Erriberako merkatutik, hornidura polo izatera

Erriberako merkatutik, hornidura polo izatera

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Erriberako udal merkatuko beherengo solairuan egoten ziren arrain saltzaile handizkarien postuak; besteak beste, Jose Crespo SA handizkari enpresako ugazaba, Alma Cresporen aita Jose Crespo. Inguruko Erronda, Goienkale eta Artekale kaleetan, berriz, fruta eta bazkarien alorrekoen eta bestelakoen biltegiak; tartean, Ortiz Ciges SL enpresako Ruperto Ortiz Ciges eta bere anaia. “Francisco Francoren erregimenak handizkarien merkatuak sortzea erabaki zuen: lehena Salamancakoa izan zen [Gaztela eta Leon, Espainia] eta ondoren etorri ziren gainontzekoak; besteak beste, Bilbokoa. Zazpikaleetan geunden handizkari guztiok Basaurin eraikitako azpiegitura berrira joatera behartu gintuzten”. Astelehenean, maiatzaren 10ean, 50 urte bete ziren MercaBilbo inauguratu zela.

Ortizek aitortu du ez zitzaiela aldaketa gustatu: “Bilboko biltegia gurea zen, ordaindua genuen. Basaurin, berriz, tarifa bat ordaindu behar genuen: lokalaren alokairuagatik eta zerbitzuaren gastuengatik. Hasieran esan ziguten laster amortizatuko zirela inbertsioak, eta tarifa jaitsiko zela, baina ez zen halakorik gertatu”. Crespo garai hartan ez zegoen aitarekin beharrean, baina ez du gogoan aitak kexarik izan zuenik. Berak uste du arrain saltzaileentzat, behintzat, hoberako aldaketa izan zela: “Erriberan zegoena baino leku gehiago eta hobea dugu Basaurin”.

MercaBilbaoko zuzendari nagusi Aitor Argoteren esanetan, saihetsezina izan zen aldaketa, handizkariak Zazpikaleetan egoteak eragiten zuen kamioien joan-etorria jasangaitza zelako auzoarentzat. Esaterako, beren saltokietarako erostera joaten ziren Bizkaiko merkatariena. Basauriko merkataritza eremuak hamahiru hektarea baino gehiago ditu, 71 handizkari enpresak egiten dute han lan, eta egunero 3.000 ibilgailutik gora joaten dira, hura hornitzera eta ondoren handik elikagaiak banatzera. Mugimendu gehiegi Bilboren bihotzerako. Horrez gainera, beste onura bat ikusi dio MercaBilbaoren sorrerari: “Merkatu hori prezioaren arautzaile bihurtu zen, gardentasuna eta lehia errazteko”.

Argoteren esanetan, Iberiar penintsularen iparraldeko jaki biltegia da MercaBilbao. Euskal Herritik kanpo ere badituzte bezeroak: Kantabria, Asturias, Errioxa, Burgosko zati bat, Valladolid iparraldea aipatu ditu Espainian; baita Frantzia hego-mendebaldea ere. 258 mila tona merkaturatu zituzten 2020an, eta hamabi milioi tona, berriz, 50 urteotan.

MerkaBilbao

Produktua baino gehiago

Sorreratik asko aldatu da funtzionamendua.”Lehen, enpresa operadoreek beraien lokaletik saltzen zituzten produktuen mugimendua kudeatzen zuten. Ez ziren existitzen, orain bezala, banaketa kate handiak. Genero guztia MercaBilbaotik sartzen zen Bizkaira, hemendik dendetan banatzeko. Gaur egun, enpresek bezeroak bilatu behar dituzte, barruan eta kanpoan, eta beste zerbitzu mota bat eskaini behar dute, produktuez harago”. Esan du produktuei balio erantsia ematen dieten zerbitzuak eskaintzen direla gaur egun. Esaterako, produktu ontziratuak, zurituak, zatituak edo, arrainen kasuan, garbituak saltzen dira. “Leku txikia dugulako, bestela ziurrenik gurean janari prestatuen enpresak ere izango genituzke”.

Crespok eta Ortizek, biek azpimarratu dute euren bezeroak asko aldatu direla. “Lehen familia janari dendetakoak etortzen ziren gurera. Denda horietan, belaunaldi aldaketarik ez da egon, eta desagertu ez direnak edo sortu diren berriak migratzaileek kudeatzen dituzte gaur egun”, azaldu du Crespok. “Fruta dendei begiratuz gero, nabarmena da”, gehitu du Ortizek. Haren esanetan, eurei fruta eta barazkiak hornitzen dizkieten ekoizleen artean ere igarri dute aldea: “Garai batean familia ustiategiak izaten ziren. Orain, elkartuz joan dira, kooperatibetan biltzen edo enpresa handiak sortzen”.

