Ibai Maruri Bilbao
Ezohiko gertaera bat izan da Urdaibaiko paduretan, Gautegiz Arteagan: hiru arrano arrantzale jaio dira. “Ehun edo 200 urte igaro dira inguru honetatik desagertu zirenetik. Ordutik ez da txitarik jaio Bizkaian”, nabarmendu du Urdaibai Bird Centerreko biologo Edorta Unamunok. Hiruretan azkena jaio dena hil egin da asteburuan, baina Unamunok esan du beste biek bizirik irauteko aukera handiak dituztela. Pozarren daude, beraz, hegaztien interpretazio zentroko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Izan ere, jaiotza hauek 2013tik esku artean duten proiektu baten emaitza dira.
Zer dira arrano arrantzaleak?
Pandion haliaetus da arrano horren izen zientifikoa. “Harrapariak dira, baina arrainak baino ez dituzte harrapatzen. Urdaila-eta arraina jateko dituzte prestatuta”. Badute beste ezaugarri bat ere: “Arrano askok ez dute migratzen, baina hauek migratzaileak dira”. Mundu osoan aurki daitezke. Ia Europa osoan, gizakiak desagerrarazi zituen. Euskal Herrian, 100 urte baino gehiago igaro dira azkena jaio zenetik.
Zelan itzuli dira Urdaibaiko paduretara?
Urdaibai Bird Centerrek eta Aranzadi zientzia elkarteak arrano arrantzaleak leheneratzeko proiektu bat ipini zuten martxan 2013an, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. “Hegazti mediatikoa da. Pentsatu genuen espeziea leheneratzeaz batera beste hegazti batzuen bizilekua, Urdaibai, babesten laguntzeko eta ingurumen hezkuntzarako ere erabil genezakeela”, gogorarazi du. Europa iparraldean oraindik arrano arrantzale kolonia sendoak geratzen dira, eta hara jo zuten txita bila. Finlandian eta Eskozian ibili ziren, eta azkenean Eskoziatik ekarri zituzten. Bost urtean, urtero hamabi arrano arrantzale eman zizkieten: guztira, 60. “Uztailean joaten ginen eskoziara, The Highland Foundation for Wildlife erakundekoengana. Habia bakoitzetik txita bat hartzen zuten. Lau aste zituztenean ekartzen genituen. Adin horretan hasten dira haien garunean gordetzen non jaio diren edo non jaio direla uste duten. Euskalduntze prozesua egiten genuen guk gero”.
Zelan egokitu ziren bizileku berrira?
Uztailaren hasieran iristen ziren Busturialdera. “Kaiola batean izaten genituen, baina padurak ikusten zituztela. Guk egiten genuen gurasoen lana: lazunak arrantzatu, eta zati txikietan ematen genizkien. Ikusten genuenean gai zirela hegan egiteko, kaiola zabaltzen zitzaien, eta kanpora”. Hori uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran izaten zen. Izan ere, zortzi asterekin hegan egiteko gai dira. Lehen hilabetean inguruan ibili ohi dira. Jatekoa leku jakin batzuetan jartzen zieten, haiek topatzeko. Irailean, desagertzen hasten ziren: migrazio sena piztu, eta Afrikara joaten ziren.
Zelakoa da migrazioa?
GPSarekin markatu zituzten hamar bat arrano. Gehienak Senegalera joan ziren. Batzuk hil egin ziren: “Hilkortasun tasa itzela dute. Batzuk basamortua zeharkatzean hiltzen dira. Baina hil ziren 11 arranoetatik hiru seguru gaude elektrokutatuta hil zirela, argindar dorreetan”. Eusko Jaurlaritzak hitzeman zien dorreak isolatuko zituela. Urdaibaikoak egin zituen; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako guztiak isolatzeko konpromisoa hartua du. Lehen bidaian negu bi igarotzen dituzte Afrikan, eta heldutasun sexuala ailegatzen zaienean, sorterrira bueltatzen dira. Hurrengo migrazioetan, negua baino ez dute igarotzen han, eta udaberrian itzultzen dira. “Denak ez ziren bueltatu. Arranoen %75-80 lehen urtean hiltzen dira, migrazioan edo negu pasako lekuan”. 2015ean itzuli ziren lehenengoak, 2013an askatutakoak. Urdaibai aldera etortzen dira, baina denak ez dira Bizkaian geratzen. Batzuk Landetara joan dira, Frantziara. Espainian, berriz, Santanderko badian (Kantabria) eta Villaviciosan (Asturias) badaude Urdaibain askatutako arrano arrantzale eskoziarretako batzuk. Lehen migrazio hartatik Urdaibaira itzuli eta Urdaibain geratutako arranoa N3 eraztuna zuena izan da: Roy.
Nor da Roy, eta nor Landa?
