Ibai Maruri Bilbao
Joan den asteburuan eman zuen Osakidetzak azken kutsatzeen berri: hamar pertsona ospitaleratuta daude Q sukarrarekin, eta baliteke beste hemeretzi lagunek gaitza edukitzea. Guztiak Dimako Baltzolako koban egon dira birusaren inkubazio tartean; hau da, sintomak agertu baino hamalau edo 39 egun lehenago, tarte horretan. Lehen kasuak apirilean agertu zirela ere esan du.
“Hori ez da egia”, salatu du Iker Mediavilla eskalatzaileak. Aurten Baltzolako koban agertutako lehen Q sukar kasua da harena. “Gabonen bukaeran, urtarrilaren 10aren inguruan, Baltzolara joan nintzen txakurrekin. Txakurretako bat oso kuxkuxeroa da, eta, halako batean, ahuntz baten fetu abortatuarekin etorri zitzaidan. Kendu egin nion, eta berriz hartuko ez zuen lekura bota”. Orduan kutsatu zela uste du, medikuek hala esan diotelako. Urtarrilaren 21ean, ospitaleratu egin zuten, 40 graduko sukarra jaitsi ezinik ibili zelako aurreko egunetan. COVID-19a atzemateko probak egiten zizkioten, eta beti negatibo ematen zuen.
“Ospitaleko medikuak plakak atera zizkidan, eta ikusi zuten biriketako bat beltz nuela. Pneumonia nuen. Baina ez nion tratamentuari erantzuten. Egunetako batean, ez dakit zergatik, medikuari ahuntzaren fetuarena kontatu nion”. Medikua ohartu zen Q sukarra duten ahuntzek abortua izaten dutela, eta, hain zuzen ere, ume ondokoa oso kutsakorra dela, birusa zabaltzen duelako. “Antibiotikoa aldatu zidaten. Biharamunean, 37,5 graduko tenperatura izan nuen, eta, hurrengoan, 36,5ekoa. Berehala hasi nintzen osatzen”. Lau hilabete luze igaro diren arren, Mediavillak dio oraindik ez dagoela erabat ondo. Aurki egingo dizkiote proba gehiago, zelan dagoen ikusteko. “Inoiz ez naiz orduan bezain txarto sentitu. Hau ez da txantxetan hartzeko gaitza, serio hartzekoa baizik”. Serio hartzeko eskatu dio Jaurlaritzako Osasun Sailari ere, orain arte ez dutelakoan hala egin.
Mediavillaren ondoren, harekin Baltzolan eskalatzen ibili ohi diren beste batzuk ere gaixotu dira. “Osakidetzak ez zabaltzeko eskatu zigun, beldurrik ez sortzeko herritarren artean. Eta haiek ere ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu dute orain arte, Aste Santuan jendetza egun-pasa joan eta asko kutsatu diren arte”. Esan du Baltzolara sarri joaten diren eskalatzaileek Whatsapp taldea dutela, eta han eman izan dutela euren kutsatzeen berri. “Han ibili ohi garenok joateari utzi genion. Tarte bat igaro eta kasu gehiagorik egon ez zenean, berriz hasi ginen joaten. Ez zuten neurririk hartzen; beraz, arriskua igaro zela uste genuen”.
Orain, hainbeste kutsatu direla ikusita, Jaurlaritzako Osasun Sailak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak koba ixtea erabaki du. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak azaldu duenez, hesi elektrikoa ipini zuten joan den barikuan. Koba garbitu eta desinfektatuko dute ondoren. Diputazioak azaldu duenez, haitzuloa babesleku modura erabiltzen duten zazpi ahuntz talde identifikatu dituzte. Talde bakoitzean inkesta epidemiologikoa eta bi analisi serologiko egin dituzte, 21 eguneko tartean. Gaitzak jotakoak zeintzuk diren topatu arte, ahuntzak konfinatzeko agindu diete jabeei.
Geroko neurri eske
Hesi elektrikoarekin animaliak kobara sartzea eragotzi gura da. Ezer baino lehen, desinfektatzailea botako diote koban dagoen kakari, biltzerakoan hautsa sortu eta bakterioa airean zabaltzea eragozteko. Segidan, atera egingo dute, eta, ondoren, erre. Behin kaka guztia kenduta, kobazulo osoa desinfektatuko dute. Horretarako, animaliak gertu dauden lekuetarako produktu bat erabiliko dute; izan ere, kobazuloan fauna basatia bizi da. Era berean, neurriak hartuko dira produktua kobazulo barruan dagoen errekatxora ez isurtzeko.
Behin garbitutakoan, hesia kendu eta kobazuloa berriro zabalduko dute. Mediavillak uste du neurri gehiago hartu behar direla. “Koba hau mundu mailan da ezaguna, eskaladagatik. Toki guztietatik etortzen da jendea hona. Ez badute neurririk hartzen, hurrengo animalia gaixoa sartzen zaigunean arazo bera izango dugu berriro”. Animalien sarbidea galazariko duen zerbait nahi du, seguru eskalatu ahal izateko.