Hamaika koloretako golak

Errekaldeko kiroldegian (Bilbo) futbol talde ugari entrenatzen da egunero. Astelehen, eguazten eta bariku iluntzeetan, ostera, sortu berri den klub bateko jokalariak futbol zelaiko jaun eta jabe bilakatzen dira: hiru kontinente eta hamaika herrialdetatik etorritako futbolariak dira, gehienak auzo berean bizi diren arren.

Entrenatzen ari diren bitartean, gazte batek adi begiratzen die harmailetatik. Duela bi urte, Sestao Riverreko gazte taldean ari zela, lesio larri bat izan zuen, eta, ordutik, ezin du nahiko lukeen bezala gozatu futbolaz. Alexander Ferreira, baina, bere ametsetako bat egia bilakatu arte borrokatu da. 19 urterekin, San Frantzisko auzoko futbol taldearen presidente eta sortzailea da. Kirolaren bitartez, integrazioa eta elkarbizitza sustatu nahi ditu Bilbon kulturaniztasun handiena duen auzoan, eta, bide batez, San Frantziskok duen “irudi ez oso ona” hobetzen lagundu.

Hainbat zailtasun gainditu behar izan dituzte proiektua aurrera ateratzeko. “Lagunekin eta anaiarekin hitz egin nuen, eta kluba sortzeko ideia azaldu nien. Bi urte daramatzagu taldea osatzeko lan egiten”. Hutsetik hasi beharreko lana izan zen, baina ez zuten atzera egin, eta Bizkaiko Futbol Federazioaren atea jo zuten, informazio eske. “Urtero irekitzen dute epe bat, klub berriek izena emateko”. Datorren urriaren 14an lehiatuko dira ofizialki aurrenekoz, Mungia Bren aurka.

Izena emateak 600 euroko kostua zuen, eta finantzaketaren arazoarekin topo egin zuen Ferreirak aurrenekoz. Dirua lortzeko, zozketa bat antolatzea bururatu zitzaion. “Txartelak saldu genituen, eta telebista handi bat zozketatu genuen. Horrela lortu genuen izena emateko dirua”.

Hurrengo, elastikoak erosteko babesle bila aritu ziren Ferreira anaiak eta lagunak. Presidentearen hitzetan, “kasualitatez” lortu zuten horretarako dirua. “Gure amak lan egiten duen kafetegiko nagusia San Frantziskon bizi izan da urte askoan, eta mila euro eman zizkigun”, esan du.

Une horretan, eta babeslearen eskariei erantzunda, taldearen koloreak zeintzuk izango ziren hautatu zuten: elastiko arrosa eta praka beltzak. “Adineko emakumea da, eta ikusmen arazoak ditu. Esan zigun harmailetatik taldea ondo ikusi gura zuela, eta, horregatik, arrosa erabiltzeko proposatu zigun”. Auzoko dendetan partiden orduei buruz informatzeko kartelak jarriko dituzte, eta dendariekin hitz egiten ari dira bertan publizitatea jarri dezaten.

Kluba antolatzeko lana “gogorra” izan dela baieztatu du Ferreirak. Harentzat “erantzukizun handia” da taldearen zuzendaritza lanetan aritzea; batik bat, adinak sorrarazten dio sentipen hori. “40 urteko pertsona batekin honi buruz hitz egin behar dudanean, askotan pentsatzen du zirikatzen ari natzaiola”, azaldu du, umoretsu.

Hasierako arazo guztiak “egunkarietan lehen aldiz agertzean” lausotu zirela gogora ekarri du agintari gazteak. “Ordura arte, udalean esaten ziguten futbol zelai guztiak beteta zeudela”. Erantzun hori jasotzean, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako berritzeko udal bulegoaren arduradun Javier Rojorekin harremanetan jarri ziren klubeko ordezkariak. “Esan genion gastuak gure gain hartuko genituela, hori ez zela arazoa, baina taldea aurrera atera nahi genuela”. Orduan jaso zuten Bilboko Udalaren deia. “Haiekin bildu ginen, eta zelaia ordainduko zutela esan ziguten”.

