Ezkutuan egon dena, argitara

Porpoloma meotephrum. Izen hori dauka Durangaldeko Errotari mikologia elkarteak aurkitu duen perretxiko berriak. Orain arte ezagutzen ez zen espezie bat da. Iurreta eta Garai arteko baso batean topo egin zuen aurrenekoz harekin Sabino Arauzo mikologo durangarrak.

Elkarteko presidente Placido Iglesiasen esanetan, ez da perretxiko berezia, nahiko arrunta da itxuraz. “Zurixka da, argia, xafladuna, eta oina dauka. Printzipioz, espezie normal bat dela esan daiteke”, esan du. Antzekorik munduan ez dela aurkitu edo, behintzat, aurkikuntzaren berri ez dela inon argitara eman baieztatu ondoren, elkartearen aldizkarian eman dute haren berri mundu osoarentzat. “Nazioarteko mikologia aldizkaria da gurea, eta hemen argitaratzearekin nahikoa da aurkikuntza onartua izateko. Hori izaten da bidea. Mundu osoko mikologoek dute hori irakurtzeko aukera, eta espezie hori ez dela berria uste duen norbait badago, hark frogatu behar du ez dela hala”.

Izan ere, eurek zehatz-mehatz jarraitu dute badela frogatzeko jarraibidea. “Arauzok aurkitu zuenean, aztertu, eta ohartu zen aurretik ezagutzen zituenekin alderatuz ezbedina dela; bai ezaugarri mikroskopikoei erreparatuz, bai makroskopikoei dagokienez”. Horregatik egin zuen ikerketa sakonagoa. Besteak beste, perretxiku berri honi DNA probak egin dizkio, ezagutzen diren espezieen DNArekin bat ez datorrela baieztatzeko. Mycobank izeneko datu basean sartuta daude mundu osoan aurkitu diren perretxikoen datuak; hala, hor bilaketa eginez aurkitzen dute mikologoek aurretik ezaugarri horiek dituen besterik egon den. Kasu honetan Arauzok ez du ezer aurkitu; beraz, hark Durangaldean bildutakoa da aurreneko alea.

Iglesiasek dio posible dela norbait agertzea esanez espezie hori aspaldi aurkitu zuela. “Oso ondo, baina ez duzu argitaratu inon; beraz, horrek ez du batere baliorik”. Nolabait esateko, mikologia aldizkari batean argitaratzea da espezie berri bat patentatzeko modua. Eta Errotarikoak ziur daude ez dela ezer agertu inon. “Bibliografia zabala berrikusi behar izan dugu. Zalantzarik gabe Afrika eta Asia aldean egin diren aurkikuntzak ezagutzea izaten da”, aitortu du.

Esperientziadunak

Prozedura ondo ezagutzen dute. Izan ere, azken hiru urteetan argitara eman duten laugarren aurkikuntza da honako hau, eta esku artean badituzte beste bizpahiru ikerketa. “Urte osoan ibiltzen gara batetik bestera, eta beti agertzen dira perretxiko berriak. Taldean bospasei mikologo gara, eta ia urtero topo egiten dugu espezie berriren batekin. Beste kontu bat da berria dela baieztatu eta argitaratu ahal izatea. Prozesua luzea da oso”. Adibidez, kasu honetan bigarren urtez ere erne arte itxaron behar izan zuten datu gehiago izan ahal izateko.

Basoak berak ez dauka aparteko ezaugarririk. Askotariko arbolak ditu, baina bereziki haritzek eta pinuek betetzen dute lursaila. Iglesiasek dio posible dela Bizkaian antzeko habitata duen beste basoren batean ere erne izana halakorik, baina arraroa iruditzen zaio: “Gu inguru guztietatik ibiltzen gara, eta erne izan balitz, ikusiko genuke”.

Errotariko kideek ez dakite espezie hau jangarria den edo ez. Baina ez die askorik leba. Haiek ez dute helburu horrekin bilatu. Iglesiasek azaldu du analisi bidez jakitea ez dela posible: “Jendeak aspalditik jaten duelako dakigu espezie bat jangarria dela. Ostera, pozoitsua dela dakigu, norbait pozoitu delako. Ez dago beste modurik”. Hala ere, espezie jangarriak, jan ohi direnak, handiak eta haragitsuak izaten direla esan du, eta honek ez duela ia okelarik. Beraz, ez du uste inork jango duenik. Gainera, jangarritzat hartzeko han eta hemen erne behar da; alegia, jendeak bildu eta jateko aukera izan behar du. Perretxiko espezie berri hau, ordea, gaur-gaurkoz Garai eta Iurreta arteko baso honetan baino ez da agertu.