Peru Azpillaga Diez
Eguraldi txarra egin bazuen ere, martitzenean abiatu zen Bizkaian hondartza denboraldia. Aurten, iaz bezala, osasun neurriek baldintzatuko dute: jende kopuru mugatua, maskararen erabilera, eguzkia hartzeko debekua… Asko izango dira bainua hartzera joatekotan kontuan hartu beharko diren faktoreak. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako neurri orokorrez gain, udalek neurri propioak ezartzeko aukera izango dute, hala erabakiz gero. “Iaz bezala, ziurgabetasunez betetako denboraldia izango da. Baina aurten badakigu zeren aurrean gauden eta zelan kudeatu behar dugun”, esan du Amaia Antxustegi Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Iaz koordinazioak “ondo” funtzionatu zuela uste du, eta aurten eredu bera aplikatuko dute.
Jende pilaketak saihestea izango da udako helburu nagusietako bat. Horretarako, diputazioak martxan ipini ditu berriro hondartza bakoitzaren egoeraren eta bertan ezartzen diren neurrien berri emateko iaz sortutako webgunea eta BizkaiUp aplikazioa. Horiei esker, herrialdeko hondartza bakoitzean une oro zenbat jende dagoen jakin ahal izango da; baita hondartza bakoitzari lotutako neurri zehatzak zein diren ere: esate baterako, aparkalekuen itxiera edo hondartza dinamikoa edo estatikoa den —hau da, eguzkia hartzea debekatua dagoen ala ez—.
Horrez gain, iaz estreinatutako anbar koloreko bandera itzuli da hondartzetara. Hura jasota dagoenean, bisitariak jakingo du hondartza ia beteta dagoela eta ezin dela jende gehiagorik sartu; era berean, hondartzan daudenei jakinaraziko diete modu ordenatuan irteten hasi behar direla, beste batzuentzat lekua egiteko. Bandera jasotzeaz gain, megafonia bidez ohartaraziko dituzte erabiltzaileak. Hondartzainak eta sorosleak udalekin harremanetan egongo dira edukiera gehieneko uneetan ezarri beharreko neurriak zehazteko; horrelakoetan, udaltzainek eta ertzainek jardungo dute, haiek dutelako osasun agintariek ezarritako araudia betearazteko ardura.
Aurten, guztira, uretako 152 soroslek eta beste hogei langilek —koordinatzaileak, logistikako langileak, patroiak eta laguntzaileak— egingo dute lan Bizkaiko hondartzetan. Egunero lanean egongo dira sei koordinatzaile eta 88 sorosle, 24 sorospen postutan banatuta. Hondartzainen zerbitzuan, berriz, 30 lagun egongo dira lanean. Guztiek 11:00etatik 20:00etara emango dute zerbitzua, irailaren 30a arte.
Koronabirusaren hedapena eragozteko, dutxak itxita egongo dira, gel hidroalkoholikoa hartzeko aukera egongo da hondartzen sarreretan eta panel informatiboak ere izango dira.
Derrigorrezkoa izango da maskara janztea hondartzetan, igerilekuetan eta bainatzea baimenduta dagoen eremuetan. Bainatzeko eta norbere toallan egoteko, ordea, ez; halere, maskara kendu nahi izanez gero, toalla gainean daudenek segurtasun distantzia gorde beharko dute.
Hondartza denontzat bainatzeko laguntza zerbitzua martxan egongo da aurten ere, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, elbarriak itsasoan sartu ahal izateko. Muskizko Arenan, Getxoko Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan eskainiko da zerbitzua, 11:15etik 18:45era.