San Frantzisko talde gazte eta humila izanagatik, egitura sendoa osatzea lortu du denbora gutxian, eta jadanik webgunea ere badauka. “Haren bitartez saltzen ditugu poloak, elastikoak eta pinak”, azaldu du Ferreirak. Horrez gain, bazkideak egiteko kanpainan sartuta dago kluba. Krisi ekonomikoak ez die laguntzen auzotarrei bat egiten, eta prezio ekonomikoetan eskaintzen dituzte karnetak. “Lana duten pertsonek 30 euro ordaindu behar dute, 20 euro ikasle, erretiratu zein langabeek, eta 10 haurrek. Hiru partida ikuste soilarekin amortizatuko dute”.

Izan ere, presidentearen ustez, klubaren helburu nagusietako bat auzoa taldearekin “identifikatzea” da: “Ahal den guztia egingo dugu auzoa taldearekin inplika dadin. Auzotarren taldea izatea nahi dugu, eta ez auzoaren izena eramaten duen taldea soilik”.

Integraziorako bidea

Taldean sartzeko hautaketa prozesuan “auzoko jende pilo batek” parte hartu duela jakinarazi du Ferreirak. “Kultura askotako taldea” dela adierazi du, eta horrek taldearen eta auzoaren arteko lotura indartzeko baliagarria izan daitekeela. “Jendea taldearen parte sentitzea nahi dugu; ez dadila baztertuta senti”.

Hala, hainbat naziok dute taldean ordezkariren bat: Ginea, Cabo Verde, Portugal, Argentina, Bolivia eta Ekuadorko jokalariak dira horren adibide. Oraindik azken hautaketa egin behar dute, 35 futbolari inguru aritzen baitira entrenamendu bakoitzean. 22 jokalarik osatuko dute behin betiko taldea, “bi postu bakoitzeko”. Ferreiraren irudiko, “oso gogorra” da hautatu behar izatea. “Orain dela gutxi, lau jokalari baztertu genituen, eta asko mindu ninduen haiekin hitz egin behar izateak. Uste dut haiei baino min handiagoa eman zidala niri”. Ez da beti baztertzen jokalari “txarragoa” dena. “Batzuetan, arazoak ematen dituzten jokalari onak baztertzen dira, azalpenetan ez dutelako kasurik egiten, edo giro txarra sor dezaketelako aldagelan”.

Anaien artean

Alexander Ferreirak lehen unetik izan zuen anaia Oscarren laguntza klubari forma emateko. Egun, Oscar Ferreira presidenteorde eta entrenatzailea da. Hark azaldu duenez, mailaz igotzeko “itxaropena” dute taldean. Eskualdeko hirugarren mailan arituko dira aurten, futbol federatuko mailarik apalenean. Entrenatzailearen esanetan, “bigarren edo hirugarren postuan” sailkatzeagatik borrokatuko dira. “Printzipioz, Lemoak ia ziurtatuta dauka lehen postua”.

Denboraldi honetan Bizkai osotik bidaiatu beharko dute, federazioak ez baititu sartu Bilboko taldeek jokatzen duten ligan. Hainbeste kilometro egin behar izateak kalte egingo diela uste du. “Jokalari askoren egoera ekonomikoa ez da oso ona. Batzuk beharrik gabe daude, eta ez dute langabezia saririk jasotzen”.

Talde hain nazioartekoa izateak eragozpenen bat eragin dakiekeela jakinarazi du, ironiaz. “Athleticekin hitzarmena sinatzeko arazoak izango ditugula esan digu batek baino gehiagok”. Bromak alde batera utzita, Ibaiganerekin harremanak finkatu dituztela jakinarazi du, eta horiek “onak” direla. “Haiekin berba egin dugu, eta euren eskuetan dagoen gauza guztietan lagunduko gaituztela esan digute”.

Auzoaren beste irudi bat ematen saiatuko dira. “Hainbat kolektiborekin hitz egin dugu, eta babes handia eman digute; klubak onarpena jaso du”. Egindako lanaz harro agertu da. Orain, emaitzak heltzea baino ez da falta. Urriaren 14an hasiko dute liga txapelketa, eta, hurrengo ekainera bitarte, aurreiritziei golak sartzen arituko dira astebururo.