Peru Azpillaga Diez
Ekainaren 13ra bitartean, Galdakaoko 15 urtetik gorako edozein gaztek aukera izango du Gaztetxea Pizten taldeak abiatu duen sinadura bilketan parte hartzeko. “Galdakaoko Udalaren jabetzakoa den eraikin bat gazteei uztea eta bertan egingo diren proiektuen inguruan herriko gazteek eztabaidatzeko prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeko eskatzen diogu udalari”, azaldu dute talde sortu berria aurkezteko egindako agerraldian. “Galdakaoko dozenaka gazte elkartu gara egun herrian ikusten dugun gabezia bat mahai gaineratzeko. Horri irtenbidea emateko, Gaztetxea Pizten taldea sortu dugu”, erantsi dute.
Hain zuzen ere, sortu berri den talde horretako kidea da Danel Sagardui. Hark dioenez, gaztetxe batek herriari “onura” egingo liokeela iritzita, urtebete daramate lanean, biltzen-eta, behar edo premia hori herriko gazteen artean sozializatu eta erdietsi ahal izateko.
Kontatu duenez, kultur eskaintza ez da gazteen testuingurura hurbiltzen. Gainera, gazte sortzaileei begira ere, ohartarazi du haien lanak aurkezteko gune baten falta dagoela. “Gure ustez, gazteriari eskaintzen zaion aisialdia oso pobrea da, eta kontsumora bideratuta dago erabat, are gehiago osasun larrialdiaren ostean”, esan du Sagarduik.
Horregatik, gaztetxe baten aldeko dinamika abiatzea erabaki dute. “Beharrezkoa da gazteok kudeatutako gune bat eraikitzea, herriko gazteek dituzten ideia, borroka eta proiektuentzako gotorleku izango dena, eta, autogestioaren bitartez, benetan guri zuzendutako kultur eta aisialdi eskaintza bat garatuko duena”.
Galdakaon bizi izan dituzte aurretik ere gaztetxeari lotutako esperientziak. Sagarduik aipatu duenez, duela lau urte eraitsi zuten 2013tik 2017ra artean martxan egondako Ortuondo gaztetxea. Haren ondoren ere, egin izan dira halako proiektu berri bat martxan jartzeko saiakerak. “Azken urteetan egin diren okupazio ahaleginetatik ere, herrian gaztetxe bat falta dugula ondorioztatzen dugu, eta hori lortzeko bidean pausoak eman nahi ditugu”. Oraingoan lortuko dutela uste dute.
Hari horretatik tiraka, udalean gazteriari lotutako diagnostiko bat egiten ari direla esplikatu du Sagarduik: “Herriko kuadrillek hartu dute parte; askotariko galderak egin dira, diagnostiko orokor bat delako, eta emaitzak oraindik ez dira publiko egin, baina badakigu hainbat aldiz atera dela gaztetxe baten beharra, eta horrek ere bultzatu gaitu dinamika martxan jartzera”.
Udalean, aldaketa
Gaztetxea lortzeko bidean, aurreko okupazio saiakeretan ez bezala, bestelako bide bat jorratzen ari dira oraingoan, Sagarduiren esanetan. Azpimarratu duenez, 40 urteren ostean, aldaketa izan da udaleko gobernuan, eta uste du, lau taldek osatutako koalizio gobernu berriarekin —EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos-Equo—, udalarekin nolabaiteko akordio batera hel daitezkeela beren helburua lortzeko. Negoziatzen hastea da euren asmoa. “Galdakaoko Udaletik beti jarri izan dizkigute traba eta arazo asko. Oraingoan ez dakigu zer gertatuko den, baina aukerak daudela uste dugu, eta baliteke udalarekin batera erantzun partekatu bat topatzea gazteok dugun behar honi”, adierazi du. “Hitz egiteko prestutasuna azaldu dute; ikusi beharko da noraino heltzen garen edo zer eskaini ahal diguten”.
Izan ere, Sagarduik nabarmendu du martxan jarri nahi duten proiektuak “iraganeko esperientzietatik” edan duen arren, Gaztetxea Pizten taldean aurreko okupazio ariketak ezagutu ez dituzten gazte asko daudela, baina Galdakaoko gazteriaren zati baten imajinario kolektiboan aurreko horiek utzitako ekarpen positiboak daudela deritzo.
Horregatik, azaldu du Gaztetxea Pizten taldeak eskaera zehatz bat egiten diola Galdakaoko Udalari: parte hartzea sustatzea. “Gaztetxea izango den gune horren inguruan erabakiak hartzeko prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea eskatzen diogu. Ez dugu besterik gabe toki publiko baten giltzak ematerik nahi. Guztion artean, herriko gazteekin eta baita haien ekarpenarekin ere, etorkizuneko gune horren nondik norakoak zehaztu nahi ditugu”.