antolatua.
2019ko ekainean sortu zuten taldea, hutsune bat ase nahian. “Eskualdean talderen bat egon izan da lehenago, baina bi urte inguru generamatzan guretzako antolatutako talde eta gunerik gabe”. Asanblada ireki batera deitu zuten kolektiboko kideek, eta hamabost lagun baino gehiago bildu ziren. Eskualde mailan eragiteko apustuari eutsi zioten. “Uribe Kostako transmaribibolloek elkar ezagutzea eta sareak sortzea zen gure helburua, konturatu ginelako borroka hauek historikoki beti hiriburu handietan baino ez direla egiten”, azaldu du Uriartek. Haren esanetan, eskualdeko LGTBI kolektibokoek antolatu gura badute, Bilbon militatu behar izaten dute. Ukatu taldeak eskualdean antolatzeko erronkari eutsi zion: “Askotan, hiriburuetako jo behar izaten dugu gure identitatea askeago bizi ahal izateko. Gu geure herrietan bizi gara, eta hemen antolatu nahi dugu”.
Ukatuk bi urte beteko ditu hilabete honetan; ibilbidearen erdia baino gehiago pandemia sasoian egin dute. “Pandemiak eta, batez ere, ezartzen ziren neurri murriztaileek asko baldintzatu gaituzte”, dio Uriartek. Eskualdeko taldea izanda, hilabete askotan ezin izan dituzte kideak ikusi, inguruko guneetara joan, edo bilera fisikoak egin: “Traba handiak izan ditugu; ez bakarrik elkartzeko: oso zaila izan da eskualde mailan planteatuta genituen egitasmoekin aurrera jarraitzea ere”.
“Sistema da arazoa”
Militatzeko eta sareak sortzeko beharra berretsi du Uriartek. Joan den astean Basaurin izandako eraso homofoa jarri du behar horren adibide gisa: “Guretzat ez da kasu bakana: indarkeria hori egiturazkoa da, eta heteroarauaren barruan eraikita dago. Sistema da arazoa. Arau horretatik kanpo dauden gorputzei, desirei eta identitateei eraso egiten diete; Basaurin, kasurako”. Izozmendiaren metafora aipatu du: “Basaurikoa zapalkuntza horren kasurik agerikoena, bortitzena eta basatiena da, baina erasook egunerokoan gertatzen dira, modu sistematikoan. Joan den astekoa heteroarautik kanpo gauden milaka pertsonak egunerokotasunean pairatzen dugunaren erakusgarri da”, aitortu du. Erasoak heteroarauaren erakusgarri diren moduan, arau horren erregai ere badirela uste du: “Sistemari eusteko eta hura egonkortzeko mekanismoak dira; ez dugu uste Basauriko hamahiru erasotzaile horiek zoratuta daudenik; bizi garen jendartearen parte eta isla dira”.
Asko dago deseraikitzeko
Ekainaren 28a ate joka dago, eta, data garrantzitsua den arren, Uriartek uste du asko dagoela deseraikitzeko. Espainiako Estatuko trans lege berriaren aurka antolatu diren feministen kasua azaldu du:”Ez dugu ulertzen nola egin daitekeen zapalduta daudenen eskubideen kontra, feminismoaren izenean”. Horregatik, eskualdeko mugimendu feministarekin aliantzan, babesa adierazi zioten trans kolektiboari. “Aipatzekoa de Euskal Herriko Mugimendu Feminista trans legearen alde dagoela hein handi batean eta ez dituztela TERFen —transak baztertzen dituzten feminista erradikalak— diskurtso transfoboak babesten. “Iruditzen zaigu garrantzitsua dela hori azpimarratzea”.