Mahasti loratuak, batzeko zain

Berrehun mila kilo. Kopuru hori da Morgako Talleri upategikoek datorren denboraldiari begira ekoitzi gura dutena. Alegia, egunotan mahatsa batzeari ekin eta iaz bildutako zenbatekoa —120.000 kilo inguru— areagotzea izango da aurrerantzean haien beharra.

Aurreko urteekin alderatuz, mahastiak lehenago loratu dira aurton; izan ere, 2012ko udaberria lehorra eta eguzkitsua izan da. Horren ondorioz, mahats-batzeagaz ere ohi baino goizago hasiko dira, beste hainbaten artean, Talleri upategiko ekoizleak. Egunotan hasiko dira behar horretan horiek, mahatsaren heldutasuna aztertu ostean. Bizkaiko mahastiak, oro har, bor-borrean dabiltza. Posible da, hala ere, lehorteak eraginda mahats ale horietatik muztio gutxiago ateratzea. Kalitatea, baina, primerakoa izango dela pentsatzen dute txakolin ekoizle guztiek.

Talleriko kide diren ekoizleak lehenengo mune mahatsa batzen hasiko dira, eta, ostean, hondarrabi motako mahatsa batzeari ekingo diote. Izan ere, mahats mota bakoitzak bere berezitasunak eta bere denbora behar izaten du heldutasun puntu egokira iritsi ahal izateko.

Morgako upategiko ekoizle eta idazkari Agustin Olazabalagak azaldu legez, uda oso irregularra izan da igarotakoa: orain euria, orain eguzkia. Baina, batez ere, aro lehorra eta beroa. Oro har, udaberri eta uda ona izan da Euskal Herriko enologoentzat. Horregatik, uzta ona izatea espero dute. Eguraldiak zerikusi handia du ekoizpenean, Olazabalagak aipatu legez. “Euria egiten duenean, eguzkia ateratzea nahi izaten dugu, bestela fruitua ez delako behar bezala heltzen. Eta eguzkia dagoenean, ostera, euria gura izaten dugu, bestela muztio gutxi ematen duelako mahatsak. Beti gura dugu ez daukaguna, inoiz ez gara konforme egoten”.

Iazkoa ere halakoxea izan zen, Olazabalagaren gogoratu duenez; bai kalitate aldetik eta baita kantitate aldetik ere. “Urterik aberatsena” bezala deskribatu du iazkoa. Dena den, egoera sozio-ekonomikoaren ilunak ezinegona eragiten du, ez baitago argi zer gerta daitekeen.

2011ko urrian hasi ziren mahatsa landatzen Tallerin,baina inaugurazio ofiziala aurten egin dute. Baikor agertu da Olazabalaga bera urte honetako bilakaera ikusita. “Merkatura atera garen lehen urtea izan da, eta balorazio positiboa egiten dugu; izan ere, jendeak gustura hartu du gure produktua. Gainera, egoera eta marka berri bat dela kontuan hartuta, salmenta bikainak izan ditugula esan dezakegu”, azaldu du upategiko ekoizleak.

Kalitate onekoa

Aurten batutakoa esportatzea da upategiko ekoizleen asmoa. Izan ere, “ez dago ia merkaturik hemen”. Upategi eta txakolin marka asko dago; euren artean banatuta daukate Euskal Herriko salerosketa. Hala, etxeko merkatuak gehiagorako ematen ez duela iritzita, irtenbidea kanpoan saltzen saiatzea dela uste izan dute, eta horretan saiatuko dira.

Aurtengo txakolin eta ardoak kalitate onekoak izatea espero dute. Dena den, datozen aste bietako egoera nolakoa den ikusi beharko dute; ea mahatsen heldutasunak nola bukatzen duen. Aipatu bezala, urtebete inguru darama Morgako Talleri upategiak martxan. Bakoitzak bere upategia izatea ez zela errentagarria ikusirik, Busturialdeko eta Txorierriko hamasei txakolin ekoizle elkartu eta Morgan eraikitako Bizkaiko txakolindegi handiena da. Gutxi gora-behera, 22,5 hektarea inguru ditu han eta hemen banatuta, eta elkarrekin Morgako upategietan, sei ardo mota ekoizten dituzte. Urtebete honetan dagoeneko lan onaren uzta jasotzen hasi dira: sari bi jaso dituzte. Hain zuzen ere, Vienan (Austria) eta Muskizen jaso dituzte aipatu sariak, txakolin zuriagaz eta ardo gorriagaz, hurrenez hurren.

“Oso garrantzitsuak” dira aipatutako bi sariak, Olazabalagaren ustez. “Ospe handia ematen diote egindako lanari. Kanpoan ezagutzera emateko aukera aparta emango digu”, nabarmendu du. Hori dela eta, “oso pozik” agertu dira ekoizleak jasotako sarien aurrean. Gaur egun, berton ez ezik, atzerrian sari bat irabaztea oso garrantzitsua dela dio. Hala,Olazabalagak dioenez, produktua esportatzerako orduan, jasotako sari horien berri eman diezaiekezu balizko ekoizle berriei. Bestalde, bertoko azoka batean irabaztea ere oso garrantzitsua dela deritzo.