Tartanga Berdea osatzen duten herritarrak gehien kezkatzen dituena da Erandioko Altzaga auzoak duen gune berde bakarra ez galtzea. Afera nola sortu zen azaldu dute.
Hastapenetik gaur egunera
2005. Abaroa eraikitze enpresak etxebizitzak egiteko lanak hasi zituen Erandioko Altzaga auzoan. Hilabete batzuk geroago, pitzadurak agertu ziren ondoko eraikin batzuetako zenbait etxebizitzatan. Azkenean, 66 etxe hustu behar izan zituzten.
2007. Etxeetatik kaleratutako bizilagunen haserrearen aurrean, orduko alkateak denentzat etxebizitzak lortzeko konpromisoa hartu zuen, publikoki.
2010. Udalak eta Abaroa enpresak konpromisoa hartu zuten kaleratutako bizilagunak beste etxe batzuetan hartzeko. Horietako asko Abaroa eraikitze enpresaren beraren etxeetan sartu ziren. 2009az geroztik, horien alokairua kobratu zien enpresak.
2011. Udalaren eta Azpiegiturak erakunde publikoaren arteko hitzarmena: Bizkaiko Foru Aldundiaren erakundeak Abaroak kaltetutako etxebizitzak eraitsi eta berriak eraikitzea adostu zuten. Trukean, udalaren orube batzuk eskuratuko zituen, eta 525 etxebizitza egiteko baimena lortu zuen. Azpiegiturak erakundeak azaldu zuen 66 etxebizitza finantzatzeko 525 eraiki behar zirela.
2011. Kalte ordainak finkatzeko akordioa. Sei milioi euro kudeatuko ditu udalak, kaltetutako familiei ostatu ematea ordaintzeko. Udalak aholkatuta, herritarrok ez dute joko auzibidera.
2012. Tartanga eremuaren arau subsidiarioak aldatu zituen udalak, behin-behinean: kirol ekipamendu ziren lurrak, etxebizitza lurzoru bihurtu ziren. 2016an onartu zuten behin betiko aldaketa.
2015. Udalak kaltetutako etxebizitzak eraitsi eta berriak egiteko baimena eman zion Azpiegiturak erakundeari.
2016 eta 2017. EH Bilduk eraiste beharren eta 66 etxebizitza eraikitzeko lanen benetako kostua aztertzeko eskaerak egin zituen, Tartanga eremua ez galtzeko aukerak bilatzeko. Udalak ez zuen onartu.
2017. Udalak Tartanga eremuko lurrak eman zizkion Azpiegiturak erakundeari. 400 etxebizitzatik gora eraiki ahalko dituzte bertan.