Bilboko Errekaldeko auzo mugimenduaren 50 urteko ibilbide osoa gogorarazteko ekitaldiz betetako astea dute auzoan. Duintasunaren aldeko borroka gisa aurkeztu dute euren historia, eta horren zergatiak gogora ekarri ditu Fernando Arevalo Moralek (Bilbo, 1977), Errekaldeberriz elkarteko kideak.
Zer zabaldu gura duzue Errekaldeko bizilagunen 50 urteko borroka gogora ekartzeko astearen bidez?
Jardunaldi hauen helburua da gogora ekartzea duela 50 urte herritarrek mobilizatzeari eta borrokatzeari ekin ziotela gaur egun oinarrizkotzat jotzen ditugun gauzak lortzeko. Euren interesen alde mobilizatzeari ekin zioten, duina zelako.
Zelan sortu zen mugimendu hori?
Hasierako mugimendua nik ez nuen ezagutu. Gauza oro hasten diren bezala hasiko zen: herritarrak jabetzen dira beharrizanak dituztela, hitz egiten hasten dira, apurka antolatzen eta euren ustez bidezkoa denaren alde borrokan. Beharrizan kontua izan zen guztia: semaforoak eskatu zirenean, kaleetan zoladurak jartzeko eskaera egin zutenean…
Garai hartan zeuden beharrizanek sortutako mugimendua da; gaur egun ere baditugu beharrizanak, ordea. Bideak asfaltatua egon arren edo estolderia bukatuta, badago zer hobetu. Gauzak eraikitzeaz gain, gizatasuna ere beharrezkoa da. Jendeari galdetu ere egin gabe zelan nahi dituzten edota zelakoak izan beharko luketen eraikitzen da.
1964an Europako lehenengoetariko familien elkartea sortu zen auzoan. Aitzindariak zineten Euskal Herrian.
Hala da, bai. Historia apur bat ezagutzen hasten zaren arte ez zara jabetzen zenbateko balioa izan zuen elkarteak. Harro gaude, munduan dauden mugimendu guztiak ikusi eta estatuan era honetako lehenengo elkartea gurea izan dela jakinda.
Anekdota moduan, garai hartan Errekalde basaz beteta zegoen. Kamioi asko zebiltzan orduan handik, eta auzotarrei otu zitzaien kamioilari bakoitzari banderatxo bat ematea mezu honen antzeko zerbait idatzita: “Errekalde, basaz betetako auzoa”. Arazoa globalizatzeko modu bat izan zen, Internetek egiten duen bezala, globalizatu eta arazoaren berri zabaltzeko.
Emakumeek zeregin garrantzitsua izan dute mugimendu horretan, eta lan hori aintzatetsi egin diezue, historiaren pasarte askotan gertatu ez den bezala.
Historia aztertuz gero, gizonezkoaren eginkizuna aldarrikatzen du oro har. Gure kasuan, ordea, seme-alaben hezkuntzaz eta ongizateaz arduratu direnak emakumeak izan dira beti. Emakumeen lan hori aldarrikatu nahi dugu, andreek egiten zuten esfortzu guztia. Etxeko lanak egin eta seme-alabak hezteaz gain, seme-alaben ongizatearen alde mobilizatzen ziren. Ez ziren garai hartako klixeek finkatzen zuten moduko emakumeak.
Emakumeen elkarte bat sortu zuten, kontuan hartuta garai hartan andreenganako jarrera zein zen gizartean. Kalera atera eta bizilagun guztiak mobilizatzeko adorea izan zuten euren seme-alabak eskolara joan zitezen, 6 urtera arte barrakoietan ikasten egon ordez.
Borrokalari horien guztien artean, Begoña Linazaren lana nabarmendu nahi duzue. Zergatik?
Hura izan zelako eskolen aldeko elkarteko lehenengo presidentea; aitzindarietako bat, beraz. Aurpegia eman zuen, eta guztiak konbentzitzen saiatu zen aldarrikapenekin bat egin zezaten. Betiere beharrezkoa da aurpegia emango duen pertsona bat. Lehen esan bezala, beti pentsatzen da gizonak direla gauzak sustatzen dituztenak. Gurean, ordea, bere seme-alaben eta auzoaren alde aurpegia eman zuen lehena emakume bat izan zen. Begoñari berari omenaldia egiteko proposamena egin genionean, hunkitu egin zen, eta oso pozik dago.