Eskoziatik iritsi zen lehen arranoetako bat da Roy. Arra da. 2013an askatu zuten, eta 2015ean itzuli zen lehen migraziotik. Harrezkero, urtero egin du joan-etorria. “Gehiegi euskaldundu genuen antza, eta, urteak pasatu arren, ez du ligatu”. Iazko martxoaren bukaeran ikusi zuten lehen aldiz eme batekin. Eme hori Frantziako proiektu batekoek eraztuna ipinitakoa da, Landetakoa. Horregatik, Landa ipini zioten izena. Jaio diren txiten gurasoak dira.
Zer gertatu zen iaz?
Habian ibili ziren, bai, baina Landa oraindik gaztea zen ama izateko: bi urte zituen. Iraila iritsi zenean, bakoitza bere aldetik Afrikara joan ziren. “Seguru gaude migrazioa bakarrik, bakoitzak bere kabuz egiten dutela”, ohartarazi du Unamunok. “Urte batean gauzak ondo joan badira, hurrengo urtean leku berera itzuliko dira bai arra bai emea”. Eta hala egin dute aurten: joan den martxoaren 24an agertu zen Roy Urdaibain; martxoaren 30ean, Landa. Bazuten hori gerta zitekeen susmoa, eta kamera bat ipini zuten iaz ibili ziren habiari begira, badaezpada.
Zer jazo da martxotik?
Lehenengo, habia txukundu zuten. Gero, ernaltzea etorri zen: “Egunero eta egun osoan ibili ziren ekinean”. Apirilaren 19an lehen arrautza ipini zuen Landak. “Historikoa izan da: hainbeste eta hainbeste urtetan ugaldu ez den espezie honek lehen arrautza jarri du penintsulako Kantauri isurialde osoan”. Apirilaren 22an, bigarrena; apirilaren 26an, hirugarrena. Bigarren eta hirugarren arrautzen artean emea inkubatzen hasi zen: 35-38 egun behar izaten dituzte. “Tentsio uneak ere izan ditugu: denboraleak izan dira tartean, eta egun batean Landak ihes ere egin zuen, hiru orduz arrautzak bakarrik utzita”. Maiatzaren 30ean, 06:00etan, lehen arrautza apurtzen hasi zen: 06:07etan irten zen lehen txita oskoletik; 06:22etan, bigarrena. Hirugarrena, berriz, ekainaren 2an jaio zen, sorpresa eta guzti: albinoa izan da.
Zer da albino izatea?
Albinismoa melanina pigmentu faltak sortzen duen anomalia genetiko bat da. Gizakiek, animaliek eta landareek izan dezakete. “Txita hau zuri-zuria izan da. Mokoa eta lumarik izan ez duen lekuak arrosak izan ditu; begiak, gorri-gorriak”. Bibliografia begiratu eta nazioarteko adituekin berba egin ondoren, munduan jaio den lehen arrano arrantzale albinoa dela uste dute. Joan den zapatuan hil zen.
Zergatik hil da?
“Hirugarren txita jaiotzen denerako, beste biak bizkortuta egoten dira, eta haiek jaten dute gurasoek ekartzen dieten jateko gehiena”, azaldu du Unamunok. Bizi izan den hiru egunetan, behin jan du. Albinoa izateak ere ez dio lagundu. Itsu jaio da, gainera. Txiten jarraipena Internetez egin izan duten milaka zaleen artetik batzuen kritikak jaso dituzte: “Animaliak humanizatzeko joera dute batzuek: habiatik atera eta guk hazteko eskatzen ziguten. Hau basa bizitza da, eta guk ez dugu esku hartu nahi izan. Ez dugu Copito de nieve bat —Bartzelonako gorila albinoa zena— gura Urdaibain, kaiolan sartuta”.
Zer gertatuko da beste bi txitekin?
Txitek bost aste dituzten arte itxarongo dute Bird Centerrekoek: “Biziraungo duten ziurtatu gura dugu. Orduan, eraztuna jarriko diegu”. Abuztura arte egongo dira gurasoen zaintzapean. Orduan, habiara barik, beste leku batzuetara eroango diete gurasoek jatekoa, handik irteten has daitezen. Hala ibiliko dira iraileko lehen hamabostaldira arte. Ondoren, migrazio sena piztu, eta Afrikara joango dira laurak, bakoitza bere aldetik. Han pasatuko dute negua gurasoek, eta martxoan itzuliko dira, arrautza berriak jartzera. Jaioberriek datozen negu biak igaroko dituzte Afrikan, eta heldutasun sexuala lortuta itzuliko dira Urdaibaira, 2023ko udaberrian. “Normalean, jaio diren lekura etortzen dira, baina ikusten badute habiak okupatuta daudela, beste inguru batzuetara joan daitezke. Urdaibain, hamar bikote egoteko behar beste leku dago. Arazoa gehiago izaten da bikotea topatzea”.