Maialen Arteaga
Saguzarrak izenez abiatu zuten ibilbidea, baina, egun, ADES izenez ezagutzen da (Saguzarrak Espeleologia Kirol Elkartea). “Orain inork ez dio Saguzarrak deitzen: ADES gora, ADES behera…”, dio Gernika-Lumoko elkarteko Oier Gorosabelek. Lea-Artibai inguruko kobazuloak ikertzen ibiltzen dira. Izenaren jatorria begiratuta, ezinbesteko pertsona bi datozkio gogora Gorosabeli: Jose Luis Urzuriaga eta Gotzon Aranzabal. 1970eko hamarkadan hasi ziren Gernika-Lumoko gazte bi horiek zaletasun horretan. Urzuriagak eta Aranzabalek 16-17 urte zituzten orduan, eta Euskal Herriko testuinguruak zaletasunean ere egin zuen isla. “Hamarkada horretan OJEko (Organización Juvenil Española) espeleologia taldea baino ez zegoen Gernikan; Falangeko gazteak ziren, eta haiek antolatzen zituzten espeleologia txangoak. Francok egitura guztia zeukan bere gain”.
Francisco Franco diktadorea hil zen eguna iritsi zen zen, ordea, eta orduko egitura guztiak errenka hasi ziren. Errenkadak eragindako gabeziez baliatu ziren Urzuriaga eta Aranzabal egun ADES dena osatzeko. “Hanka bako oiloen gisara gelditu zen OJE, eta momentu horretan, Gernikako hainbat gaztek batzea erabaki zuten: herriko lokal batzuk okupatu zituzten. Sortzen zebiltzan dena oso informala zen, ez zeukan formarik”, oroitu du Gorosabelek. “Jose Luisek eta Gotzonek ez zeukaten beren burua espeleologotzat, espeleologoak miresten zituzten, baina ez ziren ausartzen beren burua diziplina horren barruan sailkatzen”. Eufemismoen babesean, oraindik likidoa zen elkarteari izena jarri zion bikoteak: Espeleologiaren Lagunak.
Hamaika izeneko izana
40 urte baino gehiago igaro dira, eta hamaika izen izan ditu taldeak; izen desberdina, baina izan bera. “Modu ezberdinetara deitu bazaio ere, pertsona nukleo berak bultzatuta izan da beti”. Bi lagunek eman zioten hasiera hariari, baina Urzuriaga mendiko istripu batean hil zen duela urte batzuk. Haren kide Aranzabal hariari tiraka dabil oraindik ere: “Gotzon ADESen dago martxan, 60 urteak beteta, beste gazte asko baino hobeto, sasoiko, indartsu eta gogoz”, esan du Gorosabelek. “Oso garrantzitsua da guretzat, beti egon da lehenengo lerroan”.
Testuingurua asko aldatu da ordutik, eta likidoa zena solidotzen joan zen. Orain Aranzabalek espeleologotzat dauka bere burua. ADESeko beste kideek ere bai. Baldintzak ere asko hobetu direla azpimarratu du: “Lehen hogei kilometro egiten zituzten oinez, motxila handi bat soinean eramanda; oso modu prekarioan aritu ziren. Ikerkuntza handiak egin zituzten, eta udala zein beste eragileak konturatu ziren lan garrantzitsua egiten zutela; diru laguntzak ematen hasi ziren, eta lokal bat utzi. Baldintzak hobetzen joan dira”. Gaur-gaurkoz, hogei kidek osatzen dute elkartea, baina azpitalde askotan sailkatzen dira. “Aktiboki hamabi kide inguru joaten gara leizetara, eta talde horren barruan ere ez dugu denok dena egiten: batzuk nagusiak dira, beste batzuk fisikoki handiagoak gara eta ez gara leku batzuetan sartzen… Zaletasun eta espezialitateen arabera banatzen ditugu egitekoak. Batzuk hidrologia ikertzen ibiltzen dira; besteak puntan aritzen dira, kobazuloko bidea gidatzen”. Gorosabel biologia arloan ibiltzen da, haitzuloetan bizi diren animaliak ikertzen.
Zaletasuna konpartitzen duten talde gehiago daude orain: Durangaldean, Bilbo inguruan… “Eremu bakoitzerako espeleologia talde bat dago, gutxienez”, esan du. Kortezubiko Santimamineko leizeak eta Dimako Baltzolakoak dira Bizkaiko esanguratsuenetakoak —une honetan sarbidea itxita dago bietan—, baina, Gorosabelen arabera, badaude beste hainbat geltoki: “Kobak kareharrizko eremuetan egoten dira; beraz, Bizkaiko parke natural bat dagoen inguruan beti egoten dira kobak; Durangaldean, Meatzaldean…”.
Zaletasunaren etorkizunari begira lasai dago Gorosabel. Badaki ez dela ohiko afizio bat, baliabideak eskura izan behar direlako eta kontu handiz ibili behar delako. Baina belaunaldi berrien lekukoa ziurtasunez ikusten du: “Espeleologia jende gutxiri interesatzen zaio, baina gustatzen zaienek pasioz bizi dute, ezin zaio zaletasunari eutsi. Badakigu belaunaldi berriak etorriko direla, gaur ez bada hemendik urte batzuetara gazteak agertuko dira, guk egin dugun lanarekin jarraitzeko”.