Senide bat larri gaixo egotea oso egoera latza da, eta gaixotasun horri aurre egiteko tratamendua Euskal Herritik kanpo eta ospitale pribatu batean hartu beharrak izugarrizko kostu ekonomikoa gehitzen dio. Unax Cañibanoren familiak ongi ezagutzen du egoera hori. Bihotzeko gaitz batekin jaio zen gaur egun zortzi urte dituen gaztetxoa. Bostongo (AEB) Children’s Hospitalera eraman behar izan dute ebakuntza arriskutsu bat egiteko. Gastuei aurre egiteko, hainbat jarduera antolatu behar izan dituzte, Aitor Cañibano (Bilbo, 1974) Unaxen osabak azaldu duenez.
Ebakuntzaren ostean, zer moduz dago Unax?
Dena ondo atera da, eta orain zain gaude. Une honetan, ebakuntza osteko prozesuan dago. Oso lasai egon behar du.
Zer ekarri dio egunerokotasunean bihotzeko gaitz horrek?
Jaio eta lehenengo urtebete eta erdia ospitalean eman zuen. Arnasa hartzeko arazo handiak ditu, eguna oso nekatuta bukatzen du, ezin du inolako kirolik egin. Ikastetxean ere laguntzaile batekin egon behar du. Azken finean, ezinezkoa du bizitza normala egitea. Beti egon behar du norbaitek harekin. Jateko orduan ere arazoak ditu.
Zergatik jo zenuten Bostonera?
Gurutzetan ibili ginen hasieran. Geroago, Madrilgo La Paz ospitalera joan ginen, baita Parisera ere. Arazoa zen Bostonen egin dioten ebakuntza egiterik ez zutela hemengo zirujauek. Hara joan behar genuen ezinbestean.
Jaio zen unean bertan medikuek esan ziguten oso bizitza laburra izango zuela: gehienez, hiru urte. Baina gu beti ibili gara beste aukera batzuk bilatzen, batarekin eta bestearekin hitz egiten… Eta ospitale honetan era honetako ebakuntzak eginak zituztela jakin genuen.
Ebakuntza ondo atera da. Eta orain zer?
Ebakuntza osteko eta suspertzeko tarte gogorra dauka aurretik orain. Bi hilabete inguru egin behar ditu han, indarberritzeko. Hona datorrenean, esan digutenez, ondo egongo da; azterketa medikoak besterik ez ditu egin beharko, aldiro, Gurutzetan. Badirudi, baina, bizitza normal antzekoa egin ahal izango duela.
Zer dakarkio era horretako prozesu batek familiari?
Unaxen egoerari dagokionez, guretzat oso gogorra izan da. Zortzi urtean, oso gauza gutxi egiteko aukera izan du, beti egon behar izan dugu harekin, hura zaintzen… Horrez gain, bagenekien egun bakoitza haren azken eguna izan zitekeela. Oso gogorra izan da. Egunero eta une oro haren gainean egon behar izan dugu; batez ere, aitak. Beste gauzak alde batera utzi behar izan ditu sarri, lana barne.
Bostonera joateko dirua ateratzeko prozesuari dagokionez ere, zaila izan da. Mundu osoari kontatu behar izan diogu aukera hau zegoela baina ez geneukala dirurik ezta diru hori lortzeko aukerarik ere. Gero, jendearen erantzuna izugarria izan dela ikustea oso polita izan da. Ahalegin oso handia egin behar izan dugu.
Lana alde batera utzi behar izatea, nekea, desgastea… Zelan egiten zaio aurre guzti horri?
Anaiak nirekin lan egiten du, eta Unax jaio zenetik bolada luzeak egin ditu lanik egin gabe. Izan ere, umeak krisialdiak izan dituenean, harekin egon behar izan du ospitalean. Sendagaiak eta bestelakoak ere oso garestiak izan dira. Azkenean, etxea saldu egin behar izan zuen prozesu hau guztia ordaintzeko. Azken ebakuntzaz gain, gauza asko egon dira, eta oso gogorra izan da honaino iristea. Gainera, Unax gaizki zegoela ikusita, oso gogorra izan da.
Eta Unaxentzat berarentzat?
Harentzat ere bai. Oso gogorra zitzaion beste umeak futbolean ikustea, oso gauza arruntak egiten. Eta hark ezin zuen horrelakorik egin. Bestalde, oso ume alaia da, beti dago barrezka.
Esan bezala, izugarrizko mobilizazio soziala lortu duzue. Era horretako mobilizaziorik ezean, zer geratzen zaio zuen moduko familia bati prozesu horri aurre egiteko?
Beharbada, bost edo hamar urte lehenago beste egoera batean egongo ginateke, eta bankuen aldetik maileguak lortzea ere errazagoa zen. Gaur egun, ordea, oso zaila izan da dirua lortzea. Mugimendu honi lagunekin eta familiarekin ekin genion. Laguntza hau guztia izan ezean, ordea, ezinezkoa izango zitzaigun.
Eta ebakuntza hori Euskal Herrian edo Madrilen egitera ausartzeak arrisku asko zituen, operazio horretarako nahikoa esperientziarik ez daukatelako. Antzeko kasu batzuk egon dira, baina oso gaizki atera dira. Ez geneukan beste aukerarik.
Familia asko egongo dira gaixotasun larrien kasuekin. Zelan bidera dezakete lana zuek heldu zareten lekuraino iristeko?
Guk beti izan dugu argi kanpaina sozialari aurpegi bat eta izen bat ipini behar genizkiola. Mugimendu orokorrak zailak dira jendeak parte har dezan, eta izena eta aurpegia jarrita errazagoa da arazo bat ulertzea. Bestalde, hamabost pertsonak osatutako batzorde antzeko bat hasi ginen lanean, eta lan guztiak hainbat arlotan banatu genituen. Lagunak dira guztiak, baina ondo prestatutakoak ere bai.
Azkenik, gauzak ondo egin baditugu ere, oso zorte handia izan dugu. Une egokian hor ari ginen gu zerbait egiten.
Ekitaldiz betetako agenda bat daukazue aurretik. Zelan doa gastuen ordainketa?
Ebakuntzak bi atal ditu: ebakuntza bera —90.000 euro— eta ebakuntza ostekoa. Azken hori ezin dugu kalkulatu, behar duen denboraren araberakoa baita. 150.000 eta 200.000 arteko kopurua izango da. Uste dugu nahiko ondo ibiliko garela guztia ordaintzeko. Oraingoz, oso ondo doa prozesu guztia. Enkante bat zabalik dago interneten, E-bay webgunean. Beste astebete edo astebete eta erdiz egongo da zabalik. Gure web orritik —unaxdecorazon.com—, Facebooketik eta Twitterretik sar daiteke enkantera. Pertsona ospetsu ugarik emandako 50 artikulu inguru daude enkantean.
Zeintzuk dira hurrengo jarduerak?
Urriaren 17an, jai solidario bat egingo dugu Artaza jauregian, Leioan. Sukaldari ospetsuak egongo dira bertan: Martin Berasategi, Eneko Atxa eta Fernando Canales, besteak beste. Afari berezia izango da, musika zuzenean, DJak, ezustekoak… Enkantea eta jai hau eginda, behar dugun dirua lortuko dugula espero dugu. Eta, urriaren 27an, azken festa bat egingo dugu Leioa herriari eta lagundu diguten guztiei eskerrak emateko, Txomin Aresti ikastetxean. Espero dugu ordurako Unax hemen egotea eta bere ongietorri festa izatea.