Ez dute jokoz kanpo geratzerik onartzen

Bizkaian bada integrazioaren alde borrokan diharduen beste talde bat, kirola horretarako tresna aproposa izan daitekeela uste duena. Hori horrela, orain dela sei urte, Hegoak elkarteko kideek futbol taldea osatzea erabaki zuten, kirolean ere homofobiaren kontrako mezua zabaltzeko asmoz. Javier Regalado elkarteko kide eta taldeko jokalaria da, eta Hegoak Kamalions taldeak egindako ibilbidea gogora ekarri du. Haren esanetan, hasieran zalantzak zituzten taldearen jarraitzeko ahalmenaren inguruan; ez zekiten luzerako proiektua izatea lortuko zuten edo ez. Baina dagoeneko talde egonkor bilakatu dira. “Elkar ezagutzen ez genuen jendea ginen, eta taldearekiko konpromisoa bidean sortzen den kontua da. Gutxika, taldekide guztiak gustura geundela ikusi genuen”, gogoratu du.

Joan den deboraldian bigarren sailkatu ziren futbol7ko ligako hirugarren mailan, eta igotzeko zorian egon ziren. Izan ere, mutilez osatutako beste edozein futbol talderen aurka jokatzeko eta irabazteko gai direla frogatu dute urtez urte. “Ia aurten lortzen dugun”, agertu du ametsa. Regaladok azaldu duenez, hasierako une horietan ez zekiten euren kirol maila zein izan zitekeen. “Orain badakigu zer egiteko gai garen, zein arlotan hobetu dezakegun eta zeintzuk diren gure alderik indartsuenak”.

Urteroko txapelketa

Denborarekin, ohiko liga txiki gelditu zitzaien, eta LGTB kolektiboko futbol taldeen arteko lehiaketa berezi bat antolatzeari ekin zioten. Hala jaio zen Hegosport txapelketa kolektiboko taldeen artean: joan den uztailean, bosgarren aldiz jokatu zen, eta etxeko taldeak irabazi zuen. “Bazen garaia, gure txapelketa irabazten dugun lehen aldia da”, jakinarazi du Regaladok. Txapelketak ere jarraikortasuna izatea lortu duela dio, kanpoko taldeak “oso gustura” datozela.

Horrez gain, aurten estreinakoz Harrotasunaren Partida antolatu zuten ekainaren 28ko programaren barnean. Hegoak Kamalions taldeko kapitainaren esanetan, elkartean aspalditik zuten buruan Harrotasunaren Eguneko ekintzen barnean partida bat antolatzea. “Bilboko suhiltzaileekin kontaktuan jarri nintzen, eta gustura onartu zuten elkarren kontra jokatzeko proposamena”.

Aurkariek “oso talde ona” zelairatu zuten, eta partida galdu zuen Regalado buru duen taldeak. Dena den, hark nahiago du norgehiagokan egondako “giro ona” nabarmentzea. “Haiek ere ulertu zuten ekintzaren mezua, ez duela inporta nondik zatozen edo zein kolektiboren parte zaren, futbolak batu behar gaituela, eta ez banatu”.

Orotariko jarrerak

Regaladoren ustez, kirola heziketarako “bitarteko ona” da, baina arlo horretan “hainbat urteko atzerapena” dago sexualitateari buruz normaltasunez hitz egitera iristeko. “Kirolean oraindik tabu bat da. Ez da normala jokalari bakar bat armairutik atera ez izana”. Hala ere, zenbait aurrerapauso egin direla aitortu du. “Aurten, Hegosport txapelketak Athletic Club Fundazioaren babesa jaso du, eta hori urrats nahiko garrantzitsua da”, egin du gogoeta.

Taldea sortu zutenean komunikabide askoren deia jaso zutela adierazi du Regaladok. “Gure kontra jokatzen zuten guztiek bazekiten zer motatako taldea ginen eta zein zen gure aldarrikapena”. Urte horretan zenbait pasarte desatsegin bizi behar izan zituztela aitortu du. “Aurkakoek euren artean hitz egiten zuten, edo harmailetan zituzten neskalagunek marikoien aurka galdu behar zuten galdetzen zieten”.

Hala ere, erantzun positiboak “negatiboak baino gehiago” izan direla gaineratu du Regaladok. “Jende askok esan digu taldea sortzea oso ideia ona dela, eta den-denek aurrera jarraitzera animatu gaituzte”.