Natalia Salazar Orbe
Aurten ere ezinezkoa izango da jende multzo handiek Bizkaiko ikastolen festa elkarrekin ospatzea. Hala ere, 2021 honetako Ibilaldia antolatzen duten Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek maiatzaren 30eko jaialdirako lau gune eta hamaika ekitaldi prestatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, Ibilaldia.eus-en.
Ikasturte osoan herriz herri egin dituzten ekitaldiei amaiera emango diete Sopelan ospatuko duten Ibilaldian elkartuta. Bihar izango dute ikasturte osora zabaldu dituzten ekitaldi horietako bat: Irrintzi Deiadarra. Zortzi kilometro eta erdiko katea osatuko dute Betiko eta Ander Deuna ikastolen artean. Irrintzi deiadarrak eta bakoitzak nahi duen emozioen adierazpenak egingo dituzte jarduerarako izena eman dutenek.
Hilaren 30eko Bizkaiko ikastolen festan ez da egongo ibilbiderik, janari eta edari zerbitzurik edota kontzertu erraldoirik. Datorren astean Sopelara joango direnek aukeratu egin beharko dute gune eta ordutegi jakin bat, eta ezingo dira ibili gune batetik bestera.
Heldu eta umeentzat
Ikasturtean zehar Ibilaldiari lotuta egin diren jardueratan saiatu dira adin guztietako herritarrek parte hartzeko modukoak izan zitezen. Jaialdiaren egunerako antolatu dituztenak, familian, helduak eta umeak elkarrekin aritzeko pentsatutakoak dira.
Kalakalata! leloak irudikatzen du aurtengo Ibilaldiaren mezua. Antolatzaileek eurek azaldu duten bezala, berba horrek “hezur-mamiraino heltzen den bustitzea adierazten du, barru-barruraino hartzen duena, batzuetan deseroso ere sentiarazten gaituena”. Halaber, “konpromiso sakona” ere adierazi nahi dute, besteak beste, “Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko”. Ibilaldiaren logotipoak ere goitik behera blai eginda ageri den pertsona bat irudikatzen du; antolatzaileek azaldu dute “ekimena eta bizitasuna adierazi gura duen irudia” dela.
Helburu zehatzak ditu aurtengo jaialdiak. Ander Deuna eta Betiko ikastoletan dituzten eraikinak berritu eta egokitzeko lanekin jarraitzea da horietako bat. Jaiotze tasaren beherakadari aurre egiteko baliabideak ere eskuratu nahi dituzte, eta proiektu pedagogikoa ezagutarazi. Ikastola eredua indartu, eta ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeen arteko harremanetan ere sakondu nahi dute.