N. S. O.
Hizkuntzalaritzari buruzko pasioa nabari zaio Manu Etxebarria Aiestari (Zeberio, 1948). Besteak beste, euskal filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea da, eta hainbat liburu idatzi ditu. Oraintsu, hitanoari buruzko hitzaldi bat eman du Galdakaon.
Aitona-amonei hitanoa entzun diegu askok etxean. Hurrengo belaunaldietako askorengana ez da iritsi, ordea. Zergatik eten da transmisioa?
Aspalditik dator hitanoaren desprestigioaren kontua. Penintsulan, tu tratamendua dugu. Garai batean vos tratamendua zegoen, bigarren pertsonarentzat. Vos horren irudian, zu dator euskarara. Eta hi geratzen da tuteo-aren pareko. Tuteo-a herri arruntaren erabilera lagunartekoa izan da. Euskaran hiru tratamendu ditugu: hi, zu eta berori. Egokitzea egin ostean, zu hori hi-ren parera joan zen; hi-ren ordez zu jarri zen. Hi formari desprestigioa geratu zaio, fama txarra. Zaharragoari edo herriko abadeari edo medikuari hi egitea errespetu faltatzat hartu da, arruntegia delako. Ez luke izan behar, baina horrela etorri da.
Forma desegokitzat zuten?
Adibide gisa, Kili-Kili-ren sortzaile Jose Antonio Retolaza abade joan zen Arrazolara. Konfesionarioan egoten zen, eta ume guztiek bekatu bera esaten zioten: to egin zutela. Hau da, hitanoa erabili zutela. Bekatutzat zuten hitanoa egitea. Desprestigioa egon da. Eta pena izan da. Filologo moduan, hitanoak hainbat gauza eder dauzka hizkuntzarako. Apurka galduz joan da hika egitea, desprestigioagatik edo zuka nagusitu delako, batez ere irakaskuntzan —hitanoa oso gutxi azaltzen da irakaskuntzan; denak doaz zu eredura—. Alde batetik dago historian zehar izan duen desprestigioa; bestetik, zu tratamenduari eman zaiola garrantzirik handiena alfabetatzean.
Zeintzuk dira hizkuntzarentzako dituen gauza eder horiek?
Gauza oso garrantzitsuak ditu; esaterako, morfojoskerarako, sintaxirako. Euskara hizkuntza indoeuroparren aurrekoa da. Gure sistema morfosintaktikoa parataktikoa da. Hau da, esaldi nagusiak erabiltzen ziren mundu zaharrean. Eta gero menpekoak etorri dira hizkuntza indoeuroparren eraginez. Euskaraz, oraindik, adinekook, esaldi nagusiak egiten ditugu hitanoan, eta menpekoak, zuka. Ha dicho que vendra, nik zeberioko nire erregistroan esango nuke: Etorriko dala esan jok. Hori gordetzen da adineko batzuengan. Gazteak hasi dira kutsatzen, hasi dira hitanoa sartzen menpekoetan ere. Horrek erakusten digu euskara oso zaharra dela.
Gizon eta emakumeen arteko generoa bereizteko aukera ere ematen du.
Hitanoan femeninoa daukagu. Inguruko hizkuntzatan ez dago halakorik. Morfema zaharra -na da femeninorako. Euskara batuan eta Bizkaiko zenbait lekutan, -a hori galdu egin da. Azken atonak galdu egiten dira. Maskulinorako -k geratu da. -K hori ez da jatorrizkoa, gero etorri da. Hitanoak aparteko pistak ematen dizkigu jakiteko zer-nolakoa zen euskara zaharra.
Gaur egun zer egoeratan erabili beharko litzateke hitanoa?
Etxeko adibidea jarriko dizut: nire seme-alabei irakatsi egin diet hitanoa, baina eurek ez dira ausartzen niri egiten. Ondoan daukat lehengusu bat; nire besoetakoa da, eta [Galdakaoko] hitzaldiaren bukaeran esan zidan ezin zidala niri hitanoan egin. Herentzia bat hartu dugu, baina apurtu egin behar dugu, eta erabili egin behar dugu beldurrik barik. Uste dut edukazio kontua ez dela hitanoa egitea edo ez egitea. Baina kostatuko da. Eskoletan landu beharko litzateke, ze gaur egungo umeek ez baitaukate guk geneukan konplexua. Lehen erlijio traumak genituen bezala —hau eta beste bekatuak zirela—, gaurko umeek ez daukate horrelakorik. Nire ustez, sekretua irakaskuntzan dago. Hor ahalegina egin behar dute, eta azaldu ez hitano osoa, hori ezinezkoa da, baina bai irakatsi 15-20 forma, gehien erabiliak, eta erabili.
Transmisioa eten egin da, baina kasu batzuetan jarraitu egin du, batez ere gizonen artean. Zergatik gizonen artean bai?
Ez dakit. Nik lagunekaz beti egiten dut hitanoa. Emakumeekaz ez dugu egiten. Galdakaon bategaz bai aritzen naiz hitanoan, haren senarra txikitako laguna dudalako. Baina beste guztiekaz, zuka. Ohitura kontua da.
Erregistroa aldatzea ez da izango erraza. Hitanoan egiteko ohiturarik ez duenari erabiltzen hasteko gomendiorik?
Ez da erraza, ez. Kontzientziatu eta lotsa kentzeko esango nieke. Hizkuntza Eskolako irakasle batek esan zidan hitanoan egiteko berari. Hasi nintzen, eta gaur egun normala irizten diot. Baina pertsona batek ez badizu esaten, agian ausartu ere ez zara egiten. Daukan garrantziaren kontzientzia hartu beharko genuke. Ea hasten garen gutxienez forma batzuk erabiltzen, pena baita gure erregistro zaharrena galtzea.
Galdakaon martxan jartzen ari diren egitasmoak bertako hitanoa berreskuratzea du helburu. Iurretan bizkaiera jasoan ari dira lantzen hitanoa. Zein ikusten duzu egokien?
Jasoa erabiltzea ondo dago, gaur egungo gazteak ezin dituzulako herrikoa egiten jarri. Hala ere, erabiltzen dugunok ohituta gaude, eta, ulertzen denez esaten duguna, ondo deritzot herriko formari ere. Baina, ikasten dutenentzat, arautua eta landua erabiliko nuke. Landua hobea da halako kasuetan. Herriko euskara egiteak abantaila handiak ditu: intonazioa, esateko modua, joskera bera, galdegaia non jarri… Herriko erabilera hori ere garrantzitsua da horregatik, nahiz eta gero landuagoa erabili.