Zelan hartu dituzue aldarrikapen guztiak, eta nola bideratu dituzue ahalegin guztiak horrenbeste urtetan?
Auzoaren berezitasuna dela uste dut nik. Auzoa eraikitzen hasi zirenean, hiritik erabat bereizita zegoen. Ghetto antzekoa sortzea eragiten du horrek. Azkenean, auzoan bizi den jendea lekuaz eta bizimoduaz kezkatzen hasi eta bizi-baldintzak hobetzeko lanean hasten da. Erakundeek beharrezko arreta jartzen ez dutenean, elkarrekin lan egin eta gauzak hobetzeko aurre egitea beste erremediorik ez daukazu. Ideia hori urterik urte zabaldu da; Errekaldeko bizilagunen artean geratu den marka bat da.
Hemendik hainbat elkarte sortzen dira, gainera, hobetzeko gauza asko daudela uste duten pertsonek bultzatuta. Mugimendu horrek eragiten du irautea. Auzotarrek laguntzeko borondate hori beharrizan bat da; ez da beharrezkoa tartean dirua egotea, gauzak egiteko borondatea baizik. Horrek adiskidetasuna sortzen du, eta elkartzeko gune bihurtu. Elkarbizitzak ematen du jarraitzeko modua. Izan ere, erakundeen esku uzten baduzu guztia, ez zara jabetzen zeuk hartu behar duzula zure ingurua zaintzeko ardura.
Elkarlan eta auzolanaren adibide garbi bat Kukutza gaztetxea izan zen. Urtebete da bota zutenetik. Zelan eroan du auzoak falta hori?
Batzuk pozik egongo dira. Hala ere, nabaria da falta. Dagoeneko ez daukagu jarduerak egiteko lekurik. Kulturari dagokionez, asko galdu da. Kontzertu eta antzezlan ugari ikusi ditut nik han. Herritarrek hainbat jarduera egiten zituzten han. Proiektuak bai baina lokalik ez zeukaten herritarrek leku hori galdu dute. Esaterako, amaz osatutako talde bati udalak ez zion lokalik uzten, eta gaztetxean izan zuten lekua. Erreferente kultural gisa galtzeaz gain, gaztetxe inguruko taberna eta supermerkatuetan ere nabaritzen da. Galera ekonomikoa ere izan da.
Auzoak erakundeei dagozkien funtzioak bere gain hartu behar izan al ditu sarri?
Baietz uste dut. Duela 50 urte mugimendua hasi zenean, bistakoa da baietz. Duela 20-30 urte, erakundeak aldatu egin ziren, eta auzoaren azpiegiturarekin gehiago arduratzen hasi ziren. Gaur egun, oraindik lan hori hartu behar dugu. Izan ere, auzo baten beharrizanen alde lanean ari den agintari batek aztertu egin beharko luke giroa, zerk kezkatzen dituen herritarrak… eta ez udaletxe barruan gelditu.
Errekalde deserosoa al da Bilborentzat?
Baietz esango nuke. Batez ere, zirikatu egiten ditugulako, eta, enbarazu egiten duzunean, deserosoa zara. Erdigunekoek ez dute kezkatu behar, ondo zaintzen dutelako. Hemen, ordea, gauzak eskatu, eta egingo dituztela erantzuten dizute. Eta ekin eta ekin egin behar izaten dugu. Deseroso izateari dagokionez, Bilboko plano turistiko bat hartu nuen lehengoan, zabaldu, eta bitxia iruditu zitzaidan Zorrotza, Txurdinaga, autobidetik Peñascalerako ingurua, Errekalde eta Pagasarri ageri ere ez zirela egiten. Argi dago zeintzuk diren Bilboko Udalaren lehentasunak.
Kultur jarduerak eta eskulturak, esaterako, non dauden ikustea baino ez dago. Gaztetxeak beharrizan hori ikusi eta betetzeko helburua izan zuen. Erakundeek, ordea, hori guztia ezin zutela kontrolatu ikusi, eta geldiarazi egin zuten.