Ibai Maruri Bilbao
Ondarroa, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Plentzia, Getxo, Santurtzi… Portuetan eta itsasbazterrean ohikoa da kaioak hegan ikustea eta entzutea. Arrantzarekin eta itsasoarekin lotutako irudi bukolikoaren parte dira askorentzat. Arrantzaleei eurei ere etxeratzen ari direla ohartarazten die kaioen karrankak. Baina kostaldeko herrietan ez dira gutxi sortzen dituzten arazoak. Horregatik, azken urteetan, udaberrian, hegazti horien populazioa kontrolatzeko kanpainak egiten dituzte udalek. Hein handi batean, herritarren kexak ugaritu direlako hasi dira horretan.
“Kaioen eta herritarren arteko bizikidetzak arazoak sortzen ditu. Batez ere, gero eta oldarkorragoak direlako herritarrekin eta beste animalia batzuekin”, esan du Getxoko Ingurumen zinegotzi Joseba Arregik. Urteko sasoi honetan, kumeak elikatzeko janari falta izaten dute kaioek, eta edozein animaliak balio die horretarako. Neurri batean, hirietan eta herrietan dauden beste izurriteei aurre egiteko lagungarriak izan daitezke: ohikoa izaten da arratoiak eta usoak hiltzen ikustea, eta noiz edo noiz kaleko katakumeei ere egiten diete eraso.
Teilatuetan eragiten dituzten kalteak ere aipatu ditu zinegotziak. Hain zuzen ere, urteko sasoi honetan, habiak egin eta arrautzak erruten dituzte: teilatuko hodiak zarratzen dituzte, teilatua hondatzen dute, eta dena gorotzez beretzen dute. Horrez gain, Getxoko zinegotziak esan du herritar askoren kexak jaso ohi dituztela egunsentia baino lehenago karrankaka hasi eta sortzen duten zaratagatik. Iaz udal langileek 22 habiatan zeuden 48 arrautza kendu zituzten. Ez zuten kumerik topatu. Helburua argia da: hirigunean egiten diren habietan kaiorik ez jaiotzea eta egun dagoen populazioa gehiago ez haztea.
Epeei begira
Santurtzin hirugarren urtea dute aurtengoa. Aurreko bietan emaitza onak lortu dituztela esan du udalak, eta hasi dira ondorioak nabaritzen. Iazko kanpainan 47 habia eta 111 arrautza erretiratu zituzten udal beharginek. Aurten, maiatzean eta ekainean arituko dira horretan. “Teknikarik praktikoena delako erabiltzen dugu hori”, azaldu du Santurtziko Obra eta Zerbitzu zinegotzi Alvaro Arestik: “Ez die batere kalterik eragiten kaioei, populazioa erraz kontrolatzen laguntzen du, zarata eragozten du, eta kumeak jaiotakoan egin ohi dituzten erasoak ere eragozten ditu”. Kentzen diren arrautzetan enbrioia oraindik garatu gabe egoten dela azpimarratu du. Arrautza horiek zaborretara botatzen dituzte gero.
Maiatz hasieran abiatu ohi dira kanpainak, eta ekainera edo uztailera arte ibiltzen dira. Herritarren laguntzari esker, udalek kaioen errolda osatzen dute. Hori da lehen pausoa. Bukatutakoan, hamar egunez itxaroten dute habiak kentzen hasteko. Kendu eta hilabetera, berriro itzuli behar izaten dute habia egon den lekura, hegaztien %70ek berriro arrautzak ipintzen dituztelako. Era berean, habia hutsik topatzen dutenetan, ez dute habia kentzen. Izan ere, kenduko balute, biharamunean habia berria egingo lukete kaioek. Habia hutsik topatzen dutenean, bada, hogei egunen buruan itzultzen dira, arrautzak ipini diren ikustera. Kaio eme bakoitzak bi edo hiru arrautza erruten ditu, eta 25-33 egun bitartean txitatzen ditu. Beharginek txitak topatzen badituzte, hartu eta Bizkaiko Basafauna Berreskuratzeko Zentrora eramango dituzte, Gorlizera. Halere, helburua kaiorik ez jaiotzea da; beraz, ahalegintzen dira lehenago topatu eta arrautzak kentzen.
Hankahoria (Larus michahellis) da Bizkaiko kostaldean dagoen kaio espezie ugariena. Batez ere, itsasertzean egoten da, baina udalerrien barrualdeko zelaietara ere joaten da, elikatzeko. Itsaslabarretan egin izan du habia. Azken bi hamarkadetan, kaio hankahoriaren populazioa nabarmen handitu da kostaldeko hiriguneetan; besteak beste, elikagaiak lortzea errazagoa zaielako eta habiak babestuago dauden inguruneak direlako.