Fruta eta barazkien alorrean, hornitzaile gehien-gehienak Bizkaitik kanpokoak dira. “Betidanik Mediterraneo aldetik eta penintsula hegoaldetik ekarri izan dira”, esan du Ortizek. Argotek eman du datua: tokiko produktuak MercaBilbaotik merkaturatutakoaren %0,1 dira, frutari eta barazkiei dagokienez. “Edonola ere, Bizkaiko biztanle guztiok tokiko produktuak kontsumituko bagenitu, herrialdeko ekoizpena ez litzateke nahikoa izango gu hornitzeko, ez dugulako ekoizpen eremu handirik”. Arrainen kasuan, freskoaren jatorri nagusia Bizkaiko portuak dira; ondoren, Santanderko portutik [Kantabria, Espainia] eta Galiziakoetatik ekartzen dituzte.

MercaBilbao

Ohartarazi dute elikagaien saltoki handien lehia ere badutela gaur egun. “Gero eta handiagoa”, azpimarratu du Ortizek, gaur-gaurkoz negozioa ondo doakiela esan arren. Esaterako, iaz, fruta eta berduren salerosketan markak hautsi zituen MercaBilbaok, pandemiagatik. Arrainetan ere “oso urte ona” izan dutela aitortu du Crespok, nahiz eta Gabonetako kanpainarako berandu iritsi zen produktua: “Itxiera perimetralak direla eta, jendea auzoko arrandegian erostera itzuli da. Ezin izan da saltoki handietara joan. Beraz, horrek guri mesede egin digu. Dena den, hasi da lehengoratzen”. Denda txikien aldeko aldarria egin die erosleei: “Auzoan zenbat eta gutxiago kontsumitu, auzoko dendak ez ezik, handizkarion negozioak ere arriskuan egongo dira”.

Argoteren esanetan, gizartearen bilakaerari aurrea hartzeko gai izatea da gakoa: “Merkatu hobi berriak aurkituko ditugu, aurreko 50 urteetan egin den bezala. Elikagaien industriaren oinarrietako bat logistika dela ikusita, eta, Atlantikoko ardatzean produktua berriz bidaltzeko leku ezin hobean egonik, hazteko bidea egon badago”. Elikagaien Euskal Herriko “poloa” izan nahi du MercaBilbaok.

Zailtasunak zailtasun

Erronkak ez zaizkie inoiz falta izan. Aurretik ere une zailak gainditu dituzte. Ortizek, bereziki, 1983ko uriolak azpimarratu ditu: “Dena geratu zen urpean. Baina Bizkaiko Diputazioak San Mamesen zegoen erakustazoka utzi zigun, eta bizpahiru egunetan han geunden gure produktuak saltzen. Ez genion Bizkaia hornitzeari utzi”. Bilboko portuan izaten ziren grebak ere gogoratu ditu; kontatu du grebalariak MercaBilbaora joaten zirela euren hornitzaileei sarbidea galaraztera.

Lana, berez, ez dela zaila esan du Crespok. “Ordutegia da gogorra: 04:00etan esnatzen naiz ni”. 06:00etatik 12:00etara egiten dute salmenta han. Bezpera arratsaldean jasotzen dituzte produktuak, eta biharamunerako dena txukunduta uzten dute. Orain, teknologia berriei esker, errazagoa da salmenta. “Nik WhatsApp bidez erakusten dut produktua eta handik edo telefonoz jasotzen ditut enkarguak. Bezeroa datorrenerako, dena prest izaten dut, berak nahi duen eran”, esan du Crespok. Halere, Ortizek esan du oraindik bezeroei gustatzen zaiela produktua bertatik bertara ikustea, eta tratuan ibiltzea.

Cresporen negozioan Gabon aurrea izaten da lan gehien duten sasoia. Itsas denboraleek ere asko eragiten diote: “Arrantzaleak ez badira itsasoratzen, ez dago arrainik”. Ortizek urte osoan berdintsu saltzen du. “Hemen ez bada sasoia, munduaren beste puntan izango da. Gaur egun frutak eta barazkiak beti ditugu eskura. Ez dago hornidura arazorik”.

MercaBilbao